Emazte trobadoreak

'Akitaniako Alienor' pastorala emanen dute bihar, Alienorren garaiko trobadoreen kantuak iturri, emazteak kantariJean-Mixel Bedaxagarrek idatzi du, eta errejent lanetan ere bera arituko da

Nora Arbelbide Lete.
Maule
2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
La erreferentziazko nota elkarren artean partekatu eta hasten dute kantuaren errepika. Apainketa guztia prest dute. Zeruaren urdina eta infernuaren gorria. Iritsi berria zaie baita Akitaniako Alienor idatzirik dakarren pankarta handia ere. Apainketa borobiltzeaz gain, hitzordua ezin hurbilago dutela ohartzekoa ematen diena. Baina arizale kantariak ezin durduzatuzkoak dira taula gainetik. Behean, so eta entzule, hainbat senide, mustraka nagusira ez zutenak huts egin nahi. Eta haien artean, Jean-Mixel Bedaxagar. Hark idatziak ditu kantuak, hark du idatzia pastorala osoki eta hura da ari errejent lanetan eta baita txirulari ere. Baina taula gaina arizale kantariei utzia die. Umil ageri da Bedaxagar bera, baita pastorala xutik ematen ari diren gaineratekoak ere. Ageri dute badakitela giltzak esku seguruetan emanak dituztela.

Eta arizale eta kantari, beraz, denak emazteak. Hori du berezitasunetako bat pastoral honek. Etxahun Irurik 1979an idatzi Ximena izan zen gisa bereko azkena. Denak emazteak orduan ere. Emazte talde bat biziki motibatua zen pastoral baten emateko, eta Etxahun Iruri idazteko konbentzitu zuten. Ikusleen artean izan zen Bedaxagar. Geroztik, memorian iltzatua du pastoral hura. Biziki ederra kausitu zuen «denak neskak» izate hori.

Aldi honetan ere, Richard Lehoi-Bihotz, Henry Plantagenet- eta, denak neskak. «Zergatik ez?», Bedaxagarren hitzetan. Hor bada baita ere talde motibatua, hogei bat emaztek osatua, tartean Amaren Alabak taldekoak. Denak emazteak, hortaz, salbu satanak eta bukaerako Muñeiña azken dantza emanen dutenak. Bedaxagarren adineko gizonek emanen dute azken dantza. Berriz dantzan ikusi nahi zituela eta, konbentzitu ditu Bedaxagarrek.

Zuberoako kantuen iturrira

Baina genero kontu bat baino gehiago, pastoral honetan kantuak, kantuen kantatzeko manera bereziak dauka leku zentral bat. Alienorren garaiko trobadoreen kantuek dute ekarri, partez, pastorala honen egin nahi izatera Bedaxagar: «Marcabru, Bertran de Born eta Bernard de Ventadour, XII. mendeko trobadore famatuak izan dira». Bedaxagarrek argi du: «Zuberotarren kantu guztiak horrelakoak dira». Okzitanieraz kantatu kantu haiekin badutela zerikusi handia.

Pastoralean kantatuko duten kantu bat izanen dute horren ikur berezi: «Biarnesez da. Baina Biarnokoek saihets utzia dutena. Izpiritu hartakoa da. Enetako biziki polita dena. Lilien inguruan da, amodioaren inguruan». Izpiritu hartakoa, erran nahi baita Fin'amor izpiritukoa: «Zaldunek beren gazteluko andere behar zuten xarmatu, baina urrunago joan gabe. Xarmatu bakarrik. Araua zen ez urrunago joatea, nahiz eta batzuetan urrunago joaten ziren», gogoratu du Bedaxagarrek.

Bedaxagarrek gustukoak dituen poesiak dira: «Naturarekiko hurbiltasun hori. Xalbadorrek ere baditu gai berarekin idatzi bertsoak. Bere Esperantzarik gabeko amodioan badu: 'Martxoko hormak galduko duen lore pollit goiztiarra...' Sekulakoa da hori! Ronsard-k ere horrelako gauzak idatzi ditu. Ez testuinguru berean, baina idatzi ditu».

Eta hauek oro a cappella kantatuak. Pastoraletan usaia baldin bada a cappella kantatzea, aldi honetan aldarrikapen bat ere izanen da. A cappella kantatzearen edertasunaz jabearazi nahian, «motibazio handi» batekin aritu da Bedaxagar: «Gure kantuak segiaraztea. Gure antzinako kantuak». Galtzeko arriskua sentitzen baitu azkarki.

Eta hori guztia lotzeko, Alienor.1.122 eta 1.204 urteen artean bizi emaztea, Frantziako eta Ingalaterrako erregina izan zena. Botere handia izan zuela, haren independentzia berritzaileak eta haren askatasunak dute partikularki erakarri Bedaxagar. Eta hori dena hamaika haur izan zituela. «8 urte pasatu ditu esperantzetan... Pastoralean, Richard Lehoi-Bihotz sortzea bada memento batez. 80 urtetara arribatu da. Bere biziaren %10 esperantzetan pasatu du!».

Ez diteke usu ikusi haur sortze bat antzeztua pastoral batean. Baina sujeta ere araberakoa baita: «Ez dut uste sujetik izan denik 11 haurren ama». Eta horren antzezteko «pudore» bat, pastoralen usaiako kodigoak jarraikiz. Mihise batetik jalgiko dute semea: «Umilki sartuko da Alienor, sufrikarioetan. Bi emagintxek lagundurik. Mihise bat ezarriko dute aitzinean. Alienor haur minetan da: 'Jinko hona hel zakizat, besterik ez bada, debru txarra!'». Pastoralaren funtsezko elementuetako bat, «onaren eta gaiztoaren dualtasun» hori. «Lehenik jainko ona deitzen da, eta gero, ez baldin bada jiten, bestea».

PASTORALA

Izenburua: Akitaniako Alienor.

Non: Mauleko Jai Alain

Noiz: Bihar, 21:00etan; maiatzaren 4an, 15:30ean.

Oharra: Aurten bi pastoral daude. Bigarrena Ni, Petti buhamea izanen da, Garindainen emanen dutena udan, Pier-Pol Berzaitzek idatzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.