Donostiako 72. Zinemaldia

‘Emmanuelle’ filmarekin hasi da Sail Ofizialeko lehia

Emakume baten plazerean arakatu du Audrey Diwanek bere lanean. Zinemagile frantsesak azaldu du «giro berezi bat sortuz» landu nahi izan duela erotismoaren gaia.

Audrey Diwan zinemagilea —lehena ezkerretik—, 'Emmanuelle' filmeko lantaldearekin, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Audrey Diwan zinemagilea —lehena ezkerretik—, 'Emmanuelle' filmeko lantaldearekin, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko irailaren 20a
15:10
Entzun

Erotismoari eta plazeraren bilaketari buruzko film batekin abiatu da Donostiako 72. Zinemaldia. Audrey Diwan zinemagile frantsesaren Emmanuelle-k inauguratu du Sail Ofizialeko lehiaketa, eta emakume batek bere plazera aurkitzeko egiten duen bidaia izan dute ikusgai Kursaalean goizeko emanaldian bildutako ikusleek. Txalo jo diote amaieran, baina ez oso ozen.

Hainbat hotelen jabe den enpresa handi batean lan egiten du Emmanuellek, filmeko protagonistak, eta horietako bat ikuskatu eta ebaluatzera bidali dute Hong Kongera. Han emango dituen egunetan, zorrotz gainbegiratuko du guztia, ñabardura guztietan arreta jarriz, huts txikiena ere antzeman nahian. Eta bitartean, jende ugari ezagutuko du luxuzko ingurune horretan; tartean, etengabe izkin egingo dion gizon misteriotsu bat. Egonaldiak iraun bitartean, desioaren bilaketak gidatuko du emakumea.

1974an Just Jaeckin zinemagile frantsesak ondutako Emmanuelle filma moldatzeko proposamena jaso zuen Diwanek. Pelikula hark Emmanuelle Arsan idazlearen izen bereko nobela zuen oinarri, eta hautsak harrotu zituen bere garaian. Baina zuzendariak zehaztu du ez duela haren egokitzapen bat egin: «Ez nuen film hura osorik ikusi, zati bat baino ez, eta irudipena izan nuen ez nintzela ikusle egokia. Baina ekoizleek liburua eman zidaten, eta jakin-minez irakurri nuen; film hark inpaktu handia izan zuen nire herrialdean, eta pertsonaia hura nondik zetorren jakin nahi nuen». Gogora ekarri du liburuaren hasieran erotismoari buruzko eztabaida bat dagoela, eta, hain justu, bere buruari galdetu zion zineman nola landu zitekeen gaia, «kontuan hartuta erotismoa, erakusten den hori ez ezik, ezkutatzen den hori ere badela». Haren ustez, 1970eko filmak «markoa zabaldu» zuen, baina azaldu du beste zerbait egin nahi izan duela.

Izan ere, liburua irakurri eta hilabete batzuetara Emmanuelle izena zuen emakume batengan pentsatzen hasi, eta kezka bat sortu zitzaion. Diwan: «Galdera zen ea zer harreman dugun plazerarekin gure gizartean, eta ez soilik sexuari dagokionez, baizik eta nola tratatzen dugun plazera. Klimax bat izatea, gure onena ematea, arrakasta edukitzea... hainbeste gauza eskatzen zaizkigunean ere, plazera sentitzen al dugu?». Orduan, erabaki zuen buruan zuen emakume horrengan eta haren sentipenetan jartzea arreta osoa, «haren iragana ahaztu, eta harengan eta haren gorputzean zentratzea, hark sentitzen zuena ikusleak ere senti zezan».

Lekua fantasiari

Emakumearen plazerean, «sistema konplexu horretan», arakatu nahi izan duela nabarmendu du zuzendariak, eta nola funtzionatzen duen aztertu; fantasiari dagokionez, esaterako. «Halako batean, bizitzan, jabetzen zara gorputzak muga batzuk dituela, eta barnera itzuli nahi baduzu zeure buruari denbora eman behar diozula istorio bat sortzeko, fantasiarako». Hausnarketa horiek, sexu eszena esplizituen bidez baino gehiago, «giro berezi bat sortuz» erakusten saiatu da, esan duenez. «Erotismoa egon daiteke jendearen begiradetan, hitzetan... ekaitz bat ere izan liteke erotikoa. Beraz, giro hori, tonu hori lortzeko lan egin dugu, ikusleari esparru bat eman nahi niolako bere sentipenak proiektatzeko eta filma bere kasa interpretatzeko». Gaineratu du erantzun guztiak ematen ez dituzten filmak maite dituela ikusle gisa.

«Galdera zen ea zer harreman dugun plazerarekin gure gizartean. Hainbeste gauza eskatzen zaizkigunean ere, plazera sentitzen al dugu?»

AUDREY DIWANZinemagilea 

Noemie Merlant aktoreak jokatu du protagonistaren rola filmean, eta, Will Sharpe, Chacha Huang eta Jamie Campbell Bower aktoreekin batera, zuzendariaren alboan izan da Donostian, filmaren aurkezpenean. Merlantek azaldu du ez zuela ezagutzen 1970eko hamarkadako Emmanuelle, baina protagonistaren rola jokatzea proposatu ziotenean, zenbaitek «arriskutsua» izan zitekeela ere esan ziotela. «Eta pentsatu nuen jendea beldur bazen hor bazela kontatzeko zerbait, ez baita normala erotismoaz eta sexuaz ezin hitz egitea emakumezko zuzendari baten ikuspegitik».

Haren hitzetan, hark jokatzen duen pertsonaia bere gorputzetik kanpo dago filmaren hasieran: «Gizartearen eskakizunei erantzuten die, eta ez du plazerik lortzen; robot baten gisakoa da». Ondoren, baina, «bidaia bat» egiten du bere buruarekin berriro konektatzeko eta plazera topatzeko. «Uste dut oso interesgarria dela plazera eta sexua bilatzen dituzten emakumeen istorioak izatea». Diwanek gehitu duenez, emakume baten plazerean zentratu bada ere, ez luke nahiko bere lana emakumeentzat baino ez den film baten gisan hartzea, eta ikusle orori egin dio gonbita protagonistaren larruan jartzeko.

Zuzendariaren bigarren filmak, L’événément-ek, Urrezko Lehoia irabazi zuen 2021eko Veneziako Jaialdian, eta Diwan Donostiako Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kide izan zen urte hartan bertan. Donostian estreinatu du orain bere hirugarren film luzea, eta Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien artean da, beraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.