Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Enbor bereko ezpalak

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. aldia da aurtengoa. Eboluzio nabarmena izan du hastapenetatik gaur arte. Presioak, tentsioak eta urduritasunak, ordea, bere horretan jarraitzen dute.

Anjel Mari Peñagarikano eta Sebastian Lizaso 1993ko Txapelketa Nagusiko finalean. EDURNE KOCH / EUSKALDUNON EGUNKARIA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea egina du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Hain justu, 18. aldia da aurtengoa. Hastapenetatik gaur arte, ordea, aldatu da zuri-beltzezko argazkia. Belaunaldiz belaunaldi transmititu izan den arren, aldatu dira joerak, eta aldatu dira, akaso, gaiei heltzeko moduak; finean, garaiak berak eta testuinguruak baldintzatzen baitute hori.

Espainiako gerraren aurretik jokatu ziren aurreneko biak: 1935ean eta 1936an. 24 urte igaro ziren ordutik hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusira, eta Euskaltzaindiak hartu zuen txapelketa antolatzeko ardura, 1960an. 22 urtez heldu zion lekukoari, 1982ra bitarte. Eta, hain justu, Euskaltzaindiak txapelketa antolatu zuen azken urte hartan, gaur egun plazaz plaza kantuan jarraitzen duten bi bertsolarik egin zuten finalean debuta: Anjel Mari Peñagarikanok eta Sebastian Lizasok. Zehazki, orain 40 urte.

Sei bertsolari izan zituzten abenduaren 19 hartan Donostiako Balda pilotalekuko oholtzan lagun: Imanol Lazkano, Jon Azpillaga, Jon Enbeita, Jon Lopategi, Txomin Garmendia eta Xabier Amuriza. Ondo gogoan dute biek final handiko egun hura. Berezia izan zela adierazi du Lizasok. Fresko iritsi zela kontatu du; ez omen zuen galtzeko ezer. «Peñak eta biok behin bertara iritsita, dena genuen irabazteko; tentsioa beste batzuek zeukaten». Hala kantatu zuen saioaren hasieran: «Bi gazteok zail degu/ zahar hauek haustia/ bainan egingo degu/ ahal degun guztia».

Peñagarikanok, ordea, bestelako oroitzapen bat du. «Ez pentsa sekulako pozez bizi izan nuenik final hura. Izen handiko bertsolari batzuk atzerago geratu ziren, eta, finalean sartu nintzela jakin nuenean, mundua gainera erori zitzaidan». 25 urte zituen, eta bera baino nagusiagoak ziren «izen handiko» bertsolari horiek. «Hi ez haiz finalean sartzeko moduko bertsolaria!» edo «hiretzat gehiegi duk hau» bezalako iruzkinak entzun zituela gaineratu du, eta zama horrekin iritsi zela finalera. «Ni ez nintzen inoren faborito: sorpresa bat izan nintzen denentzat, eta presioa sentitzen nuen. Non sartzen ari ote nintzen galdetzen nion neure buruari: 'Ez al duk erridikuluren bat egingo, Anjel Mari?'». Nolanahi ere, denbora pasatu ahala, ohartu da zenbat balio izan dion orduan bertan kantatu izanak.

Handik lau urtera, 1986an, Bertsozale Elkarteak hartu zuen Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura, eta orduko finalean ere, martxoaren 23an, Donostiako belodromoak batu zituen Peñagarikano eta Lizaso.

Hala abiatu zuen saioa Peñagarikanok: «Pazientzia hartu/ ezazue arren/ hemen urduri dago/ majina bat barren/ lana amaitu nahi det/ al danik azkarren/ nor ote da lehenengo?/ Ea nor zortzigarren?/ Lehen haina lagun nahi det/ azkena egin arren». Bere burua estutu zuela azaldu du. Bigarren finala zuen, eta handiagoa zen ardura. «1982ko final hark ate asko zabaldu zizkidan; saio asko egin nituen hurrengo txapelketara bitarte. Beraz, 1986ko finalean lehen aldiz sentitu nintzen jendearentzat banintzela nor final batean kantatzeko».

Bertsua izan zen Lizasoren sentsazioa final hartan. Nerbioek gaina hartu ziotela kantatu zuen hasierako agurrean. Nerbio horiek, baina, ez zituen kontran izan; txapela jantzi baitzuen bere bigarren Txapelketa Nagusian. «Faboritoak [Xabier]Amuriza eta [Jon] Lopategi ziren, baina ez zuten asmatu, eta ni atera nintzen inork pentsatzen ez zuen tokitik».

Entrenamenduak

Gogor entrenatzen ziren punta-puntara iristeko. Peñagarikanoren hitzetan, saioen ondoren autoan bakar-bakarrik egiten zituen bidaiak izaten ziren entrenamenduetarako tarterik aproposena. «Bertso saio guztia errepasatu egiten nuen. Saio horretan nire bertsokideei jarritako gaiak hartu, eta horien gainean kantatzen nituen bertsoak, jakiteko zer kantatuko nukeen nik gai hori egokitu izan balitzait». Horixe zuen giltza. Eta, hain zuzen, 1991ko Gipuzkoako Txapelketa irabazteko balio izan zion. Aurrerago, BERRIA sortzearekin batera, egunero irakurtzeak hiztegia eta errimategia lantzeko balio izan ziola gaineratu du. Bere hitzetan, ez zegoen hura baino entrenamendu hoberik. «Guk ez genuen zatitu esaten, guk dibidittu esaten genuen. BERRIA irakurtzeak laguntzen zidan teknika zorrozten».

1989ko txapelketan, ordea, Peñagarikanok ezin izan zuen parte hartu. Bai, ordea, Lizasok. Baita bigarren egin, gainera. Lau urte geroago, baina, berriro batu zituen Txapelketa Nagusiak, 1993an. Urte hartan, bi emakume aritu ziren finalaurrekoetan kantari: Estitxu Arozena eta Amaia Telletxea.

18 urte zituela, Arozenak Zumarragan jokatu zuen lehen kanporaketa, eta bertsolari hauek izan zituen lagun: Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe II.a, Kepa Intxausti, Aritz Lopategi, Xabier Perez Euzkitze, Martin Rezabal Olaso, Juan Antonio Sasiain eta Millan Telleria.

Hala abiatu zuen Arozenak saioa: «Txantxibiri txantxibiri gabiltzanian/ txapelketaren atean/ ideia hauxe bururatu zait/ bertso saioa hastean/ ni sentitzen naiz txiki-txikia/ jendetza, berriz, kristona/ nola demontre konponduko naiz/ zazpi astoren artean?». Geroztik, hiru Txapelketa Nagusitan parte hartu du: 1997an, 2001ean eta 2005ean. «Pena dut saio horietarako gehiago prestatu ez izana. Ez genuen asti gehiegirik hartzen horretarako». Bazen gauza bat txapelketaren urduritasuna arintzen ziona; txapelketari behar baino garrantzi handiagorik ez ematea.

Hirurak ari dira publikoaren artetik zein etxetik ikusten aurtengo Txapelketa Nagusia; bai Peñagarikano, bai Lizaso eta baita Arozena ere. Kantuan dabiltzan asko, gainera, kantukide izaten dituzte maiz plazetan. Gozatu gozatzen dute, baina Peñagarikanok, esaterako, urduritasun puntu bat ere sentitu izan du harmailetatik: «Saioa entzuten ari naizenean, gaia entzun, eta niri jarri izan balidate bezala hasten naiz bertsoa pentsatzen». Nahi gabe ere, ariketa bera egiten du Lizasok sarritan. «Askotan pentsatzen dut: 'Nik hemendik joko nuke' edota 'Amaiera hau emango nioke'. Noizbehinka sufritu egiten duela azaldu du: «Lagunak ditut orain kantuan dabiltzanak, eta, eurak nahi bezain ondo ari ez direla ikusten badut, sufritu egiten dut».

Arozenak bestela bizi ditu saioak orain. Halere, joan da saio bat edo beste ikustera: «Txapelketa Nagusia ez da izan bereziki gozatu dudan plaza bat. Epaile anitzeko txapelketa bat dela iruditzen zait».

Pozik mintzo da Arozena txapelketak urteen poderioz izan duen eboluzioaz: «Nabarmena da emakume gehiago direla orain. 2017an, izan zen Maialenez [Lujanbio] gain beste emakumezko bat finalean sartzeko desira, baina ez zen bete. Aurten ere badago desira hori, eta izango dute presioa, baina ematen du badagoela aukera».

Hiru bertsolarien ustetan, eurak Txapelketa Nagusian aritu ziren garaitik hona, zorroztasuna da aldatu dena; ez epai irizpideena, baizik eta bertsolariek beren buruari jartzen dioten presioa. «Orduan ere epaileek bazituzten boligrafo zorrotzak, baina bertsolariak gu baino askoz ere prestatuago joaten dira orain».

Gaur Durangon

Laugarren finalaurrekoa jokatuko da gaur Durangoko Landako gunean (Bizkaia). Sei bertsolari hauek arituko dira kantuan: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Bilboko saioan kantatuko du gaurko irabazleak, abenduaren 3an.

Gaurkoa izango da finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa. Beraz, amaitu orduko jakingo da zein bertsolari diren hurrengo itzulian kantatuko dutenak. Sailkapen orokorrean puntuaziorik baxuena duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.