Helikoptero baten hotsa dator itsasaldetik. Galdu egin dira padel surfean ari ziren hiru gazte, eta haiek erreskatatzera joan dira larrialdi zerbitzuak. Zer gertatzen den begiratzera gerturatu da jendea Bermeon (Bizkaia) Talako kantinako terrazan. Metro gutxira, Asel Luzarraga idazleak (Bilbo, 1971) mahai ertzean utzi du John Locke pentsalari eta mediku ingelesaren 1690eko Giza adimenari buruzko entseiua, eta bere azken nobeletan eraikitzen ari den fikziozko utopia komunitarioari buruz aritu zaio BERRIAri. Trilogia baten erdian baitago orain.
2022an eman zuen argitara Askayala izeneko lurraldean kokatutako lehen eleberria —Esan gabe doa (Txalaparta)—, udaberrian kaleratu zuen bigarrena —Zortzigarren hiria (Txalaparta)—, eta hirugarrenarekin dabil oraintxe. Simun Palsu izeneko fikziozko idazlearen ahotsetik idatzi ditu lehen bi aleak, eta hala ari da oraingoarekin ere. Aldatu egin da zerbait, ordea. Dioenez, 2003an Hamaika ispilu ganbil eleberria argitaratu zuenetik, maiz izan dituelako bi edo hiru nobela martxan aldi berean, eta, oraingoan, aldiz, trilogiaren itxierak eskatzen diolako arreta osoa. Edo ia. Hori esatearekin batera, berehala aipatu baititu buruan darabiltzan beste bi edo hiru proiektu ere. Ostegunean aurkeztuko du, esaterako, John Anduezarekin batera lau eskutara idatzitako Azken portuko postdatak liburua (Elkar).
Zure liburuen aurkezpenetan maiz aipatzen dituzu soziologia eta pentsamendu testuak, baina fikzioa sortu duzu zuk nagusiki, eta, batez ere, nobelak. Zergatik?
Beti izan naiz fikzioa irakurri eta idaztekoa, txikitatik. Gustatzen zait irudimena askatzea, baina 2008an hasi nintzen saiakeraren munduan sartzen, Buenos Airesen bizi nintzela. Idazle anarkistak irakurtzen hasi nintzen hango lagun batek xaxatuta, ordura arte ni oso anarkista espontaneoa nintzelako: [Mikhail] Bakunin, [Pierre-Joseph] Proudhon, [Errico] Mallatesta, [Piotr] Kropotkin eta beste. Eta behin horretan hasita, Friedrich Nietzschek benetan zer idatzi zuen begiratzeko gogoa bere piztu zitzaidan, eta horrela hasi nuen ibilbide hori; hasi Sokrates eta kultura klasikotik, eta kronologikoki irakurtzen, batez bere Mendebaldeko pentsamenduak zer eman duen.
Eta Lockera heldu zara.
Kronologikoki noa, baina batzuetan atzera egin behar da. Orain bukatu dut [Noam] Chomskyren El lenguaje y el entendimiento [Lengoaia eta ulermena], eta, hain justu, Lockeren enpirismoari egiten dio kritika hor. Ez nuen hori irakurrita, eta horretan nabil, ea berak zer dioen.
«Beti gustatu zait filosofia, eta argitaratu ditudan liburuetan bere beti dago atzean tesi moduko bat. Zure fikzioari beste sakontasun bat emateko balio dizu horrek guztiak»
Fikzioa elikatzeko balio dizu horrek?
Bai! Beti gustatu zait filosofia, eta argitaratu ditudan liburuetan bere beti dago atzean tesi moduko bat. Berez jotzen dut horretara, eta gero eta gehiago. Zure fikzioari beste sakontasun bat emateko balio dizu horrek guztiak. Orain sortzen nabilen unibertso horren funtzionamenduan, esaterako, badago [Jean-Paul] Sartreren dialektikaren zerbait, zelan aldatzen diren gizarteak eta abar. Baina batzuetan dosifikatu egin behar dut hori, nirea oraindino fikzioa delako eta ez filosofia, soziologia edo antropologia, nahiz eta horretatik asko daukan.
Hain zuzen, Kixoteren kasuan bezala, filosofia liburu gehiegi eta azkarregi irakurri, eta bere burua profetatzat hartzen amaitzen du Eleder izeneko pertsonaiak. Bera da kontakizuneko protagonista indibidual nagusia. Filosofia gaindosi horren parodia bat irudikatzen du?
Karikatura bat da. Eta, horrez gainera, nire liburuetan beti daude omenaldi eta keinu txikiak, bai, baina baita mendeku txikiak ere. Eta, adibidez, horregatik aipatzen da Paulo Coelho. Hain dago gainbaloratua eta, berez, hain da filosofia eskasa berea...
2016. urte inguruan kokatu duzu Zortzigarren hiria eleberria, eta iraultza aurreko txinpartak deskribatu dituzu bertan. Esan gabe doa liburuko kontakizuna 2026an kokatu zenuen, ordea, eta fikziozko lan horretan hamar urte daramatza martxan Askayalako utopia komunitarioak. Horrelako zerbait gertatu ahal izateko zantzurik ikusten duzu inguruan?
Ez. Horregatik asmatu behar izan dut herrialde bat, eta apur bat urrun kokatu, gainera! [Barreak]. Latinoamerikan mugimendu indigena asko eta esperientzia iraultzaile asko izan dituzte, eta bertatik bertara ikusi nuen nik neuk hori. Horregatik, imajinatzen errazagoa egin zait dena, kontakizuna han kokatuta. Puzzle handi bat bere bada Latinoamerika, eta horrek eman dit aukera ikusteko ea zelan eraiki daitekeen identitate hegemonikorik gabeko gizarte bat. Han oso nabarmena da euskal ondarea, bestalde, txarrerako zein onerako, eta horrek bere ematen zidan jokoa euskaraz eta Euskal Herritik idatzita geure buruari begiratu ahal izateko, eta euskal diasporari keinuren bat edo beste egin ahal izateko. Asmatutako herrialde bat da, halere, eta horrek askatasun osoa ematen dizu piezak mugitu eta mundu oso bat sortzeko, zentzu komun berri bat izango duena.
«Asmatutako herrialde bat da Askayala, eta horrek askatasun osoa ematen dizu piezak mugitu eta mundu oso bat sortzeko, zentzu komun berri bat izango duena»
Zortzigarren hiria liburuan auzo ahaztuan hasitako ametsa sarraski batekin amaituko da. Izan daiteke hori liburuaren atzealdeko tesia kasu honetan? Txikia izanik ere, edozein gune buruaski mehatxu larria izaten dela ordenamendu orokorrarentzat?
Bai. Eta historian ikusitako da hori. XX. mendean egon dira saiakera anarkistak. Euskal Herrian bertan hor dugu Felix Likinianok eta bestek Donostian sortutako komuna, eta ezagunagoak dira Bartzelonan eta Aragoin izandakoak, edo hor dago Errusiar iraultzaren barruan Ukrainako lurralde oso handi bat hartzen zuen Majnhovstxina izeneko antolamendua, Mantxuriakoa, Koreakoa... Horrelako saiakerak egon dira, eta beti izan dira indarrez eta bortxaz sarraskituak. Eta, aldi berean, auzo horren aipamena bere bada hemen bertan Euskal Herrian egindako horrelako ahaleginei egindako omenaldi bat. Gaur egun oraindik hor dagoelako, zorionez, Errekaleor Gasteizen, baina mehatxupean egon delako. Eta hor dago Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen aginduz eraitsitako Kukutzaren esperientzia bere.
Erabat naturalizatutako logika batzuk hankaz gora iraultzeko baliatu duzu umorea liburuan. Iraultzaz aritzerakoan erabili ohi den sinbologia zeinen eurozentrikoa izan daitekeen erakusten du pasarte batek, esaterako. Narratzaileak udaberriaren metafora baliatu nahi du hartaz aritzeko, baina zail egiten zaio, batez ere, Askayalan ez dagoelako udaberririk.
Liburuko lehen pasarteak Txilen idatzi nituen, eta akordatzen naiz hara joan baino lehenago Buenos Airesen ospatu genuela Gabon zaharra. Europan edo AEBetan ikusten diren berberak ziren apaingarriak, elurra eta elurrezko panpinak, baina han uda bete-betea zen. Kristoren beroa egiten zuen, eta mahukarik gabeko kamisetekaz genbiltzan kalean, baina iruditeria erabat europarra zen. Eta liburuko udaberriaren metaforan bere hori pasatzen da, Askayala Ekuador inguruan egonik, han ez dagoelako udaberririk.
«Hertzainak-ek esaten zuen rock-and-and rollak ez duela dirudik emanen, ba literaturak bere ez, eta nik gura bere ez»
Kalean dituzu trilogiaren lehen bi aleak, eta hirugarren piezarekin zabiltza orain. Literatur zubitegia webgunean ikus daitekeenez, ordea, 2020koa da egin dizuten azken kritika, eta 2018koak dira haren aurrekoak. Kezkatzen zaitu harrerak?
Kezkatzen nau nire kasua hori delako, baina are gehiago kezkatzen nau badakidalako ez dela bakarrik nire kasua. Euskal Idazleen Elkartean badago kezka hori, euskal literatura zentzu horretan bere horizontalagoa bilakatzen saiatzekoa. Horretarako oso garrantzitsuak dira euskal komunikabideak. Eta euskal komunikabideetan, eta ez bakarrik euskal komunikabideetan, baditugu portaera batzuk nahiko endogamikoak, eta baditugu izen zehatz batzuk hedabideetan lekua hartzen dutenak. Horiekaz sortzen da halako mikrokomunitate moduko bat, eta ematen du euskal literaturan, edo izan daiteke euskal musikan, hori dela errealitatea, taldetxo hori, eta beste guztiak bai, lantzean behin agertzen gara, baina bueno. Eta ni segur aski ez naiz ahaztuena izango. Batzuetan pentsatzen dut agian txarto ohituta egon naizela, garai batean kasu handia egiten zidatelako, eta hor zaudenean pentsatzen duzulako mundu guztiarentzat dela horrela, eta ez zara konturatzen zugaz gertatzen den hori mundu guztiagaz gertatzen dela. Baina ez. Ingurura begiratu, eta hori oso-oso orokorra dela ikusten duzu.
Literaturari erabat emanda bizi zara, halere. Lanbide ere baduzu?
Sosak itzulpenetatik datoz. Hertzainak-ek esaten zuen rock-and-rollak ez duela dirudik emanen, ba literaturak bere ez, eta nik gura bere ez. Niri literaturatik ez bizitzeak ematen dit askatasun osoa gura dudana idazteko. Gero ez dut pentsatu behar hortik zenbat diru etorriko den, ezpada nik zer idatzi gura dudan, eta argitaletxeak ateratzeko prest dauden bitartean, hara doaz. Eta kontziente naiz hor bere badudala beste pribilegio bat, nik bizitza antolatzen dudalako gura dudan moduan. Zorte hori daukat, eta, orduan, badut idazteko denbora eta irakurtzeko denbora. Orain jaitsi dut apur bat erritmoa, baina Buenos Airestik bueltatu nintzenean, lehen urteetan, eman nituen hiruzpalau urte aldi berean liburu bi idazten. Orain zentratuta nago trilogiako hirugarrenean. Badaukat beste bat amaituta ziklo honetakoa, Simun Palsurena, baina trilogiaren parte ez dena, eta, beraz, hor dagoena itxaroten, kaxoian. Eta orduan, ba bai, nire pasioa da. 6 urte nituenetik aldatu ez den gauza bakarra da idazle izan gura nuela, eta idazle naizela.
Eta zer aldatu da erritmoa jaitsi duzula sentitzeko?
Trilogiako hirugarren nobelak burua hor bakarrik edukitzea eskatzen dit. [Isilune labur bat]. Gero, hor badago beste nobela baten ideia ere txanda eske, eta kristoren gogoa daukat gainera, baina neure buruari esan behar diot ezetz, «ez sartu ostera bere zurrunbilo horretan». Ez, ez, ez. Trankilago.
«Euskal literaturari lekua emateko esparruak irabazten saiatzen ari gara»
Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari ere bada Asel Luzarraga 2022az geroztik, baina datua gogoratu eta berehala egin du ñabardura. «Ez, ez, paperean baino ez. Ofizialki eta paperean bai, baina ez». Dioenez, hain zuzen ere, izendapen ofizial horrek aditzera ematen duen baino funtzionamendu horizontalagoa bilatzea da elkarteak esku artean duen erronketako bat.
Zuek hasi duzue lan hori?
Ez. Garbine Ubedak eta aurreko zuzendaritza taldeak hasia zuen horizontaltasunerako bide hori, eta horregatik heldu zitzaidan proposamena, eta horregatik onartu nuen sinadura hori, baina benetan kolektiboagoa da funtzionamendua. Lantalde osoak aho batez hartzen ditu erabakiak, eta, zorionez, ni hor ez naiz lehendakari sentitzen. Zuzendaritza batzordeko kidea naiz. Listo.
Eta osasunez nola dago elkartea?
Osasun egoera onean. Beti daude hobetzeko gauzak, eta beti kostatzen da gehiago komunitate sentsazioa lantzen duten gauzak egitea, baina oso gustura gaude. Proiektu asko ditugu mahai gainean: euskal literaturari lekua emateko esparruak irabazten saiatzen ari gara.
Eta zein dira elkartearen egungo erronkak?
Niretzako behintzat, bazkide guztientzako berdin lan egitea da erronka nagusia. Eta oreka hori bilatzen dugu Zipriztinak izeneko bideoekaz bere. Izen ezagunak daude hor, eta jende berriagoa ere egon dadin saiatzen gara. Denok maila berean kokatzea da ideia. Demokratizatu egin gura ditugu gauza batzuk. Askotan joera egon delako honetarako edo hartarako izen zehatzak hautatzekoa, eta ez, nik uste dut proposamenak denon artean zabaldu behar ditugula, eta gero dagokion udalak hartuko du erabakia, baina guk ez dugu filtro lanik egingo. 500 bazkide inguru gara orain, eta denontzako egiten du lan zuzendaritza batzordeak. Batzuetan entzuten direlako ahotsak kontrako norabidean.