Unibertso emozionala, gure kulturan, emakumeekin lotu izan da tradizioan. Genero sistemak ez ditu ontzat jo izan emozioen adierazpen publikoak, eremu pribatuan gordetzekoak, irrazionalak edo are arriskutsuak direlakoan. Hainbat emakumek, ordea, emozioen balioa aldarrikatu eta oholtza gainean jarri dute esparru askotan. Bertsolaritzan ere bai. Bertsoaren munduak izandako aldaketen inguruan generoaren ikuspegitik gogoeta egiteko proposamena eraman zuen Jone Miren Hernandez EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak Villabonara (Gipuzkoa), Emozioen labirintuan. Emakumeen hitza, ahotsa eta bertsolaritza: norabide ezberdin baten bila? izenburupean atzo eman zuen hitzaldian.
Gizarte aldaketak jakintza eta diziplina askotatik aztertzeko bertsolaritza eremu aberatsa eta zabala dela uste du antropologoak. Horregatik, bertsolaritzari eta generoari buruzko ikerketa hasi du, «ausardiaz, eta bertsolaritzarekiko ezjakintasunetik». Bertsoaren munduak izandako bilakaera eta zabalkundea nabarmendu ditu, baina honako baieztapen hau egin du jarraian: «Asko aldatu dela esango nuke, baina aldatu gabe». Adibide gisa aipatu du egun andrazko asko dabiltzala bertsolaritzan, «baina ezin da ahaztu beti egon direla; berrikuntza dirudi, baina tradizioa ere bada». Halere, egungo bertso mundua oraindik gizonena dela dio, «beren ikuspegitik egina, eta beren beharren arabera diseinatua».
Alor horretan, dena den, aldaketa garrantzitsuak izan direla uste du Hernandezek, eta emakume bertsolarien eskutik iritsi direla. «Aldaketetan protagonista izan dira, izaten ari dira eta izango dira, besteak beste, askotan tradizioagatik itota sentitu direlako». Erreferente kate bat sortuz joan dela dio, eta Kristina Mardaras, Arantzazu Loidi, Estitxu Arozena eta Maialen Lujanbio aipatu ditu katebegien artean. Eta kanpotik baino gehiago barrutik eman den aldaketa hori Lujanbiok irudikatu duela uste du. «Maialenek mahai gainean jarri du emozioen gaia, eta bere ibilbidearekin aztarnak jarri ditu pentsatzeko bertsolaritzaren beste definizio bat posible dela».
Genero sistemak ezarritakoaren kontra, emakume emozionalaren figura aldarrikatzen dute feminismoaren hainbat ildok: emozioak arazoen isla direla diote, emakume askok dituzten arazoen isla, eta, beraz, politikoak, publikoak behar dutela izan. Hartara, emozioek indar handia dute arazoak kritika sozial bihurtzeko. Antropologoaren ustez, bertsolaritzan ere badira emakume emozionalak, eta, haien bidez, emakume gisa bizitako emozioak «partekatuak eta sozialak bihurtu dira, publikotasuna irabazi dute».
Maskulinitate berriak
Gizakiongan sexu-genero sistemak duen eragina aztertu zuenondoren Xabier Odriozolak, Parekidetasuna eta maskulinitate berriak izenburupean eman zuen hitzaldian. Bizi garen gizarte kapitalisten ardatza patriarkatu hegemonikoa dela eta herritar guztiei eragiten digula azaldu zuen.
Haren ustez, iraunarazteko kapitalismoak ezartzen dituen tresnen artean, «sexu-genero sistema da indartsuenetakoa, hots, gizonezkoen menderakuntza fenomenoa». Gizonak beste gizon batzuk, emakumeak, gazteak, beste etnia zein herrialdeak eta natur baliabideak mendean hartzean oinarritzen da hori. «Egoera horretan, zaila zaigu pertsona osoak izan gaitezkeela sentitzea, etengabe menderatu edo menperatzaile roletan kateaturik gaudelako».
Odriozolaren ustez, hortaz, garrantzitsua da egunerokoan sistemak norberarengan dituen eraginez hausnartzea eta ohartzea. Gogoeta horiek elkarrekin egitera gonbidatu zituen entzuleak.
Bertsolari Elkartearen genero batzordeak antolatutako Umorez: generoa bertsolaritzan jardunaldietan egin zituzten bi hitzaldiak. Datorren ostegunean Leire Ibarguren ariko da hizlari Villabonan, eta Ornitorrinkusen emanaldia ere izango da.
Emozioak, arazo publikoen isla
Emakume bertsolariak beren bizipenak kritika sozialerako baliatzen hasita daudela dio Jone Miren Hernandezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu