Zinema

'Emilia Pérez' nagusi Oscar sarietako izendapenetan

Iaz 'Oppenheimer'-ek lortu zuen marka berdindu, eta hamahiru izendapen bildu ditu. Filmeko protagonista, Karla Sofia Gascon aktorea, Oscarretarako hautagai den lehen emakume transa da.

'Emilia Pérez' filmeko fotograma bat.
'Emilia Pérez' filma.
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko urtarrilaren 23a
17:30
Entzun

Kalifornian piztutako suteen ondorioz, birritan atzeratu zuten Oscar sarien hautagaiak iragartzeko eguna. Baina heldu da azkenean, eta Hollywoodeko Akademiak jakinarazi ditu jada 97. aldiko sarietarako izendatuak. Emilia Pérez izan da nagusi zerrendan: hamahiru izendapen bildu ditu Jacques Audiarden filmak —tartean, filmik onenaren eta zuzendaririk onenaren sarietarakoak—, iaz Oppenheimer-ek izandakoak bezainbeste. 

Hollywoodeko Akademiak orotara hamar hautagai aukeratu ditu filmik onenaren sarirako. Horien artean, eta Emilia Pérez-en ondotik, The Brutalist (Brady Corbet) eta Wicked (Jon M. Chu) dira hautagaitza gehien lortutako filmak; hamarna dituzte. Zortzi dituzte, bestalde, A Complete Unknown-ek (James Mangold) eta Conclave-k (Edwar Berger) —azken hori Donostiako Zinemaldian eman zuten irailean—.

Zuzendaririk onenaren sarirako, bost hautagai izendatu dituzte, eta horietatik bakarra da emakumezkoa: Coralie Fargeat, The Substance filmaren zuzendaria. Martxoaren 2ra arte itxaron beharko da ikusteko garaikurrak nork eskuratuko dituen. Ohi den moduan, Los Angelesko Dolby antzokian izango da sariak banatzeko ekitaldia.

Izendatuen zerrenda, izatez, urtarrilaren 17an ziren argitaratzekoak, baina, urtarrilaren 7an Kalifornian piztutako suteen ondorioz, egun batzuk atzeratzea erabaki zuten, urtarrilaren 19ra; ikusita egoerak ez zuela hobera egin, azkenean erabaki zuten gaur ematea hautagaien berri.

Bete dira apustuak

Izendapenen aurretik egindako faborito zerrendetan ia bete-betean asmatu dute. Horien artean zen Emilia Pérez, hautsak harrotu baitzituen estreinatu eta berehala. Ritaren istorioa kontatzen du filmak, droga kartel batekin lan egitea onartzen duen abokatu batena. Film musikal bat da. Protagonistaren rola Karla Sofia Gasconek jokatu du, eta emakumezko aktorerik onenaren saria lor dezake —sari horretarako izendatzen dute lehen emakume transa da—. Gasconekin batera aritu zen Zoe Saldaña, eta taldeko emakumezko aktorerik onenen saria lortzeko hautagaien artean dago.

Gizonezko aktorerik onenaren sarirako apustuetan, izen bat gailentzen zen: Adrien Brody. Bada, asmatu dute zinemazaleek, hautagaien zerrendan sartu baitute. The Brutalist pelikulan parte hartu du —bihar estreinatuko da Hego Euskal Herrian, eta otsailaren 12an Ipar Euskal Herrian—. 1940ko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerraren ostean, AEBetara migratuko duen arkitekto baten rola jokatzen du Brodyk. Film hori Brady Corbeten hirugarren lan luzea da. Proiektu horretan parte hartu duten beste bi aktorek ere lortu dituzte izendapenak: Felicity Jonesek taldeko emakumezko aktorerik onenaren kategorian, eta Guy Pearcek taldeko gizonezko aktorerik onenarenean.

Aipatutako bi film horiek nagusi izan ziren Urrezko Globoetan ere. Lehenak lau sari erdietsi zituen, eta bigarrenak, berriz, hiru.

Film musikalen urtea izan da 2024a. Hain zuzen, Wicked pelikulak ere badu aukerarik sariren bat eskuratzeko: Oz-eko mundu magikoan girotuta dago, eta jende ugari erakarri du zinema aretoetara. Ariana Grande musikari eta aktorea Glindaren rolean aritu da, eta taldeko emakumezko aktorerik onenaren sarirako hautagaietako bat da. Haren kide Cynthia Erivok, berriz, aukera du emakumezko aktorerik onenaren saria eskuratzeko.

Memorietan oinarrituta

Nazioarteko filmik onenen artean aukeratu dute Brasilen ekoitzitako Ainda estou aqui filma, eta filmik onenaren sarirako hautagai ere bada. Marcelo Rubens Paivaren memorietan oinarrituta dago proiektua: diktadura militarraren garaiko erregimenak Paivaren aita preso sartu ostean, haren emazteak politikan jardun zuen, eta horixe da filmaren ardatza. Beste izendapen bat ere jaso du lan horrek: emakumezko aktorerik onenarena saria eskuratzeko aukera du Fernanda Torresek.

Letonian ekoitzitako Flow animaziozko lana ere izendatu dute nazioarteko lanen artean. Katu bat da pelikulako protagonista, eta eginahalak egin beharko ditu urez gainezka den gizakirik gabeko mundu batean bizirik irauteko. Animaziozko filmik onenaren saria lortzeko hautagai ere bada Gints Zilbalodisek zuzendutako lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.