Neure buruarekin haserretzen naiz batzuetan, musikaz idaztean gertakari handiez aritzen naizelako azkenean; euskal gizartean marka nabarmen bat utzi duten diskoez, ezinbestean landu behar diren gaiez eta musikez jarduten dudalako nik ere. Horretarako beharra sentitzen dut, nahiz eta nire egunerokoan ez diren horren zentralak izan sekula. Adibide batekin argiago azalduko dut agian: Jon Urzelairen munduan Killerkume da azken hamarkadako talderik esanguratsuenetako bat; nekez idatziko dut hori euskal musikaren historia laburtzen ari banaiz.
Hala behar du eta normala da, badakit horrenbeste. Kontua da neure frustrazio pertsonal hau ekarri didala gogora argitaratu berri den disko batek, Enarak taldearenak, hain zuzen. Enarak 1967an sortu eta 1971n amaitu zen talde bat izan zen, popa, psikodelia eta rocka uztartzen zituena. Azken kontzertutzat gerora akelarre gisa gogoratu izan den 1971ko Larraizko kontzertu hura antolatu zuten, baina Benito Lertxundi eta Mikel Laboa ere aritu ziren bertan eta, noski, gertakari hartaz jardutean Ez Dok Amairuren eztanda izaten da mintzagai eta ez haien inguruan biraka aritu ziren enara horiek.
Beñat Iturriotzek dokumental bat egin berri du Enarak taldeari buruz, Eneko Olasagastik 40ko eta 50eko hamarkadetan sona handia lortu zuen Los Xey boskoteaz ere ondu zuen beste bat, eta Marino Goñik badu Córtate el pelo izenekoa, Nafarroako 60ko rockaren ingurukoa. Elkar argitaletxeak ere Katebegiak bilduma argitaratu zuen orain gutxi, 70eko eta 80ko hamarkadetako rock progresibo ahaztuaz.
Goazen atzera berriz: 1958a da, Txina. Maok, Aurrerako Jauzi Handian, lurrak kolektibizatu eta industria garatu nahi du historia letra larriz idazteko, eta horren baitan txolarreen sarraskia agintzen du, bildutako uzta jaten omen baitute. Herri gisa jardutea ezinbestekoa da txori horiek akabatzeko: teilatuetara igo beharra dago, arrautzak suntsitu, gonga jo hegan jarraitu dezaten etengabe, nekearen nekeaz amildu daitezen. Erabateko hondamendia izan zen hura: txolarreen desagerpenak intsektu izurriak sortu zituen, otiarena tartean. Aurrerabidea dakarrena gailentzen da, bestelakoak ahazten dira, horren modu bortitzean ez izanagatik beti. Txori txikirik gabe ez dago irauterik, ordea.