Donostiak badu bere maskorra, Cannesek badu bere palmorria, Berlinek baditu bere hartzak, eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak, berriz, antzarak ematen ditu. Asteburuan jakinarazi dituzte aurtengo jaialdiko bost sarituen izenak, eta Eñaut Castagnet zinemagilearen Muga lanarentzat izan da, zehazki, Urrezko Antzara. Western baten egitura du lanak, eta tentsioa mantentzeko duen gaitasuna laudatu dio Getari Etxegaraik, Paul Urkijok eta Izaskun Urkijok osatutako epaimahaiak. Immigrazioa, gatazka sozialak eta lan esplotazioa lantzen ditu filmak, besteak beste, eta hori egiteko moduagatik eman diote oroitarria eta 3.000 euroko saria.
Euskara da Lekeitioko zine jaialdiaren ardatza, eta hogei lanek hartu dute parte sail ofizialean aurten. Haien artean, bost sari banatu dituzte guztira, eta aipamen berezi bat ere egin nahi izan dute. Aitzol Saratxagaren Lanbroa filmak jaso du zuzendaritza onenaren saria, genero fantastikoaren kodeak «modu paregabean» erabiltzeagatik. 1.600 euro eta Zilarrezko Antzara jaso ditu berak.
Raul Barreras zinemagileak bi sari jaso ditu Arnasa filmagatik: gidoirik onenarena eta EITB Ikusleen saria. «Xamurra eta hunkigarria» da filma, epaimahaiaren iritziz, eta gaineratu dute narratiboki ere «borobila» dela, eta horregatik eman diote gidoirik onenari dagokion saria —1.600 euro eta zilarrezko antzara bat—. Ikusleak izan dira, bestetik, EITB Ikusleen saria hautatu dutenak —750 euro eta beste Zilarrezko Antzara bat—. Gehienez ere 5 puntu eman zitzaketen ikusleek, eta 4.31 puntu lortu ditu Barrerasen lanak.
Nagore Muriel zinemagilearen Erro bi filmak jaso du Gazte22 saria. Gehienez ere 22 urteko sortzaileentzako da sari hori, eta Muriel izan da aurtengo aldian aurre aukeraketa pasatu duen egile gazte bakarra. 750 euro eta Zilarrezko Antzara bat jaso ditu berak ere. Eta, bestetik, aipamen berezi bat ere egin nahi izan dio epaimahaiak Leire Egañaren Erlojupekoa filmarentzat.
Ramon Agirre aktorea ere omendu dute sari banaketako galan.