Enrique Urbizu bilbotar zuzendariaren No habrá paz para los malvados filma hamalau saritarako hautagai izango da otsailaren 19an Madrilen egingo den Goya sarien banaketan. Pedro Almodovarren La piel que habito izango du lehiakide nagusi, hura hamasei saritarako izendatu baitute. Bi film horiek bezala, film onenaren eta zuzendari onenaren Goya sarietarako hautagai dira Mateo Gilen Blackthorn eta Benito Zambranoren La voz dormida ere.
Alex de la Iglesiaren La chispa de la vida eta Montxo Armendarizen No tengas miedo filmak, aldiz, Goya sari banatarako hautagai baino ez dira: emakumezko aktore nagusirik onenaren Goya saria irabazteko hautagai da Salma Hayek, De la Iglesiaren filmean egindako lanarengatik; eta emakumezko aktore berri onenarena irabazteko hautagai Michelle Jenner, Armendarizenean egindako lanarengatik.
Horretaz gain, Gregorio Muro donostiar zinemagilearen Zeinek gehiago iraun —Kimuak katalogorako hautatutakoa— animazioko film labur onenaren Goya sarirako hautagai izendatu dute.
Beste euskal herritar batzuk ere badira Goya sarietarako hautagaien artean, hala nola Alberto Iglesias eta Pascal Gaigne musikariak (La piel que habito filmeko musikarengatik aurrenekoa, eta Eduardo Chapero-Jacksonen Verbo filmeko jatorrizko kantuarengatik bigarrena, Ignacio Fornesekin elkarlanean), Michel Gaztanbide gidoilaria (No habrá paz para los malvados filmekoa, Enrique Urbizurekin elkarlanean) eta Unax Mendia gasteiztar argazki zuzendaria (No habrá paz para los malvados).
Urbizu, esker oneko
Urbizu gustura dago bere lanak izan dituen izendapenekin, eta eskerrak eman dizkie Espainiako Zinemako Akademiako kideei «horren pertsonaia nagusi lehorra duen film a priori gogorra» horrenbeste izendapenekin nabarmentzeagatik.Jose Coronado aktorearen «lan bikaina» da filmaren eskaintzaren funtsetako bat, zuzendariaren ustez. Coronado da gizonezko aktore nagusi izateko lau hautagaietako bat. Beste hirurak Daniel Bruhl (Kike Mailloren Eva), Antonio Banderas (La piel que habito) eta Luis Tosar (Jaume Balagueroren Mientras duermes) dira.
Salma Hayekez gain, honako hauek dira emakumezko aktore onenaren Goya sarirako hautagaiak: Veronica Echegui (Iciar Bollainen Katmandú), Elena Anaya (La piel que habito) eta Inma Cuesta (La voz dormida).
Zinema. Estreinaldiak
Enrique Urbizuren filmak 14 izendapen ditu Goya sarietan
'No habrá paz para los malvados' da faborito nagusia, Almodovarren 'La piel que habito' lanarekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu