Euskara

Eneko Sagardoik salatu du euskararen aurkako eraso bat jasan dutela

Beethovenen bi obra aurkezten ari da aktorea, EGO fundazioarekin batera. «Eta gazteleraz noiz?» oihukatu zuen ikusle batek atzo Gasteizen, Sagardoik euskarazko berbaldia bukatutakoan.

Euskal Herriko Gazte Orkestraren entsegua Donostian, joan den abenduaren 31n. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 4a
09:39
Entzun

«Eta gazteleraz noiz?». Hori oihukatu zuen atzo Gasteizko Principal antzokian zegoen ikusle batek Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioak antolatutako kontzertuan. Eneko Sagardoi aktorea narratzaile lanak egiten ari zen, eta hark salatu du gertatutakoa Twitterren. «Momentu desatsegina» izan zela aitortu du.

Ludwig van Beethovenen Ah perfido! eta Egmont obrak aurkezten ari da Sagardoi, EGO fundazioarekin batera; aktoreak narratzaile lanak egiten ditu bigarren obran. Atzo, Gasteizen, euskarazko lehenengo berbaldia bukatutakoan egin zioten oihu publikotik, baina normal jarraitu zuen kontzertuak.

Sagardoiren iritziz, «agian, euskara ez ulertzeak baino amorru handiagoa eman dio beste zerbaitek, baina baliteke ni erratuta ibiltzea». Izan ere, berak euskaraz irakurri aurretik, Jone Martinez sopranoak italieraz kantatu zuen Ah perfido!, eta alemanieraz Egmont, baina oihua euskara erabilitakoan gertatu zen.

Jaiotzaren 250. urteurrena

Garrasia «lotsagabea» izan zela idatzi du Sagardoik, baina gainontzean normal-normal egin zutela kontzertua. EGO Fundazioaren kontzertu birako bigarren emanaldia izan zen atzokoa —Donostian egin zuten lehena—, eta Ruben Gimenok zuzendutako ikuskizuna gaur 19:00etan Bilboko Euskaldunan ikusi ahalko da, baita bihar Getxoko (Bizkaia) Muxikebarrin ere.

Aurten Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena beteko da, eta horregatik ari da EGO konposatzaile horren bi obra aurkezten Gabonetan urtero egin ohi duen emanaldian. 46 musikari bildu dituen topaketaren aurkezpenean Ruben Gimenok nabarmendu zuenez, «ezinbesteko garrantzia» du gazte orkestrarekin Beethovenen musika lantzeak, «musikaren historiako giltzarrietako bat» baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.