Entretenitu eta gozatu Londresen

Iara Solanok eta Sammy Metcalfek badakite zerbait entretenimenduari buruz. Bikoteak urte batzuk daramatza nazioarteko ikus-entzuleei zertan pentsatu emanez.

Iara Solano da ikuskizuneko antzezle bakarra . ALEX BRENNER.
Londres
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Iara Solanok eta Sammy Metcalfek Arte Eszeniko Europarrak ikasi zituzten Erresuma Batuko Rose Bruford prestigio handiko unibertsitatean, eta bertan ezagutu zuten Malla Sofia, egun Sleepwalk Collective taldeko hirugarren kidea dena. Hirukote internazionala, beraz, —Gasteizkoa da Solano, Erresuma Batukoa Metcalfe eta suediarra Sofia— Euskal Herria eta Londres bitartean aritzen den hau. Nolanahi ere, Gasteizen dute gaur egun oinarri finkoa.

Urtarrilean, Australian zehar egon ziren herrialdeari bira artistikoa emanez, eta uztailean, Poloniara doaz, haien lana erakustera. Azken hilabete honetan, ordea, Erresuma Batuan izan dira Solano eta Metcalf beren azken antzezlana erakusten.

Edinburgo, Bristol eta, nola ez, Londresera etorri dira Solano eta Metcalf Amusements (Entretenimendua) izeneko obrarekin. 45 minutuko pieza intimo hau«antzerkiaren etorkizuna asmatzea» misiotzat duen Battersea Arts Centre (BAC) zentro ospetsuan aurkeztu dute. Londresko hegoaldean dago, Lavender Hill kalean, zentro original hori, eta iraganean Batterseako udaletxearen eraikina izan zen. Erresuma Batuko zein Europako eta mundu osoko antzezlanik ausartenen agertokia bihurtu da. Horrek ematen du Sleepwalk Collectivek lortu duen prestigioaren neurria.

Iluntasunetik argira

Areto ilun batean hasten da Amusements, eta ikus-entzuleek jasotzen dituzten instrukzio bakarrak hauek dira: aurikular batzuk nola erabili. Eta hegazkinetan izan ohi diren instrukzio txartel bana du bakoitzak eserleku gainean.

Ilunpean, beltzez inguratuta, Solanoren ahotsa entzuten da ikus-entzulea agurtzen. Sentsuala eta gertukoa, bidaiaz gozatzera bultzatzen du Solanoren ahotsak ikus-entzulea, antzezlan hasieran banatu dituzten txartelak bezala: «Lasai hartu arnasa. Heldu gogor. Saiatu goragaleari eusten».

Eta harantz abiatzen daikus-entzulea, ahots sentsual horrek eramango duen bazter ilun edo koloretsuetara, jakin gabe zehazki nora; eta hor, beldurra eta zirrara batzen dira, askotan biak batera. Argiak piztu direnean, Solano azaldu da agertokiaren erdian, zapata takoidun batzuen gainean. Geroago ohartuko da ikus-entzulea lurrera itsatsita daudela zapata horiek. Soineko gorria du, eta iluntasunetik argira jarraitu ahal izan den elementu iraunkor bakarra haren ahotsa izan da.

Bat-batean, Solanok hondartza batean zegoen momentua pintatu egin du, eta jarraian, errusiar mendian ibiltzea zenbat gustatzen zaion kontatu du. Ikus-entzuleen eta bere arteko konexioa mikrofono kable batekin besterik ez da eratzen; Solanoren ahotsa kabletik irristatzen da ikus-entzuleen belarrietara, eta ondoren, haren makineria pentsalarira doa.

Une batean kalean ikusgai izaten diren kolorezko iragarkiei egin die erreferentzia Solanok: «Bakarrik sentitu arren, hain dira politak!». Imajinazioak noraino eramango dituen ez dakite antzokian eserita dauden ikus-entzuleek, eta bat-batean kuleroak orkatiletara jaitsi ditu eskuarekin Solanok, irlakoa baino gehiago penintsulakoa dirudien mugimendu erotiko batekin.

Ukitu sentsualak maiz aurki daitezke Sleepwalk Collective kolektiboaren lanetan. Esan ohidute Metcalf dela obrak osatzen dituena eta Solano, nola ez, obra horiei aurpegia edo ahotsa (edo biak) jartzen dien aktore paregabea. Amusements obran ere zentzuen garrantziaz aritu da bere gorputzeko atalak laztandu egin dituen bitartean. «Plazerak burmuineko odol-isuri bat balitz bezala inbaditu nau», eta bihotz taupada bat besterik ez da entzuten orain.

Ikus-entzuleen irudimeneraino egindako bidaia bukatzear dago, eta Claudia izeneko Solano —izen hori hartzen du obra horretan—, bitartean gizon ahotsa hartu duelarik, desagertzen hasi da antzokian bildutakoen zentzuetatik, isiltasuna nagusitu arte. Claudiak agertokia utzi du ilunpean, eta argiak piztu egin dira berriro ere. Errealitaterako buelta da hori, eta bertaratutakoei bizi izan duten amets gozoaren zapore txiki bat besterik ez zaie geratzen.

Horixe da entretenimenduaren eginkizuna, eta ikusleak ditu biktimatzat.

Interpretazio bikainarekin eta argi eta doinu jolas azkarrekin, Amusements lan inportantea da, dotorea eta ausarta. Beharbada, aurretik egin zuten As The Flames Rose We Danced To The Sirens, The Sirens baino zertxobait ahulagoa suerta daiteke, baina, halere, ez dago dudarik Sleepwalk Collective-en zigilua duela obra honek. Eta Londresen entretenitzea eta gozatzea lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.