Elkano Browning Cream taldearen rhythm & blues nahiz rock doinuen eta bakarkako bidean lantzen ari den ildo intimistaren artean mugitzen da Mikel Azpiroz pianista (Donostia, 1971). Orain gutxi argitaratu du bigarren bide horretan egin duen azkeneko diskoa, Islak, urtarrileko hiru egun hotzetan Karlos Aranzegiren bateria eta perkusio hutsaren laguntzarekin grabatutako lan pausatua. Bihar du lehenengo aurkezpena Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean.
Gaua diskoarekin hasi eta Zuri-rekin jarraitutako bide intimistan sakontzen duzu Islak-en. Zer bilatzen duzu bide horrekin?
Elkano Browning Cream taldearekin jorratzen dut musika biziagoa, energia handiagokoa, baina nire sorkuntza beharrak eramaten nau beste bide batetik ere. Elkanorekin ezin dut bete alderdi intimistago hori, eta Gaua-rekin hasitako bide honek aukera hori ematen dit, musika intimista eta pausatuago bat egitekoa. Bakarrik jotzeak ematen dizu askatasun handi bat.
Hala ere, aurreko bi diskoekin alderatuta, Islak-en Karlos Aranzegiren bateriak eta perkusioak laguntzen dute zure pianoa zenbait piezatan.
Bai, bost abesti horiek eskatzen zidaten lotura erritmiko bat, eta horregatik sartu dut perkusio elementu hori, eta baita baxu bat ere, diskoan nik neuk sartu dudana sintetizadore analogiko batekin, kontrabaxu baten tankera hartzen duena. Zuzenean, berriz, Fernando Neiraren kontrabaxuak beteko du leku hori.
Elementu erritmiko horrek nola eragin du zure musikan?
Esango nuke eranskin oso sotila dela. Nik ideia asko ditut, eta batzuetan pentsatzen dut gustura grabatuko nituzkeela konposizio hauek orkestrazio handiago batekin; dela ganbera talde batekin, dela orkestra sinfoniko batekin. Amesten jartzeagatik! Bateria sartzea izan da kantuak janzteko modu bat, baina nentorren bidetik gehiegi desbideratu gabe. Kontzeptualki bide intimista eta barnerakoi horretatik segitu nahi nuelako, pianoa lehen planoan izanda. Bateria bat sartzeak eskatzen digu koordinazio lan bat. Bakar-bakarrik nagoenean, hamar hatzak kontrolatzen ditut, eta haiekin nahi dudan tokira joaten naiz. Beste norbaitekin jotzen duzunean, aldiz, negoziatu egin behar duzu, emaitza bion gustukoa izan dadin.
Bada diskoan pieza bat, Koro lo, bi eratara eman duzuna. Batean bateriarekin eta bestean piano hutsarekin.
Bai, eta hor ikusten da ezberdintasuna. Bi giro ezberdin dira, biak interesgarriak, baina ezberdinak.
Urtarrileko hiru egunetan grabatu zenuten diskoa. Prestakuntza lana egin zenuten aurretik edo inprobisazioari lekua utzi zenioten?
Oso bat-batekoa izan zen grabazioa. Musikari batekiko erabateko konfiantza izateak ahalbidetzen du hori. Grabatu baino hiruzpalau egun lehenago bidali nizkion kantuak Karlosi, piano hutsarekin jota, eta grabazio egunean elkartu eta jo genituen. Baina aurretik asko jo izan dugu elkarrekin, eta erraz lortzen dugu elkar ulertzea. Eta, aldi berean, niri ez zait gustatzen dena gehiegi lotzea, hori freskotasunaren kalterako izan daitekeelako. Bat-bateko magia bilatu nahi izaten dut.
Piezak azken urteetan idatzitakoak dira?
Beti ari naiz armairua pieza berriekin betetzen. Batzuek denbora gehiago behar dute gauzatzeko, eta beste batzuk azkarrago osatzen dira. Disko honetan badira urte batzuk dituzten piezak, Ekilibrista eta Koro lo, adibidez; eta badira grabatu baino hilabete gutxi batzuk lehenago idatzitakoak, Garai onak esaterako.
Ikusita nolako urtea izan den, Garai onak izeneko kantu bat idatziko zenuke orain?
[Barrez] Halaxe da. Gizakiok izaten ditugu une orekatu batzuk, ederrak, eta kantu horrek halako egoera bat ekartzen zidan gogora. Eta ikusita etorri dena, orain ere jarriko nioke izenburu hori, agian ikuspuntu nostalgiko batekin. Edo aurrera begirako begirada baikor batekin. Garai onak iritsiko direlako, besteak ere etorriko diren bezala.
Hitzaren laguntzarik gabe lan eginda, ideiekin, oroitzapenekin, sentimenduekin konposatzen duzu?
Musika instrumentala abstraktuagoa da beti, eta hala izatea gustatzen zait niri. Nik ez dut sorkuntza prozesua mugatzen, eta gustatzen zait sentsibilitate une berezietan lanean izatea. Batzuetan une horrek harrapatu egin behar zaitu. Inspirazio aldetik, bizipenak hitzik gabeko modu batean iristen zaizkidala uste. dut; ni ez naiz poeta bat, eta sorkuntza lan hori horrela kanalizatzen dut.
Eta zer garrantzi ematen diozu entzulearen pertzepzioari?
Saiatzen naiz sentimendu batzuk transmititzen hitzik gabeko modu batean. Modu batean edo bestean entzuleari zerbait transmititzea da, niretzat, garrantzitsua. Zentzu horretan, musika kantatutakoa baino zabalagoa da musika instrumentala.
Disko intimista da, barea, baina, inondik ere ez tristea.
Nik uste dut une alaiak dituela. Disko pausatua da, baina ez nuke esango lan malenkoniatsua edo tristea denik. Orain gogoratu naiz Paris Texas filmaren Ry Cooderren musikaz. Oso gaztetatik, disko horrek jartzen ninduen egoera emozional eta mental lasai batean, oso egoera partikular batean; eta piano disko hauekin alde horretara jo nahi dut. Entzulea norabaitera eramatea, mundu abstraktu eta imajinario batera.
Soinuak garrantzi handia du horretan?
Bai, disko honekin entzuleak gure ondoan dagoela sentitzea nahi nuen. Elkarren ondoan grabatu genuen Karlosek eta biok, oso mikro gutxirekin, espazialtasun hori lortu nahian. Horrek ematen dio naturaltasun ikaragarria. Nik badut joera hori nire diskoetan; teknologiak eskaintzen duen makillajeari uko egitekoa. Oso muinera joatea gustatzen zait, momentuko magia aurkitzea.
Nolakoa izan da urtea zuretzat?
Oso arraroa izan da, baina, zorionez, proiektu ezberdinetan ari naiz, asko estimatzen dudan jendearekin: Jabier Muguruza, Elena Setien, Travellin' Brothers... Ez da urte normala izan da, baina, zorionez, ez naiz geldi egon. Elkano Browning Creamen disko berria ere ia osorik grabatu dugu, eta datorren urtean argitaratu nahiko genuke.
Bihar Donostiako Viktoria Eugenian aurkeztuko duzu diskoa. Leku berezia da zuretzat?
Oso berezia. Kontzertu bikainak ikusi izan ditut hor, eta nik neuk ere jotzeko aukera izan dut. Steinway&Sons piano eder batekin joko dut, eta gainera, antzokiaren akustika baliatuta, mikrofonorik gabe ariko gara. Modu klasikoan, eta interferentziarik gabe.
Mikel Azpiroz. Musikaria
«Entzuleak gure ondoan dagoela sentitzea nahi nuen disko honekin»
'Gaua' diskoarekin hasi eta 'Zuri' lanarekin segitutako bide bare eta intimistan sakondu du Mikel Azpiroz pianistak 'Islak' disko berrian. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu du bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu