Eneko Aizpuruak irabazi du Tene Mujika beka

Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira, memoria kolektiboan «lekua duten edo izan behar luketen» hainbat istorio bilduko ditu

Miren Garate.
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Eneko Aizpuruarentzat (Lazkao, Gipuzkoa, 1976) izango da 2019ko Tene Mujika beka. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten laguntza horrek, eta Bidasoa ibaiaren bueltan gertatu diren eta memoria kolektiboan «lekua duten edo izan behar luketen» hainbat istorio kontatzeko proiektua aurkeztu du Aizpuruak. Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatu dute epaimahaia. Urtebete izango du Aizpuruak lanerako.

«Bidasoa pasabide naturala da, baina baita bi estatu bereizten dituen muga ere, eta horrek esanahi berezia eman dio historian zehar, era askotako gertakarien lekuko eta kokaleku bihurtu baita», kontatu du idazleak. Horietako hainbat gogoratuko ditu, oinez hainbat egunez egindako ibilbidean barrena; besteak beste, hauek: Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturaturiko Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa; handik zenbait urtera ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa; Frankismo garaian muga igarotzeko ahaleginean uretan itota hil omen ziren ehunka portugaldarren kasua; Pio Barojak eta Aitzolek 36ko Gerraren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin zutenekoa eta abar.

Orain artekoa, beltzean

Orain arte hiru nobela kaleratu ditu Aizpuruak, genero beltzekoak: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016). Itzulpen lanak eta bidaia erreportajeak ere baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.