KRITIKA. Literatura

Enbarazu egiten duten gorputzak

(ID_13622619) (/EZEZAGUNA) pugo
'Puta gorda' albumaren azala.
2024ko otsailaren 25a
05:05
Entzun

'PUTA GORDA'

Idazlea: Yolanda Larreategi. Ilustratzailea: Helena Azkarragaurizar. Argitaratzailea: Erein.

Yolanda Larreategi eta Helena Azkarragaurizar izan dira XVII. Peru Abarka Album Lehiaketako irabazleak, batek letraz eta besteak irudiz ondutako Puta gorda obrarekin. Izenburuak, zuzen-zuzenean, lodifobiara garamatza, gure gizartean horren errotuta dauden gaitzetako batera, hain zuzen. Baina esango nuke, izenburutik hasita, album ilustratuak fobia gupidagabe hori ikusgarri egiteaz gain baduela beste helburu bat ere: lodifobiaren munstroak eragindako elikadura-portaeren nahasmenduak salatzea, gizartearen juzguak eragiten duen sufrimenduaren aurrean aldarri egitea, arazoa, pertsonala izateaz batera, soziala, eta, hortaz, politikoa ere badela azpimarratzea.

Izan ere, ez dakar beste barik lodi edo gorda baten egunerokoa, baizik eta gizartearen begietara puta gorda bat den nerabe baten kontakizuna. Eta horrek badu bestelako indarrik eta konnotaziorik. Albumak izenburuarekin bakarrik, hots, bi hitzekin soil-soilik esaten eta iradokitzen duen guztia indartsua iruditu zait, gizarteak sortzen dituen izendapenen eta horien adieren inguruan zer pentsatua ematen duena, behinik behin; arazo sozial batez hitz egiteko eta hausnarrarazteko hasiera ezin hobea, duda barik.

Narratologikoki, funtsean, endredorik edo konplexutasunik ez duen konta-molde baten alde egin dute autoreek, dela hitzez dela irudiz, eta eskertu dudan alderdia izan da hori, bere sinplean, protagonistari eta duen arazoari lekurik eta ahotsik kentzen ez dioten heinean. Gainera, irakurleak narratzaile autodiegetiko eta intimo batekin egingo du topo, alegia, protagonistaren beraren barneko ahotsa edo inkontzientea mintzo zaigu. Hala, protagonista bitan banatuta ezagutuko dugu: batetik, gizartearen aurrean egunero performatzen den nerabe bat, zeinak, ustez, bere adinari eta egoerari dagozkionak egiten dituen; bestetik, bere buru gaixoa, bere gorputza ez onartzera, jatera eta jarraian botaka egitera bultzatzen duen off-eko ahotsa. Horra hor elikadura-portaeren nahasmenduen errepresentazio narrotologikoa.

Bai narratzailearen ikuspuntuarekin bai soiltasunarekin asmatu badute ere, bada konbentzitu ez nauen alderdi bat, ordea: bukaera. Bat-batean eteten du narrazioak kontakizunaren haria, eta oso irekita uzten amaiera. Bukaera irekiak gustatzen zaizkit, edo espero ez bezala datozkizun itxierak, baina iruditzen zait hizpide dudan obrak ez duela sorpresa hori bilatu nahi izan, eta, ondorioz, prezipitatuegia iritzi diot hautuari, estetikoki erakarri nauen testuak, bat-batean, hustuta utziko banindu bezala.

Ilustratzailearen eskua eta hautua ere nabarmentzekoak begitandu zaizkit, ez bereziki irudi lasai, argi eta errealistak sortu dituelako; kontrara, nire harridurarako, pertsona distortsionatuak eraiki ditu eta espektro kromatiko bakarra erabili du, gainera, gorriarena. Marrazkiek ere, hortaz, testuak duen soiltasun horrekin bat egiten dute eta errealitatea modu berean erakusten digute: distortsionatuta eta sufrimenduz beterik, gorri-gorri, elikadura-portaeren nahasmenduren bat duen edonor bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.