Eneko Lazkozek irabazi du Nafarroako Txapelketako azken final-laurdena

354,5 puntu eskuratu ditu Leitzan jokatu den saioan. Finalaurrekoetara pasatuko diren hemezortzi bertsolarien zerrenda ere argitu da

Eneko Lazkoz mikrofonoan, Leitzako bertso saioan. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA.
garbine ubeda goikoetxea
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Eneko Lazkoz Martinezek jaso du puntu gehien Leitzako herri aretoan jokatu den azken final-laurdeneko saioan, eta, horrenbestez, azaroaren 19an Lesakan jokatuko den finalaurreko saiora pasatu da. Etxarri-Aranaztarrak 354,5 puntu eskuratu ditu, eta alde apur bat atera die atzetik heldu direnei: Josu Sanjurjo Alzuri 325,5 punturen jabe egin da, Saats Karasatorre Marinezek 323,5 puntu lortu ditu, Endika Legarra Nuinek 291,5 puntu, eta Fernando Ziganda Urdanpiletak 278 puntu.

Final-laurdenetako faseko azken saioa izanik, saioko sailkapenaren berri eman eta jarraian argitu da zein hemezortzi bertsolari ariko diren finalaurrekoetan Eneko Lazkoz Martinezekin batera. Sarai Robles, Julio Soto eta Joanes Illarregi dagoeneko sailkatuta zeuden, Iruritako, Vianako eta Uharteko saioak irabazi izanagatik, hurrenez hurren. Hauek dira gainontzeko hamalauak: Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza Guallar, Idoia Granizo Ulibarrena, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Ekain Alegre Gil, Saats Karasatorre Martinez, Eneko Fernandez Maritxalar, Julen Zelaieta Iriarte, Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi, Urko Gartzia Aleman eta Patxi Castillo Graciarena.

Finalaurreko hiru saioek seina bertsolari batuko dituzte. Lehena azaroaren 4an jokatuko da, Altsasun; bigarrena azaroaren 11n, Agoitzen; eta hirugarrena azaroaren 19an, Lesakan. Finalaurrekoetan ariko diren hemezortzi bertsolari horietarik zortzi pasatuko dira azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalera.

Berrehun entzule inguru elkartu ziren Leitzako herri aretoan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Leitzako Udalarekin antolatutako saioa zuzenean entzuteko.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 46. aldia izango da 2023koa. Txapleketa osatzeko zortzi saio egingo dira denera, eta, aurreko final-laurdena Vianan egiteak erakusten duenez, Bertsozale Elkarteak ahalegin berezia egin du zaletasuna eta txapelketa bera lurralde osoan zabaltzeko.

Horren aurreko txapelketa, 45.a izandakoa, 2021ean jokatu zen, pandemia betean.

Arabako txapelketa

Beste kanporaketarik ere izan zen atzo. Hain zuzen, 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketaren barruko lehen saioa egin zen Izorian, eta Unai Andak (Amezaga) jaso zuen puntu gehien; 196,5 guztira. Harekin batera, beste bost bertsolari aritu ziren: Felipe Zelaietak (Mallabia) 196,5 puntu eskuratu zituen, Martin Abarrategik 182,5 puntu, Felipe Zelaietak 175,5 puntu, Xabi Antiak 169 puntu, Unai Mendibilek 158 puntu eta Ainara Balantzategik 110,5 puntu. Irati Martinez aritu zen aurkezle lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.