'Irulegiko eskua'. Joakin Gorrotxategi. Hizkuntzalaria

«Ematen du hizkuntza asko aldatu dela, eta ez dela batere aldatu»

Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaria izan da 'Irulegiko eskua' ikertu dutenetako bat. Haren iritziz, bertako hizkuntzan eta idazkeran idatzitako lehenengo dokumentua da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Andoni Imaz
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Sorpresa ikaragarria hartu dugu, oso ona. Testu oso garrantzitsua da, eta zeresan handia emango du». Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariak (Eibar, Gipuzkoa, 1953) urduri igaro ditu aurkeztu aurreko egunak. Filologia Klasikoko doktorea da, eta Indoeuropar Linguistikako katedraduna EHUn. «Bihotzondokoa» izan zuen piezaren berri jakin zuenean, eta sorioneku lehen hitza horren garbi ulertzeak bezainbesteko zirrara eragiten dio ondorengo guztia oraindik «ilun» ikusteak.

Zergatik da horren aurkikuntza garrantzitsua?

Hasteko, idazkun bat delako. Normalean, idazkun gutxi izaten dira, eta gure lurraldean, gaur egun Euskal Herria den lurralde honetan, halakorik ez da agertu orain arte. Dudatan dago Muruzabal Andiongo mosaikoa [Mendigorria, Nafarroa] zer hizkuntzatan idatzita dagoen. Badu forma bat, egien, euskararekin lotu daitekeena, baina baditu beste problematxo batzuk. 25 urte pasatu dira agertu zenetik, lau hitz ditu, eta horietatik hiru izen propioak dira. Eta, hala ere, ez dugu ondo ulertzen oraindik.

Gainera, lehenengo aldiz agertu zaigu esku bat! Gauza berezi asko ditu.

Idazkun bat, eta antzinakoena.

Euskal Herrian bertako hizkuntzan idatzita agertu den lehenengo idazkuna da, bai. Zeren ez dago inongo arrazoirik pentsatzeko Euskal Herritik kanpo idatzi eta handik ekarri zutela. Agertu den tokian agertu da: Irulegin, Iruñetik gertu, hau da, baskoien lurraldearen bihotzean, erdi-erdian. Hori datu objektibo bat da; interpretazioak geroko kontuak dira. Lehenengo dokumentua da bertako hizkuntzan idatzia, eta bertako idazkeran. Euskal Herrian eta Akitanian agertu diren geroko inskripzioak latinez daude, eta latindar alfabetoan, guk orain erabiltzen dugun horretan. Kontua da inskripzio horietako nahikotxok bertako jendearen izenak dituztela, eta jainkoenak ere bai; beraz, bertako hizkuntzari buruz zerbait esaten digute. Baina hori bakarrik geneukan, ez gehiago.

Hortaz, ez zen gauza jakina baskoiek idazteko sistema propio bat zutenik?

Hori da. Zertxobait bai, baina txanpon batzuk egiteko. Baina non egiten zituzten txanpon horiek? Calahorran eta horrela [Errioxa, Espainia]. Calahorra baskoiena zen, baina Ebro ibaian dago, Zaragozatik hurbil, zeltiberiarrengandik hurbil... Beste lurralde bat da. Beste zenbait tokitan ere egin zituzten txanponak, baina ez dakigu non. Guk txanponak ezagutzen ditugu, eta horietan jartzen zuena: baskunes. Dena dela, txanpon horiek, asko jota, izen bat zekarten, hiriaren izena, besterik ez.

Irulegiko piezak lau lerro ditu. Informazio asko da hori?

Lau lerro, bere hasierarekin eta bere bukaerarekin. Hori oso garrantzitsua da: idazkun osoa daukagu. Ez dugu topatu euskarriaren zati bat inskripzioaren zati batekin: horrek gauzak konplikatuko lituzke. Bueno, horrekin ez dut esan nahi gauzak erraz ditugunik [barrez].

Testua ondo irakurtzen da?

Letra bat edo asko jota bi kenduta, irakurri egin daiteke, ondo identifikatzen dira letrak. Penintsulako idazkun indigena bat da, paleohispaniko deitzen dioguna. Idazkera paleohispanikoak diferenteak ziren, baina lotura garbi bat zuten: familia berekoak ziren, nolabait esateko.

Zertan bereizten dira?

Garbi dago Irulegin erabili zuten idazkera hurbilago dagoela iberiarrenetik zeltiberiarrenetik baino, zeren iberieran erabiltzen ziren letra batzuk erabiltzen dituzte, batez ere r-ak eta s-ak adierazteko. Diferentzia hor dago: bi zeinu erabiltzen dira r-aren antzeko soinuak adierazteko, eta zeltiberiar idazkeran, bakarra. Aztertu egin behar da zein den bi r-en arteko erlazioa, ea bat r gogorra den, gurea bezalaxe, ala ez. Idazkeraz gain, badakigu hizkuntza bera ere ez dela ez zeltiberiera, ez zelta, ez indoeuroparra.

Nola deitu? Euskara da?

Inskripzio horretan dagoena da bertan egiten zen hizkuntza. Euskara... euskara zera da, XVI. mendetik gutxi gorabehera guk ulertzen dugun hizkuntza bat, eta hau 1.600 urte lehenagoko gauza bat da, lehenengoan ulertzen ez dena. Horri euskara deitzea agian ez da gauza ona. Erabili izan dugu inoiz euskara zaharra, baina euskal filologiako lagunek beste gauza baterako erabiltzen dute euskara zaharra, justu XVI. mendeko euskararako: Lazarraga, Leizarraga... Eta euskara arkaikoa erabiltzen dute pixkatxo bat lehenagoko kontuetarako. Hau baskoiek egiten zuten kontu bat denez, nik baskonikoa deitu izan diot azken urteetan, gauzak garbi uzteko eta hitz bakar batekin gauzak identifikatzeko.

Zer bereizgarri du?

Hirugarren lerroko bigarren letra T itxura duen letra bat da. Letra berezia da. Orain arte, baskoien lurraldean bakarrik erabili izan da, aipatu ditudan txanpon horietako batzuetan. Eta, orain, hemen agertu da. Horrek esan nahi du bertako ezaugarri bat dela.

Harrigarria da lehenengo hitza zer garbi irakurtzen den. Hain harrigarria da, ezen bi bide baitaude horren aurrean. Bata da ondorengo lerroak ulertzen saiatzea. Problema larriak ditugu: transkripzioan ez ditugu bereizi ahoskabeak eta ahostunak, idazkerak berak ez zituelako bereizten. Suerte handia eduki dugu, zeren, lehenengo hitz horretan, azken letra bakarrik da trabaria; beste guztia alfabetoa balitz bezala irakurtzen da: s markatzeko letra bat, o markatzeko beste bat, r, i, o berriro... eta ku silaba. Ku transkribatu dugu gure konbentzioa delako beti ahoskabeen bitartez transkribatzea, baina printzipioz izan zitekeen sorionegu. Bestalde, zorioneko-rekin lotzen dugu, noski.

Hortik aurrera, ulertzen da ezer?

Hurrengo lerroan, tenekebe agertzen da. Ez dakigu den denekebe, denegebe, tenegebe... Lehen aipatu dudan T formaren balioaren ideiarik ere ez daukagu. Proposamen asko egon dira. Tradizionalki pentsatu izan da sudurkaria dela, baina sudurkaria badaukagu n-a, eta, printzipioz, euskaraz ez zegoen m-rik...

Bi bide daudela esan duzu...

Bai, bestea da esatea: «Bueno, aizu, ba, sorioneku hori ilusio bat besterik ez da izan» [barrez].

Oraingoz beste bidean lan egingo duzue, ordea.

Bai, geure burua estutu behar dugu lerro horietan dauden hitzei paraleloak aurkitzeko, asmatzeko zer izan litekeen, hausturak non dauden... Inskripzioak puntu batzuen bitartez markatzen ditu hitzen arteko separazioak, baina seguru nago puntu horien artean dauden sekuentzia horietan hitz bat baino gehiago daudela. Sorioneku bezalaxe: guk zatitzen dugu zori, gero on, gero atzizkiak...

Zer lotura du iberierarekin?

Problema bat daukagu aspalditik: jakitea zer-nolakoa zen baskonikoaren eta iberieraren arteko harremana. Bazen? Ez zen? Baldin bazen, zer neurritakoa? Garbi dago nahiko urrutikoa izan zitekeela, baina, hau ikusita, agian ez zen hain urrutikoa.

Hizkuntzak asko eraldatzen dira?

Antzinako euskararen ezaugarriak nolakoak ziren jakitea, orduko eta geroko euskararen harremanak ikustea ez da batere erraza. Gure hizkuntzalariek pentsatzen dute oraingo dialekto guztiak VI. mendean egon zen euskara batu zahar batetik datozela. Eta hau sei mende lehenagoko kontu bat da. Ez dakigu hizkuntzak nola aldatu daitezkeen. Gutxi gorabehera bai, baina ez da hizkuntzen euren kontua, baizik eta baldintzena. Batzuetan, denbora gutxian gauza asko aldatzen dira itxuran, gramatikan eta lexikoan, eta, beste batzuetan, momentu lasaiak daude. Hemen, batetik, ematen du gauzak asko aldatu direla, baina, bestetik, sorioneku ikusita, ematen du ez dela batere aldatu.

Antzinako euskararekin lotutako aurkikuntza harrigarri bat: hor izango du Iruña-Veleiako mamua. Zu ere tartean zinen orduan, eta pieza haiek faltsuak zirela salatu zenuen.

Hau ikusi nuenean, hasiera-hasieratik ez nuen inongo dudarik izan. Inongo dudarik ere ez. Gainera, argazkiak daude; oso ondo dokumentatuta dago... Haiek ez zeukaten ezertxo ere. Baina, hala ere, pieza bera besterik gabe ekarri izan balute ere, hau benetako gauza bat da. Inori ezin zaio bururatu halako gauza bat asmatzea.

Zergatik ez?

Letrak berak, testua... Besteak eskuetan eduki nituenean, garbi zegoen han marrak oxidoaren gainean eta konkrezioaren gainean eginak zeudela. Orduan, esan nuen: «Iruña-Veleiako grafito hauek badute gauza kurioso eta harrigarri bat: ulertu egiten ditugula!». Haien sinesmenen gainean zerbait kontatu beharrean, kontatzen digute Jesus, Maria, Jose, Kristoren kalbarioa... Gauza ezagunak, beste modu batera esanda. Hemen ez, hemen ez dago gauza ezagunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.