Emozioen kaosaren logikatik

Bere bizitzan garrantzitsuak diren pertsonak gogoan, emakumezko oinazetsu batek dauzkan bakarrizketa dialogatuekin osatu du Jasone Osorok '12etan bermuta' nobela

Xabier Mendiguren, Jasone Osoro eta Pako Aristi atzo Donostian, liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Berta izeneko adin ertaineko emakumezko baten bizitza kontatzen du Jasone Osororen (Elgoibar, Gipuzkoa, 1971) 12etan bermuta ehun orrialde pasako nobelak (Elkar), azken hamabi urteotan ondu duen aurrenekoak. Egilearen esanetan, liburuak ez dauka egitura narratibo logiko bat, eta paragrafoen bidez josi du. «Bakoitza da pentsamendu bat, sentimendu bat, hausnarketa bat». Maitasuna, jeloskortasuna, damua, beldurra, nartzisismoa, mendekotasuna... Azken batean,emozioen kaosaren logikatik idatzita dagoela iruditzen zaio. «Krisi bat bizitzen ari baldin bagara, geure pentsamenduak ere zaparradan eta ordenarik gabe etortzen dira». Kapituluka egituratu du, eta, horietako bakoitzean, bakarrizketa dialogatuen bidez mintzo zaie Berta bere bizitzan garrantzitsuak diren pertsonei: amari, aitari, amamari, senarrari, alabari, maitaleari, anaiari, lagunari eta baita bere buruari ere.

Eta Osororentzat, hain zuzen, «terapeutikoa» izan da eleberriaren idazketa, gisa horretara atera baititu kanpora barruan trabatuak zituen gauza asko. Donostian aitortu zuen atzo, liburuaren aurkezpenean, zer bizi izan duen azken urteotan. Duela zortzi erabaki zuen ama izatea, eta haurdun geratu zen. «Etapa berri bati ekin nion: hasi nintzen, literalki, barrura begiratzen». Jaio zen Duna bere alaba, baina jarraitu zuen barrura begira bizitzen. «Eta horrek, automatikoki, eragin zidan galerari beldurra». Izua gauzak ondo ez egiteari; osasuna galtzeari; maite duen jendea zein bere bizitza galtzeari.

Barruan korapilatuak zituenak askatzeko ahaleginean, berak sentitzen zuena partekatu zuen sentsazio horiek zituzten amekin, eta irakurgai jakin batzuk bilatzeari ekin zion, gainera. Bien bitartean, somatizatzen ere hasi zen: mina belaunean, sabelean, bizkarrean... Harik eta, iazko udan, eztarrian nodulu bat zuela jakinarazi zioten arte. «Hor neuzkan trabatuta azken zortzi urteotan barrura begiratzeko prozesuan asmatu eta pentsatutako beldurrak, erantzunak».

Erabaki zuen, beraz, familiarekin Cadizko kostaldeko herri batera joatea (Espainia). Jada han zela, hondartzarako bidean, Valerie Mrejen idazle frantziarraren Eau Sauvage liburuaren ale batekin topo egin zuen erakusmahai batean. Hura ere paragrafoka osatuta dago. «Toki hartan eta liburu hura irakurtzen ari nintzela, konturatu nintzen bazela garaia kanporantz begira bizitzen hasteko berriro, eta nire barruan sortutako guztiari bide bat emateko». Liburuan «botaka» egin du pilatuta zeukana.

Idazteko modua, hortaz, «oso inpultsiboa, kaotikoa» izan da. Irizten dio margolan inpresionista baten modukoa dela liburua, nahiz eta ez duen bilatu halakoxea izatea. «Parrafo bakoitzak kolore bat daukala dirudi, baina bukaeran halako paisaia emozional bat ikus daiteke». Osorok argia ikusi zuen iazko udan Cadizen. «Ahalegindu naiz Berta ere esnarazten bukaeran, halako argi printza batzuk sartuta». Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako XVI. Agustin Zubikarai beka irabazi ondoren ondu du 12etan bermuta.

Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen aburuz, Osororen nobelarena «eskema interesgarria» litzateke norberak bere «autobiografia kamuflatu bat» egiteko. «Sortutako pertsonaiak, halere, ez dauka Jasoneren [Osoro] antzik, eta ikusten da pertsonaia eratu bat dela. Kontatzen dituenak kontuan hartuta, edonor senti daiteke identifikatuta». Egileak pentsatzen du «bizitzari» buruz idatzi duela, finean.

«Ez da gauza estandarra»

Pako Aristi idazle eta Osororen lagunak ere parte hartu zuen atzo aurkezpenean, eta uste du estiloa «oso bitxia» dela. «Arriskatu egin da, eta apustu egin du: narraziorik gabe kontatu du zerbait. Oso moderno eta berritzailea da; ez da gauza estandarra». Berta pertsonaia ere ez da halakoa, Aristiren hitzetan. «Autorrepresioa, autokontrola, pikutara bidali ditu. Den bezalakoa agertzen da, barruan dituen pentsamendu aitorrezinekin. Aske da». Mendigurenentzat, Osorok lortu du «heldutasun bat» estiloan, aurrez kaleratu zituenak baino «konplexuagoa, ausartagoa» delako azkena.

Aurreko fikzioa, Greta (Elkar), 2003an argitaratu zuen —Tentazioak (1998) eta Korapiloak (2001) narrazio liburuekin egin zen ezagun euskarazko literatur munduan—, eta, azken urteotan gazteentzako lan batzuk ondu dituen arren, «beharbada bertigoagatik» ez du helduentzako literaturarik osatu. «Idazten nituen gauzak, eta utzi, eta ezabatu... Bizitzaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta zalantza eta beldur gehiago edukitzen dituzu: 'igual ez naiz gai izango'; 'ez badut ekarpen ganorazko bat egiten...'. Aitzakia bila aritu izan naiz ez idazteko».

Izenburuari dagokionez, egileak zehaztu zuen bermuta dezentetan ageri dela liburuan, eta parentesi bat, «une zoriontsu bat» izaten dela Bertaren bizitzan. «Ez da beste ezer existitzen bermuta hartzen ari zaren momentuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.