Durangoko 52. Azoka. Wikipedia

Entziklopedia ibiltari bat

Azkue fundazioa sortzaileen profilak osatzen dabil Durangon, euskarazko Wikipediarako

ETS taldeko kideak, atzo, Durangoko Azokan, Wikipediarako argazkia ateratzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskarazko Wikipedia osatzeko ehizaldi entziklopedikoa abiatu dute Azkue fundazioak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Durangoko Azokan. Ehunka sortzaile, kazetari eta eragile biltzen ditu Landako guneak azokak irauten duen bitartean, eta sortzaile dentsitate hori baliatu nahi izan dute oraingoan, sareko entziklopedian euskal kulturari buruz dagoen informazioa osatzeko eta aberasteko. Photocall bat jarri dute horregatik Areto Nagusiaren atzean eta Kabi@ gunearen alboan. Bertan argazkia ateratzera joateko deia egin diete azokara doazen euskal sortzaile guztiei. Egiten diren argazki guztiak zuzenean igoko dira Wikipedia Commonsera.

Photocall-era doazen sortzaileei harrera egiten aritu da egunotan Jon Martin, eta hark eman dizkie azalpenak ere. «Azkue fundazioaren helburua da Wikipediaren euskarazko eskaintza hobetzea eta aberastea». Sinplea da berez funtzionamendua. Pedal baten bidez argazkia ateratzen duen kamera bat topatuko dute sortzaileek gune horretan, eta atzean Azkueren eta Wikipediaren logotipoa dituen oihal batekin aterako dute argazkia. Irudi hori zuzenean igoko da sarera, eta edonork entziklopedian txertatzeko moduan geldituko dira gero.

Argazki libreak falta ditu Wikipediak, euskal sortzaileei buruzko profilak eguneratzeko. Eta datua ere eman dute. Euskal Herrian jaio diren eta bizirik dauden 672 idazleren datuak ditu entziklopediak egun, baina haietariko 266ren argazkiak baino ez dituzte, eta gaurkotu gabeak dira, gainera, haietako asko eta asko. Datua okerragoa da abeslari eta musika taldeen artean, ez baita ohikoa haien argazki askeak eskuratzea. Eta egoera antzekoa da bertsolariekin ere. Horregatik photocall-a.

Joan-etorri mordoa egin du photocall-era egunotan Ritxi Aizpuru Baga Biga disko etxeko kideak. Azokara diskoak aurkeztera joandako taldeak lagundu ditu haraino, eta azaldu du zergatik: «Hamar edo hamabi talde ekarriko ditugu egunotan. Nik uste dut euskal Wikipediari lagundu egin behar zaiola».

Wikipedia Eguna

Zerrenda osatzen dute orain arte egitasmoarekin bat egin duten sortzaileek. Argazkia ateratzen izan dira, esaterako, Iñigo Txapelpunk, Castillo Suarez, Lore Erriondo, Olatz Sarriegi, Hesian, Joxan Goikoetxea eta beste hainbat.

Baina photocall-arena ez da izango Durangoko Azokan sareko entziklopediarekin lotuta egingo den ekintza bakarra. Wikipedia Eguna ospatuko dute gaur Kabi@ gunean, esaterako. Liburuzainak proiektua aurkeztuko dute 11:00etan, eta Wikipedian aritzen ikasteko aukera emango diote gunean biltzen den jendeari. 11:30etik 14:00etarako tartean izango dira goizean, eta 16:00etatik 18:0etara izango dira arratsaldez. Entziklopediara edukiak igotzeko zer egin behar den azalduko dute han arduradunek, eta Wikipedia eta hezkuntza hitzaldia ere eskainiko dute, 15:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.