Goizuetako haritz baten enborra. Zizela eta mailua. Xabier Leteren poesia. Horiek izan dira Gotzon Huegun artistak Ezpaletenak eskultura egiteko baliatu zituen osagaiak. Ideia nola gauzatu zuen Donostiako Tabakaleran erakutsi zuen, egunero, hilabete batez. Eskultura amaitzear zuela, ekitaldi berezi bat egin nahi zuen. Gainera, Leteren heriotzaren bosgarren urteurrena aitzakiatzat hartuta, eskultura, poesia eta musika uztartuz, Ezpaletenak ikuskizuna osatu zuen Joxan Goikoetxearen laguntzarekin. Emanaldi bakarra zegoen prestatua, baina gaur, 19:30ean, Iruñeko Iturrama auzoko Civivoxen eskainiko dute, bigarrenez.
Xabier Lete zerbait izan bazen, artista emankorra izan zen. Haren eragina oso agerikoa da oraindik ere Euskal Herriko arte munduan. Horregatik, Lete enbor modura irudikatu eta zizelkatu ondoren sortzen diren ezpalak, musikari, abeslari eta idazle izango dira agertoki gainean. Joxan Goikoetxea da ikuskizuneko gidoilaria eta zuzendaria. Dioenez, «eguneratu» egingo dute Tabakaleran egin zuten lehenengo saio hura. Huegunek eskultura Tabakalerako lehen saio hartan amaitu zuenez, artelan hori agertoki erdian jarriko dute orain. Ezingo da, hortaz, Goizuetako haritza nola zizelkatzen duen ikusi. Hala ere, bertan islatuko dituzte proiekzioak.
Enborrak tona bat baino gehiago pisatzen duenez, logistika aldetik ikuskizunak baditu bere zailtasunak. Hala ere, Goikoetxea ziur da oholtza erdian jartzea lortuko dutela. Horrekin batera, modu batera edo bestera, Oiartzungo artistarekin lotura duten musikari eta idazleek ere izango dute tokia agertoki gainean; Pier Paul Berzaitzek, esaterako. Xabier Leteren azken poemak musikatu eta Egunsentiaren kantak diskoan bildu ditu. Lan horretako hainbat kantu eskainiko dituela azaldu du zuzendariak. Horrez gain, Karlos Linazasorok eta Juan Kruz Igerabidek zenbait poesia errezitatuko dituzte. Berrikuntza modura, lehenengo saioan ez bezala, bigarrenean Leteren ahotsa entzuteko aukera izango da, grabazio baten bitartez.
Arte aniztasuna
Lehenengo saioan izandako emaitzarekin gustura dagoela aitortu du Goikoetxeak. Gainera, aitortu du berarentzat oso erakargarria dela arte adierazpen ezberdinen arteko hartu-emana agertoki gainean islatzea. Izan ere, Lete arte adierazpen bakarrarekin oroitzea ezinezkoa dela dio, eta horregatik egingo dute oroipen eskultoriko, musikal eta poetikoa.
Enborraren ezpal berriak
Xabier Leteren oroipen eskultorikotik abiatuta sortutako ikuskizun bat eskainiko dute gaur Iruñeko Iturramako Civivoxen: 'Ezpaletenak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu