Emozioak minimalismotik

Jon Fosse idazle norvegiarrak irabazi du 2023ko Literaturako Nobel saria. Eleberriak idazten hasi zen gaztetan, eta, genero guztiak landu dituen arren, antzerkirako idatzi ditu lanik gehienak

Jon Fosse, 2023ko Literaturako Nobel sariduna, Osloko antzokian, 2019an. HAKON MOSVOLD LARSEN / EFE/EPA.
garbine ubeda goikoetxea
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Jon Fosse (Haugesund, Norvegia, 1959) idazle oparoak jaso du 2023ko Literaturako Nobel saria. Suediako akademiako idazkari Mats Malmeren hitzetan, «bere antzerki obren berritasunagatik» eta «bere prosak esanezinari ahotsa ematen diolako» egin du epaimahaiak Fosseren alde, Margaret Atwood (Kanada), Michel Houellebecq (Frantzia), Can Xue (Txina), Liudmila Ulitskaia (Errusia) eta Haruki Murakami (Japonia) atzean utzita. Annie Ernaux frantsesari erreleboa hartu, eta 11 milioi koroa suediar (860.182 euro) poltsikoratuko ditu, sariak dakarren ospea eta prestigioa bereganatzeaz batera.

Nerabezarora heltzearekin batera hasi zen idazten. 12 urte inguru zituela, musika zen haren pasioa, eta bazekien gitarra eta biolina jotzen. Horren lagungarri, hitzak sortzen hasi zen doinuak osatzeko. «Oso gogokoa nuen idaztea, horretan ari nintzenean beste nonbait sartzen nintzela iruditzen zitzaidalako. Bakarrik eta babesean egon ahal izateko aterpea zen niretzat», adierazi zuen El Pais egunkarian, 2019an egindako elkarrizketa batean.

Musikan, baina, ez zuen esperotako emaitzarik lortzen, eta, behin betiko utzirik, idazketara bideratu zuen bere sormenerako grina. 20 urte betetzerako, eleberri epiko bat zeukan amaituta.

1983an, 23 urte zituela eman zuen argitara bere lehen lana, Raudt, svart (Gorri, beltz) eleberria. «Hura idatzi, eta bat-batean idazle nintzen», zioen harrituta, El Pais-eko elkarrizketa berean. Prosaz idatziriko beste hamabost lan plazaratu zituen horren atzetik; ezagunenetakoa Naustet (1989), munduan sona emango zion generoari —alegia, antzerkiari— heldu baino lehen. 1994an taularatu zen haren lehen antzerki lana, Og aldri skal vi skiljast, eta, geroztik, horretan dihardu, besteak beste.

Antzerkigile oparoa da Fosse. Horren adibide da antzerkirako sortu duen obra kopurua: 20 urtean 30 baino gehiago, denak norvegieraz. Bestalde, beste horrenbeste hizkuntzatara itzuli zaizkio obrak, eta Europako herrialde askotan eraman dira oholtzara. Antzerki esperimentalean eta postmodernismoan sailkatu izan dute askotan, haren obrak aski poetikoak diren aitzakian batez ere, nahiz eta autorea etiketarekin ados ez egon: «Ez zaizkit kontzeptuak gustatzen».

Idazketa minimalista

Fosseren originaltasuna hizkuntzaren erabileran datza. Hizkera sotila, joskera sinplea eta idazkera minimalista erakusten dute haren lanek. Barne begiradari jartzen dio arreta, eta sakonera eraman nahi izaten ditu irakurle-ikusleak, funtsaren bila. Bere pertsonaiei ez die izen berezirik ematen, zehaztapen handirik gabe izendatzen ditu askotan: «halako», «hura», «bestea», «semea» edo «aita» dira. Pertsonaia horien iraganak ez du axola, ezta haien itxurak ere. Muturreko egoeretan ipintzen ditu sarri.

Ez die «sekula» aurpegirik jartzen, 2003an Le Monde egunkarian azaldu zuenez: «Ahotsak dira. Ez dut pertsonaiarik deskribatzen, ez behintzat bere zentzurik tradizionalenean, alde humanoaz dihardudalako». Ahots konplexuak dira, inondik ere, eta, horretarako, hizkuntza du tresnarik behinena. Hizkuntzak, finean, «gauza bat eta haren kontrakoa» adieraz dezake aldi berean, eta hori bera baliatzen du tentsio momentuetan beldurra, bakardadea, abandonua, etena, bazterketa eta antzeko grinak adierazteko.

Izan ere, emozioak eta aldarteak ditu jomuga. Tramari baino garrantzi handiagoa ematen die, bereziki antzerki lanetan.

Baina Fosse antzerkigile edo dramaturgoa baino gehiago da. Eleberria, poesia, saiakera, haur eta gazteentzako liburuak, itzulpengintza, finean, idazkuntzaren genero guztiak landu ditu.

Idazteko baliabideen artean, nabarmenak dira errepikapenak, geldialdiak eta puntuazio markak; zehazki, punturik eza, ez baititu inoiz jartzen, erritmo berezia lortzearren. «Baliteke gaztetan musikari txarra izan nintzelako izatea», azaldu izan du horren harira: «Niretzat idaztea entzutea da, ekintza musikala da, intelektuala baino gehiago».

Norvegian izar nazional bilakatua da aspaldian, eta, haren prestigioaren eta egiten zaion aitortzaren seinale, haren obra eskoletan lantzen da, eta estatuak etxe bat utzia dio Osloko Erret jauregiaren barrutian, doan, bizi den artean erabil dezan.

Sari ugari lortu du. Besteak beste, Ibsen saria 2010ean, eta Nynorsk literatura saria 1988an eta 2003an. The Dayly Telegraph egunkari britainiarrak, berriz, bizirik dauden ehun jenioen artean 83. postuan sailkatu zuen.

Herrialde horretan balioespen handia dute idazleek, eta bekak eta bestelako laguntza ugari dituzte sortzaileen lana bultzatzeko. Fossek berak esana da «Norvegia eta literatura bereiz ezinak» direla. Hain zuzen, Erresuma Batuan izan du haren prosak antzerkiak adinako onespena azken urteetan.

Suediako akademiaren erabakia jakin aurretik, Can Xue idazle txinatarra zen kiniela askotako irabazlea. Asiar letretan erreferentzia garrantzitsua izateaz gainera, estilo berritzailea goretsi izan zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.