Eneko Bidegainen 'Bichta éder' nobelak irabazi du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren 'Maitasun kapitala' izan da finaleko beste hautagaia, eta, akademiak jakinarazi duenez, «oso lehia estua» izan da bi lanen artean.

Eneko Bidegain idazlea. JON URBE / FOKU
Eneko Bidegain idazlea. JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 30a
13:00
Entzun

Irakurleen saria da 111 Akademiarena. 218 kide ditu egun akademiak, haiek hautatzen dute urteko libururik gogokoena, eta aurtengoan Eneko Bidegain idazlearen Bichta édernabarmendu dute. Karmele Jaioren Maitasun kapitala nobelarekin batera heldu da Bidegainen liburua finalera, eta horrexek jaso du botorik gehien, azken fase horretan. Jakinarazi dutenez, «lehia oso estua» izan da bi liburuen artean. Ekain amaieran egingo dute saria banatzeko jendaurreko ekitaldia.

Hari askotako bilbea harilkatu du Eneko Bidegainek eleberri honetan. «Bihurgune askotako istorioa» da liburukoa, 111 Akademiak prentsa ohar bidez zehaztu duenez. Pertsonaia eta gai anitz dituen kontakizuna. Hamaika gai lantzen dituen thriller politiko bat: lur eta eraikuntza espekulazioa, turismoa eta nekazariak, euskara eta hizkuntza nagusia, Aljeriako gerra eta negozio zikinak, ETA eta estatuko krimenak, eta beste. Istorio «interesgarria» eta «hagitz gaurkoa» da Bidegainena, akademiako kideen hitzetan, eta diote egileak kontakizunaren amaiera «maisuki» gibelatzen duela, «behin eta berriz ere irakurlearen jakin-minaren irrikari bazka emanez».

Hiru galbahe

Hiru fase izan ditu bozketak. Zazpi liburuk pasatu zuten lehen galbahea: Bichta éder eta Maitasun kapitala lanak ez ezik, Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka, Castillo Suarezen Alaska, Oihane Amantegiren Cayo Hueso, Josebe Blancoren Hausnarrean eta Miren Agur Meaberen Itzulerak ere hautatu zituzten akademiako irakurleek. Haien artean egin zuten bigarren hautaketa, eta Jaioren eta Bidegainen lanek bakarrik pasatu zuten finalerako langa.

Hogeita zortzigarren aldia du aurtengoa Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena, eta hori da gerora 111 Akademiaren Saria bihurtu zena. Euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa ematea da haren asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.