Enkarni Genua antzerki sortzaile, idazle eta kultura dibulgatzaileak (Donostia, 1942) jasoko du aurten Manuel Lekuona saria. Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu zuen sari hori, euskal kulturaren alde egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona ospetsuen obra osoa goratzeko.
Horrela, Eusko Ikaskuntzak orain arte saritu ez duen sormen esparru bat aitortu nahi izan du, eta Genuaren ekarpenari balioa eman. «Txotxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu: ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino heldu da, euren iruditeria aberastu du, eta ahozko euskal tradizioari balioa eman dio», nabarmendu du Eusko ikaskuntzak ohar baten bitartez. Baldintza zailetan eta baliabide gutxirekin «txotxongiloen euskarazko emanaldiak nazioarteko jaialdietara eraman ahal izan dira, euskal kulturaren sustraiak ederki islatuz», adierazi dute Eusko Ikaskuntzako kideek.
Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean, eta, 1971n, Txotxongillo taldea sortu zuen Manolo Gomezekin batera. Talde horrekin, 50 urte baino gehiagoan, txotxongilo antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, hiri, eskualde, herri eta auzotan. 2015ean Berria-ri emandako elkarrizketa honetan aletu zituzten Genuak eta Gomezek Txotxongilloren hastapenak eta bilakaera.
Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak (antzerkirako eta telebistarako gidoiak, ipuinak, diskoak...) eta material didaktikoak argitaratu ditu. Haren sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da, irakurle berrientzat egokituta.
Tolosako (Gipuzkoa) Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen 1992an, eta, ondoren, Topic txotxongiloaren nazioarteko zentroaren sorreran ere parte hartu zuen, hori ere Tolosan. «Sormen gaitasuna eta ezagutzak ere partekatu ditu, aisialdiko begiraleen, irakasle eskolako ikasleen eta eskola tailerretako ikasleen prestakuntzaren bidez».
Hainbat aitorpen eta sari jaso ditu: besteak beste, Bilboko Udaleko Ercilla saria (1980) eta arte eszenikoetako ibilbidea aitortzen duen Viktoria Eugenia saria (2007). Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion Txotxongillo taldeari 2013. urtean.
Remigio Mendibururen eskultura
2014az geroztik, Lekuona saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da, bozketa ireki bidez. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, Eusko Ikaskuntzaz gain, Soinuenea fundazioa, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Barandiaran fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek osatu dute.
Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura ekitaldi publiko batean emango diote Genuari; eguna zehaztu gabe dago oraindik.
Manuel Lekuona saria jaso duten azkeneko lagunak hauek izan dira: Fermin Leizaola (2017), Mari Jose Azurmendi (2018), Xabier Amuriza (2019), Jose Ramon Etxebarria (2020) eta Jon Bagues (2021).