«Baina gustatzen zait/ isilunean pentsatzea/ begitara begiratzean./ Baina gustatzen zait/ irudimena erabiltzea/ zure itzala ikusten dudanean». Sara Azurzaren (Donostia, 1997) Hemen berriro kantuaren hitzak dira, eta, hain justu, kantuaren izen bera jarri dion diskoan jaso du. Orain gutxi argitaratu du lana, Zart kolektiboarekin. Bizitzaren ziklo emozionalaren gaineko hausnarketa eraman du disko berriko kantuen artera. «Pozik» dago behin diskoa kaleratuta; «erditu» izan balitz bezala; «pisu handi bat gainetik kenduta».
Eñaut Gaztañagak ekoiztutako bederatzi kantu jaso ditu diskoan: Esaidazu, Uste ustela, Unexpected people, Hemen berriro, Thinking, Gauero, Beranduegi da, Ez ohildu, La lune. Horietatik bi dira ingelesez, eta bat frantsesez. Izan ere, azaldu du lotura estua duela Frantziarekin eta Kanadarekin, eta horiei keinu bat egin nahi izan die. Euskaraz egin ditu, ordea, gainerako kantu guztiak. «Euskararen aldeko apustua egin nahi izan nuen nire ama hizkuntza delako, eta euskaraz ateratzen zaizkidalako abestirik intimoenak».
Badu intimotik diskoak. Izan ere, antsietateari buruz ari da abeslaria kantu batzuetan, eta hain zuzen —publikoki esana du lehenago ere—, antsietatea jasandakoa da bera. Hastapenetan ez zekien zer zen eztarrian sentitzen zuen «korapilo» hori; inoiz sentitu gabea zen halakorik. Haren ustetan, «oso gutxi» hitz egiten da buruko gaitzez. Musika izan du Azurzak horri aurre egiteko lanabes, eta osasun mentala aldarri hartuta ondu du Hemen berriro. «Ez digute irakatsi sentitzen ditugun emozioak kudeatzen, eta musika izan da, nolabait, nire kudeatzeko modua».
Euskal Herrian pop-soul musika estiloari ateak ireki nahi zizkiola adierazi zion abeslariak BERRIAri 2021eko udan; euskal musikan nolabaiteko «iraultza sortzea» baitu helburu. Pop-soul doinuak ez ezik, funkya eta elektronika ere tartekatu ditu disko berriko kantuetan. «Uste dut Euskal Herrian aldaketa bat gertatzen ari dela musikari dagokionez, eta nik ere hori egin nahi izan dut disko honetan».Baita egin ere. Doinu dantzagarriak dira gehien-gehienak, eta bere ahots leuna gehitu die melodia horiei. Kantu pare batean, gainera, beste ahots bat izan du ondoan lagun: Gartxot Unsain abeslariarena; Uste ustelak eta Ez ohildu kantuak elkarlanean ondu baitituzte. «Aspalditik ezagutzen dut Gartxot. Artista handi bat dela iruditzen zait; asko gustatzen zait egiten duen musika, eta argi neukan harekin egin nahi nuela disko berriko kanturen bat». «Oso pozik» dago azken emaitzarekin, eta ingurukoei ere asko gustatu zaiela gaineratu du. «Uste dut aurkitu dudala gustuko dudan estiloa, baina momentu oro nabil nire estiloa definitzen eta identifikatzen. Hori egiten jarraitu nahi dut aurrerantzean».
Oso gazte zelarik eman zion arreta musika munduak Azurzari. 15 urterekin ekin zion kantu klaseak hartzeari, eta gitarra ere ikasitakoa da. Bere abeslari ibilbidea, ordea, 17 urte zituela hasi zuen: ETB1eko Kantuan programan oholtzara igo zenean. Bertan ezagutu zuen Iker Lauroba musikaria, eta harekin batera eman zituen bere lehen urratsak. Hainbat talderekin egin du lan geroztik; artean, Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley artistekin. 2018an argitaratu zuen bakarkako lehen lana: Theorein. Euskarazko zeiningelesezko bost abesti bildu zituen album horretan; ia denak berak idatziak.
Aurkezpen kontzertua
Urtarrilaren 27an eman zuen argitara Hemen berriro, eta bihar bertan emango du aurkezpen kontzertua, Donostiako Lugaritz kultur etxean. Ez da bakarrik izango oholtza gainean, bere taldea osatzen duten musikariak lagun izango baititu bertan: Iker Lauroba (teklatua eta gitarra), Julen Barandiaran (baxua) eta Haritz Lauroba (bateria). «Urduri nago, baina gogoa daukat egin dudan hau jendeari zuzenean erakusteko».
Lehenengo saioa Donostian izango da, baina bere lan berria «Euskal Herri osoko eszenatokietara» eramatea du helburu abeslariak, nahiz eta oraindikkontzertuak lotzen ari den. Maiatzaren 4a begiz joa du dagoeneko; izan ere, Hernaniko Biteri kultur etxean (Gipuzkoa) izango da egun horretan.
Emozioak akordeen oinarrian
Sara Azurzak 'Hemen berriro' diskoa kaleratu du, Zart kolektiboarekin. Bizitzaren ziklo emozionala du ardatz diskoak. Askotariko musika estiloak tartekatu ditu kantuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu