Familia afari bateko solasaldi arrunt bat zena, katramilatzen hasi, eta zerbait ilunago bihurtuko da Ene ba! antzezlanean. Txalo Produkzioak konpainiaren obra berria da, eta gaur estreinatuko dute Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean, 20:30ean. Begoña Bilbaok zuzendu du, eta bost aktore taularatuko dira: Ane Gabarain, Jose Kruz Gurrutxaga, Mikel Laskurain, Alazne Etxeberria eta Asier Sota.
Mahai baten bueltan jazotzen da istorioa. Bixente protagonista eta Ana haren bikotekidea guraso izango direnez, gizonaren arrebaren eta haren senarraren etxera afaltzera joango dira, familiaren betiko lagun batekin batera. Anaren zain daudela, aitatasunari buruz mintzatzen hasiko dira Bixente eta gainontzekoak. Solasaldi arin bat zena, baina, endredatu egingo da haurraren izenaz hitz egiten hastean. Protagonistak gainontzeko guztiak harrituko dituen zerbait botako du, eta, ondoren, eztabaida sortuko da, eta korapilatuz joango, senitartekoek beren trapu zaharrak ateratzeraino. «Eztabaidaren tenperatura igotzen doa, drama bat sortuz; baina dena komedia klabean», laburbildu du Ane Gabarainek.
Familiako eztabaidaren bitartez zenbait gai jorratuko dituzte antzezlanean: hipokrisia, harremanak, ametsak eta frustrazioak... «Dena modu arinean: kritikaz, baina umorez», Gabarainen hitzetan. Antzezlan horrek bi bertsio ditu, baina Txaloko kideek Jordi Galceran kataluniarrarena hautatu dute —El nombre izena du haren bertsioak—; Gabarainek esan duenez, Txalorentzat erreferentziazkoa da. «Obra erakargarria iruditu zitzaigun, komedia izan arren, mamitsua delako, eta pertsonaia guztiek lantzeko moduko alderdi dramatikoa dutelako», adierazi du. Martin Agirrek euskaratu du gidoia.
Bi alde dituzten pertsonaiak
Gabarainen pertsonaia Isabel da; etxekoandre, emazte eta ama «nahiko perfektua», irakaslea, hankak «lurrean itsatsiak» dituena, zentzuduna. «Baina alderdi ilun bat ere badu: frustrazioak, kexak...», azaldu du aktoreak. Gainontzeko lau pertsonaiak ere halakoak dira; «alde positibo bat dute, eta beste bat ilunagoa». Protagonista, esaterako, higiezinen enpresa baten jabea da, 40 urte ingurukoa, «harroa, ausarta, arrakastatsua». Eta, era berean, «filtro gutxi» dauzka gauzak esateko orduan. Jose Kruz Gurrutxagak egingo du pertsonaia horren rola. Haren emaztearen rola, berriz, Alazne Etxeberriak egingo du; Karlos familiako lagunarena, Asier Sotak; eta Isabelen senarrarena, berriz, Mikel Laskurainek.
Eszenografia «soila» erabiliko dute istorioa taula gainera eramateko, eta atrezzoari emango diote garrantzi handiagoa. Egongela batean kokatuko dute, mahai baten inguruan. «Eszenografia sinplea eta funtzionala da», Gabarainek.
Bi hilabete eta erdi inguru igaro dute antzezlana prestatzen. Asteazkenean aurrestreinaldia egin zuten Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzokian. Aktoreak esan du emanaldia ondo joan zela eta jendearen erantzuna ona izan zela: «Lasaitasuna ematen du horrek». Gaurko emanaldiaz gainera, igandean Villabona-Amasan (Gipuzkoa) izango dira, eta urtarrilean Hondarribira (Gipuzkoa) eta Donostiara joango dira; ondoren, datozen hilabeteetan, Euskal Herri osoan barrena egingo dute bira.