Urrezko Globoak

'Emilia Perez' eta 'The Brutalist' garaile Urrezko Globoetan

Jacques Audiard zinema zuzendari frantsesaren 'Emilia Perez' musikalak lau sari irabazi ditu, eta 'The Brutalist' film dramatikoak, berriz, hiru. Demi Moore aktoreak ere jaso du Urrezko Globo bat.

Demi Moorek aktore onenaren saria jaso du Urrezko Globoetan. CAROLINE BREHMAN/EFE
Demi Moorek eskuratu du aktorerik onenaren saria Urrezko Globoetan. CAROLINE BREHMAN/EFE
garbine ubeda goikoetxea
2025eko urtarrilaren 6a
15:06
Entzun

Hollywoodeko Atzerriko Prentsaren Elkarteak gaur goizaldean banatu ditu urteroko bere sariak, Urrezko Globoak. Emilia Perez filmak irabazi ditu komedia edo musikalik onenaren saria eta ingelesez besteko filmik onenarena, baita aktorerik onenaren saria ere —Zoe Saldañak egin du Rita Mora pertsonaiarena—. Hiru sari nagusi horiek ez ezik, abestirik onenaren saria ere jaso du Emilia Perez-ek, El camino abestiari esker, hain zuzen. Hamar izendapenetatik lau lortu ditu, beraz.

The Brutalist filma gailendu da dramaren alorrean, eta hiru sari eskuratu ditu: filmik onenarena, aktorerik onenarena (Adrien Brody) eta zuzendaririk onenarena (Brady Corbet).

Gaualdiko beste protagonistetako bat Demi Moore aktorea izan da; izan ere, Emilia Perez filmeko protagonistari gailendu, eta komediako aktorerik onenaren saria eskuratu baitu, The Substance filmean egindako lanari esker. Garaikurra jaso duenean, Moorek nabarmendu du berrogei urteko aktore ibilbidean lortu duen lehen aitortza dela, eta gogora ekarri du behinola produktore batek esandakoa. Haren hitzetan, film komertzialak egiteko baino ez omen zuen balio, eta Moorek «sinetsi eta asumitu» egin zuen produktore hark esandakoa, harik eta The Substance filmaren gidoia eskuratu zuen arte. Seinale bat iruditu zitzaion: «Unibertsoa esaten ari zitzaidan nire bidea ez zegoela amaituta». The Substance filma Coralie Fargetek zuzendu du, eta ikuskizunen munduko emakumeek jasaten duten indarkeria estetikoa salatzen du, funtsean.

Dramaren alorrean, Fernanda Torresek irabazi du aktorerik onenaren saria. Hain zuzen, I’m Still Here filmean egindako lanagatik, Nicole Kidman, Angelina Jolie, Kate Winslet, Pamela Anderson eta Tilda Swintoni gailendu zaie Torres. Garaikurra eskuratzean, Torresek ama izan du gogoan: Fernanda Montenegro. Aktorea zen hura ere, eta, duela 25 urte, aktorerik onenaren sarirako hautagai izan zen Urrezko Globoetan, Central do Brasil filmean egindako lanari esker.

Telebistako sariak

Shogun telesailaren egileak iazko irailaz geroztik ari dira garaipenaz gozatzen. Orduan jasotako 18 Emmy sariei lau Urrezko Globo batu dizkiete orain: drama alorreko telesailik onenarena, gizonezko aktorerik onenarena (Hiroyuki Sanada), emakumezko aktorerik onenarena (Anna Sawai) eta bigarren mailako aktorerik onenarena (Tadanobu Asano).

Telebistako komediaren alorrean, Hacks izan da garailea, ezustean, The Bear faboritoari gailendu baitzaio —bost izendapen zituen The Bear-ek—. Hacks-ek bi sari jaso ditu: telesailen arloko komedia edo musikalik onenaren saria eta emakumezko aktorerik onenarena (Jean Smart).

The Bear lanak izan du saririk, halere: protagonistarena egin duen aktoreak, hau da, Jeremy Allen Whitek irabazi du komediako aktorerik onenaren saria, hirugarrenez jarraian, Carmy Berzatto sukaldariarena egiteagatik.

Baby Reindeer-ek irabazi du telesail laburrik onenaren saria, baita bigarren mailako emakumezko aktorerik onenaren saria ere (Jessica Gunning). Richard Gadd aktore eta gidoilariak jasandako abusuak dira telesailaren oinarria.

Telebista alorreko emakumezko aktorerik onenaren saria Jodie Forsterrentzat izan da (True Detective: Night Country Part I).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.