Emozioen dardarak zelatatzen

Nerea Loiolak helduentzako bere lehen liburua atera du: 'Epizentroa'. Ereinekin argitaratu du

Nerea Loiola idazlea, Epizentroa ipuin liburua eskuetan duela, atzo, obraren aurkezpenaren aurretik. GORKA RUBIO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Hipozentroaren proiekzio bertikala dagoen lurrazaleko gunea da; hau da, lurrikara edo mugimendu sismiko bat indar gehienez sumatzen den lurrazaleko gunea». Hori da epizentro hitzaren esanahia. Nerea Loiolak azalpen zientifikoa metafora gisa erabili du Epizentroa liburua ontzeko. Haur literaturan zenbait lan argitaratutakoa da Loiola, bainahelduentzako lehen liburua du: zazpi ipuinez osatutako obra da, eta kontakizunek, funtsean, lurrikara emozionalen jatorriaren eta haien ondorioen arteko lotura eta distantzia jorratzen dituzte. Erein argitaletxearekin kaleratu du.

«Bizitzan lurrikara ugari izaten ditugu gure baitan; egunerokoan gertatzen dira batzuk, une jakin batzuetan beste batzuk: haur bat izatean, harreman bat amaitzerakoan, lana aldatzean... sistemak ezarritako ustezko zoriontasuna osatzean gertatzen direnak». Askotarikoak dira, autorearen arabera, seismook eragiten dituzten egoerak eta bizipenak, batzuk «pozgarriak» eta beste batzuk «zorigaiztokoak»; alabaina, batzuetan identifikaezina izaten da horien sorrera, dena abiarazi duen eztanda. Eta hori ere nabarmendu du Loiolak liburuan: «Lurrikarak lurrazalean ikusi eta nabaritzen ditugu, baina antzematen duguna oso urruti dago mugimendu sismikoaren fokutik. Non, noiz eta nola gertatu den lurrikara hori, eta non, noiz eta nola nabaritzen dugun guk: horretaz ari naiz». Hala, «ipuin askok iraganaren eta orainaldiaren arteko kontrastearekin jokatzen» dutela adierazi du autoreak. «Batzuetan, pertsonaiak kontziente dira lotura horretaz, eta, beste batzuetan, ez».

Bildumako ipuinak autonomoak dira, haien arteko lotura jakinik gabe aurreikusiak, baina, hala ere, bat egiten dute. «Esango nuke giza harremanetan ezarritako ardatza eta erabakien inguruko aferak direla liburuari osotasuna ematen diotenak». Jopuntu jakinik gabe, istorioek eta protagonistek eurek bideratu dituzte narrazioak; «askotariko gaiak» azaldu dira idazketa prozesuan, baina elementu batzuk errepikatu egiten dira narrazioetan, Loiolak azaldu duenez: «Alde batetik, protagonista guztiak emakumezkoak dira, adin eta ezaugarri desberdinetakoak; bestea alde batetik, gai batzuk maiz azaltzen dira narrazioetan: maitasuna, desioa, sexua, nahiak, ardurak, ezinak...».

Forma ere, askotarikoa

Lurrikara hitzak iradokitzen duen bortizkeriaren kontrara, dardara emozionalek sortutako detaile txikiei erreparatu die Loiolak, Ereineko editore Inazio Mujikak azpimarratu duenez: «Oso ona da egoerak eraikitzen eta amildegiak deskribatzen, baina hobea da keinuak azaltzen eta xehetasunak adierazten». Loiola ados agertu da editorearen balorazioarekin: «Arreta handia jarri dut keinu eta ekintza txikietan eta harremanen simetrian eta asimetrian, eta ez naiz soilik bikote harremanez ari».

Hainbat ikuspuntutatik heldu die errealitate horiei, berarengandik «urrun» kokatzen diren ahotsez baliatuta, batzuetan: Itsaso zuria-ko narratzailea haur bat da; Cuisine et Sante-ko protagonista, berriz, lesbiana da, eta 17.03-koa, migratzailea. Literatur aditu batek ohartarazi zion horretaz, ipuinen zirriborroa irakurtzerakoan: «Hala esan zidan: 'Konturatu zara zugandik oso urruti dauden pertsonaia batzuei eman diezula ahotsa? Ariketa zaila da hori, arriskutsua batzuetan; zergatik egin duzu?'». Onartu duenez, artean ez zuen erantzunik, «sorkuntza prozesuan modu inkontzientean» eginiko hautua izan baitzen. «Baina, gerora, ulertu dut distantzia behar nuela: pertsonaiak nigandik urrundu behar nituen gai batzuk mahai gainean jarri eta neure buruarekin zintzoa izan ahal izateko».

Dena den, urrunketa ez du soilik ahotsen bidez erdietsi. Izan ere, kontakizunetako bati distopia trazak eman dizkio. «Exit ipuina da, beharbada, guztietan desberdinena. Besteak egunerokotasunean errotuta daudela esan daiteke, gertuago sentitu ditzakegu hasiera batean. Nolanahi ere, Exit-eko pertsonaiek eta giroak gertutasuna emango digute». Kronologikoki hurbilagoa da Egin behar nuena egin nuen: beste emakume bati hizketan ari zaion andre bat du ardatz, eta lehen pertsonan idatzia dago hau ere: «Ezohiko bakarrizketa» bat garatuko du narrazioak. Erritmoari erreparatuta, berriz, Cuisine et Sante eta 17.03 «pausatuenak» dira, baita narraziorik luzeenak ere; «nobelaren pultsura hurbiltzen dira», idazleak nabarmendu duenez.

Helduentzako lehen liburua duen arren, Loiolak dagoeneko lortu du «ahots identifikagarri bat», editorearen iritziz. Kontatzeko modu «lotsagabea» du idazleak, «konplexurik gabekoa, freskoa eta askea», Mujikak aletu duenez. «Apaindurarik gabeko hizkuntza da: efizientea eta efikaza. Zuzen eta zehatz marrazten ditu gaiak eta pertsonaiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.