Eneko Abasolok irabazi du Bizkaiko txapelketako azken kanporaketa

Lekeition jokatutako saioaren ostean, erabakita geratu da zer hemezortzi bertsolarik kantatuko duten finalaurrekoetan

Eneko Abasolo Abarkas, atzoko saioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel lizarralde
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Eneko Abasolo Txabarri Abarkas-ek irabazi zuen atzo arratsaldean Lekeitioko Ikusgarri zineman jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako seigarren eta azken kanporaketa, eta, horrenbestez, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Abasolok 466 puntu eskuratu zituen atzoko saioan, eta jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Koldo Gezuraga Seijido (463,5), Beñat Bilbao Landa (437,5), Peru Irastortza Santxo (430), Maite Sarasola Isazelaia (424,5) eta Aitor Arrutia Azkueta (420,5). Puntuazioaren arabera, Gezuragak ere lortu du postu bat finalaurrekoetan.

Atzoko saioarekin, erabakita gelditu da hurrengo fasean zer bertsolarik kantatuko duten. Sei kanporaketen irabazleek —Mikel Goiriena, Ibai Amillategi, Iruri Altzerreka, Unai Mendiburu, Oihana Bartra eta Eneko Abasolo—, puntuazioz sailkatutako bost bertsolarik —Bittor Altube, Josune Aramendi, Koldo Gezuraga, Txaber Altube eta Aissa Intxausti— eta zuzenean finalaurrekoetarako sailkatutakoek —Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Xabat Galletebeitia, Aitor Bizkarra eta Jone Uria— parte hartuko dute finalaurrekoetan.

Hurrengo faseko lehenengo saioa hilaren 11n jokatuko da, Berrizko Olakueta frontoian, eta bertsolari hauek ariko dira: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Iruri Altzerreka Martinez, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas eta Koldo Gezuraga Seijido.

Bigarren finalaurrekoa Santurtziko Serantes kultur aretoan egingo da, hilaren 18an, eta bertan kantatuko dute Aitor Bizkarra Ruizek, Jone Uria Albizurik, Mikel Goiriena Larrazabalek, Unai Mendiburu Valorrek, Bittor Altube Sarrionandiak eta Txaber Altube Sarrionandiak.

Azkenik, hirugarren finalaurrekoan Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Oihana Bartra Arenas, Josune Aramendi Perez eta Aissa Intxausti Aburruza ariko dira, Lemoako udal kiroldegian. Saio guztiak 17:00etan hasiko dira.

Finala, berriz, abenduaren 16an jokatuko da, Bilbo Arenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.