Maitea zuen esapidea: «Emeki-emeki». Euskarari buruz galdetzen ziotelarik jalgitzen zitzaion ahotik. «Emeki-emeki behar da jokatu, urratsez urrats». Pragmatikoa, ametsei uko egin gabe. «Ni pragmatismoaren alde naiz, ez dut uste iraultzek gauza handirik ematen dutenik». 1923ko maiatzaren 13an sortua, sobera ikusia zen. Gogoan zuen François Mitterrande Frantziako presidentearen 1981eko promesa: euskal departamendua eta hizkuntza gutxituentzako legea. 30 urte geroago beste François batek, Hollandek, hitzemandakoa bezalako lege bat. «Hizkuntza ez da ofiziala; ez dut uste sekula ukanen dugunik. Hain hertsiak dira, hain jakobinoak, ez dutela sekula onartuko». Lege geriza hori ikusi gabe, igandean hil zen Jean Haritxelar, euskaltzainburu izana, 90 urtetan.
Pragmatismoak ez zuen gortu, ordea, Haritxelarren jarduna. Euskaltzaindian ez ezik, hezkuntzan eta kulturgintzan hamaika jarduera ere sortu zituen. Egin zuen, eta iraun. Emeki-emeki. Hartu zituen karguetan erakundeak egonkortzen lagundu zuen. Euskaltzainburu gisa ezagun bazen ere, lan asko eta askotarikoak egindakoa zen. Emeki-emeki. Ikas elkarteko buru izan zen hogei urtez; Udako Euskal Unibertsitatearen lehen saioak antolatu zituen; Baionako unibertsitatean euskarazko lehen eskolak sartu zituen; Euskal Kultur Erakundearen egungo oinarriak finkatzen aritu zen; pilota federazioan ere bai... Baionako Museoko buru ere izan zen, 22 urtez, 1988 arte.
Politikari ere eman zitzaion. Baigorri sorlekuko auzapez izan zen 1971tik 1980ra. Baina ez zuen amaiera gozorik izan langintza horretan. 1980ko martxoan, Iparretarrak-eko bi kideri lehergailu bat zartatu zitzaien. Baigorrikoa zen bietako bat, eta hiletara joan zen Haritxelar. Herritarrek ez zuten onez hartu: «Ez didate barkatu. Joan nintzen giristino gisa. Baina baigorriar batzuentzat bekatu mortala egin dut». Udal taldeko kide guztiek dimisioa eman zuten segituan, eta Haritxelarrek utzi egin zuen herriko etxea.
Eta zenbat kazetatan lan egina. Ehunka idatzi argitaratu zituen, liburuez gainera. Lapurdum, Egan, Hegats, Bulletin du Musée Basque, Enbata... Herria kazetako zuzendariorde ere aritu zen. Aitortzak ere hala iritsi zitzaizkion: honoris causa doktore izendatu zuten EHUk eta UNED Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitateak, Euskaltzaindiaren omenak aparte.
50 urteko begiratua
Egin, eta iraun. Emeki-emeki. Euskaltzaindian bertan 22 urte egin zituen euskaltzainburuorde, eta hamasei gehiago euskaltzainburu, Luis Villasanteri harturik lekukoa 1989an, eta Andres Urrutiari emanik 2004an. Mende erdiko ibilbidearekin egin zezakeen balorazioa: «Gauzak osoki aldatuak dira. Azken 50 urteetan izan da iraultza, hori baita iraultza egiazkoa. Ez egun batean egiten dena. Emeki-emeki. XX. mendearen bigarren partea euskararentzat nire ustez garai handia izana da, eta bereziki Euskaltzaindiak lan ikaragarria egin du hor».
Euskaltzaindiaren gidaritza hartu zuen Ipar Euskal Herriko lehen herritarra izan zen. Nafarroa Beherekoa, zehatzago esateko, Baigorrikoa; Karrika Gaiztoan sortu zen Jean Haritxelar Duhalde. Begiko zuen hamahiru zenbaki hori, hilaren 13ko 13:00etan sortua izaki —arreba gazteagoa ere bazuen—, eta beti frantses grafiaz idatzi zuen lehen deitura horrek hamahiru hizki edukiki. «Ni hamahiruarekin oso ongi konpontzen naiz!», aitortu zion Imanol Murua Uriari kazetariari, Jakin aldizkariak 2011n argitaratu elkarrizketan.
Izango zuen etxeak zerikusirik. Guarda eta mugazainak alde batetik, irakasleak bestetik, halakoa zuen familiaren askazia. Aitaren aldekoak, funtzionariak ia denak. Amaren partekoak, laborari eta tratulariak. Aita jostuna izan zuen, baina amonaren nahia nagusitu: Jean gaztea maisu izatea nahi, eta horretara egin zuen bidea. Eskola publikoan ikasi zuen, Baigorrin. Frantsesez. 12 urterekin, eskola ziurtagiriaren etsaminean kantonamendu osoan lehenbiziko geratu.
Ikasteko gaitasuna, eta etxean begi onez ikusten, Baionan jarraitu zituen ikasketak; Okzitaniako Mont de Marsanen eta Tolosan jarraitu zuen gero. Gerra betean zela. Haritxelarrek 16 urte zituenean hasi baitzen bigarren mundu gerra. Alemanak sartu ziren, Baigorriko mugaraino. Gurasoen etxean ofizial aleman bat ere eduki zuten gela batean, bi urtez. Ikasketekin jarraitu zuen, gorabeherekin. Tolosatik Parisera joan, eta tartean soldadu hartu zuten, 1945ean; baina gerra finitu zen hiru hilabetera. Parisen lizentziatura bukatu eta gaztelania ikasi zuen. Frantziako Gobernuaren beka batekin Espainiara jo zuen 1947an eta 1948an, gaztelania ikastera. Parisera itzulita, 1949an ezkondu zen, Colette Neveurekin, eta 1950ean egin zituen oposizioak, baita lehena gelditu ere. 27 urterekin, prest zen irakasle izateko. Laster izan zituzten seme-alabak, hiru. Parisen lehena, Agenen hurrengo biak, hango lizeoan irakasle hasi baitzen Haritxelar. Baina jarraitzen zuen euskal munduari atxikita. Pierre Topet Etxahun koblakariaren ikerketa batetik, Rene Lafonekin Bordelen izan zuen topaketa bestetik —euskara «zientifikoki» ikasi behar zuela esan zion Lafonek; Haritxelarrek berak aitortua da garai hartan deklinabide bat bazenik ere ez zekiela—, Piarres Lafittek utzitako liburuak gainera...
1962, urte «berezia»
1962an iritsi zitzaizkion aldaketa handiak. «Berezia» izan zitzaion urte hura. Ez bakarrik Euskal Herrira itzuli zelako, Angelura (Lapurdi). Baionako Euskal Museoko buru hartu zuten urte hartan; eta Bordeleko Unibertsitatean gaztelania eta euskara eskolak ematen hasi zen —euskarazko eskolak eman zituen lehenetarikoa izan zen—; eta euskaltzain oso hautatu zuten. Geroago, 1966an, euskaltzainburuorde jarri zuten. Emeki-emeki, 38 urte egin zituen, guztira, Euskaltzaindian. Eta euskaltzain urgazle izaten jarraitu zuen gero; euskaltzain emeritu ere izendatu zuten 2006an.
Pragmatikoa zuen euskarari buruzko iritzia ere: «Nik esaten dudana da euskara politikaren gainetik dagoela; guztion errespetua merezi duela eta ezin duela izan politikaren erabilgarri. Besterik da hizkuntza politika. (...) Herri hau elebiduna da. Hortaz, normala iruditzen zait jendeak bi hizkuntzak ikastea. Gehiago esango nuke nik. Iruditzen zait hemen bizi direnek hiru hizkuntza jakin beharko luketela».
Azken agurra Jean Haritxelarri. Jean Haritxelar
Emeki-emeki, egin eta iraun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu