Enbeita eta Igoa, azkenetik finalera

Mailari eustea izan da gakoa Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoan

Zigor Enbeita eta Ander Solozabal, atzo, Langraiz Okan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Langraiz Oka
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Arabako Bertsolari Txapelketako finalean zein sei bertsolarik kantatuko duten zehaztu zen atzo arratsaldean Langraiz Okan jokatu zen azken finalaurrekoan. Manex Agirre, Oihane Perea, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Ruben Sanchez izango dira, martxoaren 21ean, Gasteizko Principal antzokian oholtzaratuko direnak.

Langraiz Okako finalaurrekoak Enbeita eta Igoa eman zituen finalaurrekorako. Atzoko saiotik, Paula Amilburu ere finalera sailkatzeko faboritoa zen, baina, saioa aurrera egiteko mailaz hasi zuen arren, azkenetan ezin izan zion eutsi. Mailari eustea izan zen gakoa finalera pasatzea lortzeko. Enbeitak saio guztian eutsi zion ondo mailari. Igoak, hamarreko handiko azken puntu batean nahastu zen arren, jakin zuen hurrengo ariketarako buelta ematen, eta bururaino eutsi zion jarrerari. Enbeita bi aldiz izana da Arabako txapeldun, 2003 eta 2006an, baina iaz ez zen iritsi finalera; Xabi Igoarentzat, hilaren 21ekoa izango da lehen finala.

Amilbururen atzetik sailkatu ziren Iker Pastor, Ander Solozabal eta Jagoba Apaolaza. Saio nahasiagoa izan zen azken hirusailkatuena. Batez ere, betelanean ibili ziren estu. Sailkapenean ere, islatu zen batzuen eta besteen arteko koska. Ehun lagun inguru bildu ziren Langraiz Okako gizarte etxean saioa bertatik bertara entzutera.

Saioaren hasieran, hamarreko handikoan, finalaurrekoetako bertsorik osoenak kantatu zituzten. Amilburu eta Enbeitak egin dute finalaurrekoetan hamarreko handian goitik behera lan finenetakoa. Solozabalekin egin zuen lehen lan puntuagarria Enbeitak. Langraiz Okako eskolako bi irakasle izan ziren. Langraiz Okan geroz eta euskara gehiago hitz egiten dela ohartuta zeuden, eta euren herri euskaldunean geroz eta gutxiago. Eskolak bukatuta, autoan herrira bueltan zihoazen. Solozabalek gaiari ez zion bete-betean heldu. Lehen bertsoan, eskolatik irten orduko gaztelaniaz egiten zutela bota zion Enbeitari. «Baina hori be hobetuko da / seguru aurrerantzean; / ostera, ezin kendu nik dudan / arantza hau bihotzean / herrira heldu eta kotxetik / jaisten naizen bakoitzean», bideratu zuen Enbeitak. Azken bertsoan honela biribildu zuen bertsoaldia: «Psikologoak izan lezake / gugaz hurrengo bisita / gure herrian lana badago / eta guretik hasita».

Zortziko txikiko egoera umoretsuek hiru bertsoaldietara ekarri zituzten umore kolpeak. Hamarreko handiko lana ihes egindako azken puntu batek narrastu ondoren, zortziko txikian txukundu eta bideratu zuen saioa Igoak. Lilatoian parte hartu zuen ama izango zen, eta Enbeita alabari tarte handia atera zion.«Atera dizkizut gaur / bai minutu batzuk / hontan ere aitaren / antza daukazu zuk», bukatu zuen aurreneko bertsoa Igoak, gorputz adierazpenez jantzita.

Gai originalak izan ziren hamarreko txikikoan. Azken ofizioan jardun ziren nekezen, Enbeita eta Igoa salbu. Indartsu aritu zen hamarreko txikikoan Enbeita, eta, zortziko txikian hartutako abailari eutsiz, seguru Igoa.

Azken momentuan

Kartzelako bakarkakoan, lehen puntua emandako hiru bertsoen ondoren, gai hau jarri zien Veronica Domingo aurkezleak: «Momentua iritsi da. Senidez eta lagunez inguratuta zaude». Hil aurreko unea iradoki zezakeen gaiak, eta hari horretatik heldu zioten gaiari Enbeitak eta Solozabalek. «Datorrela hona norbait / azkenengoz laguntzeko / leiho ondora eraman / haize pixka bat hartzeko / ta nere herriko kaleak / azkenekoz ikusteko», bukatu zuen bakarkakoa Enbeitak. Bakarka ez zuen behera egin. Amilburuk sexu aldaketara jo zuen, eta nekez ibili zen azken txanpan. Pastorrek poliziaren gutun bat jasoa zuen, eta guztien aurrean zabaldu zuen. Kartzelatik irten berriaren ahotik kantatu zuen Apaolazak, gaiari hertsiki heldu gabe. Igoa izan zen seigarrena, eta finalera iritsi zenaren ahotik kantatu zuen, zekarren bide onean. «Orain tokatzen da hauxe / gaur altutik ospatzea / ez baita makala gero / Printzipalen kantatzea», bukatu zuen lehen bertsoa, hala izango zela egiaztatu aurretxoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.