Haatik dantza konpainiak Ur bizitan lana ondu du bere hamargarren urteurrenean. Ostiralean estreinatuko dute ikuskizuna, Tolosan (Gipuzkoa). Ekonomia jasangarriaren aldeko hausnarketa egingo dute. Aiert Beobide zuzendari artistikoak (Donostia, 1978) azaldu du elementu askok osatzen dutela obra. «Gogotsu» daude emanaldiak egiten hasteko.
Ur bizitan lanak dantza garaikidea, zuzeneko musika eta hitza uztartzen ditu.
Osagarri asko dituen lan bat da, eta elementu zoragarriak ditu: gidoigilea dela, musikagileak, musikariak bertan direla, dantzariak, zuzendari laguntzailea, hitza... dantza ikuskizun bat baino zerbait gehiago izango da emanaldia.
Urumea ibaiaren ertzean bizi zen familia baserritar baten kontakizuna da abiapuntua. Nola hasi zen proiektua gorpuzten?
Nolabait, itxialdian abiatu zen. Pandemian denok bizi izan genuen natura nola berritu zen, nola suspertu zen guk bakean utzi genuenean. Pentsatzen hasi ginen urtegietan, errepideetan eta beste zer ari garen egiten. Eta oso gertu genuen halako bizipen bat. Nire koinataren familia Urumean bizi zen, Txurriategi baserrian, eta haurtzaroa han pasatu zuten, erreka baten ondoan. Gero, errekaren birkanalizazioak eragin zuen uholdeen ondorioz jasangaitza izatea baserri hartan bizitzea, eta apur bat barrurago joan ziren: landa eremu bereko beste baserri batera. Bigarren baserri horretatik desjabetu egin zituzten, autobideak egiteko. Hortik hasi ginen tiraka, eta gai hori nolabait pertsonalizatzeko modu bat izan zen. Haiekin elkartu ginen, kontatu zizkiguten pasarteak, hara joan ginen, lekuak bisitatu genituen, sentitu zer dagoen orain... Izugarria da.
Talde osoa aritu zarete lekua bisitatzen?
Bai, iruditzen zitzaigun garrantzitsua zela. Eta nahi genuen baserri horretan kokatzea: burua altxatu eta ikustea zer bihurtu den espazio hori.
Eta, hortik abiatuta, ekonomia jasangarriaren aldeko hausnarketa da proposatzen duzuena?
Bai. Mundu honetan ekonomiaren garapenak berebiziko garrantzia du, eta, askotan, utzi, baztertu edo ez diogu hainbesteko garrantzirik ematen naturari eta gure ingurugiroari. Badirudi kaltea baserritarrek jasan dutela, baina denoi eragiten digu. Gure bizitzeko era horrek eta produktibo izateko behar horrek nora garamatzaten pentsarazi nahi genuen.
Koldo Izagirre idazleak idatzi du gidoia. Nola jo zenuten harengana?
Ideia asko genituen buruan, baina dantza emanaldi batean kontatzea behar genuen; kontakizun bat izatea. Koldorekin hitz egin genuen, hasieran galdetzeko ea nork lagun gintzakeen, eta esan zigun berak egingo zuela. Batetik, dantzarako gidoi edo lanik ez zuelako inoiz egin, eta harentzat esperimentu bat-edo izango zelako. Eta, bestetik, gaiarekin ere sentsibilizatua ikusi genuen. Kontakizun oso eder bat egin digu, modu oso poetikoan, koplen bidez. Gidoia bera harribitxi bat bihurtu da guretzat.
Dantzariak hizketan ere jarri dituzue.
Koldok bota zigun erronka izan zen: ea aukera ikusten genuen dantzariei hitza ere sartzeko. Posible zela pentsatu genuen. Gorputzarekin adieraztera ohituta zaudenean, dantza zure konfort edo lasaitasun egoera da. Baina hitza sartzea eta publiko aurrean hitz egitea erronka zen haientzat. Hor Olatz Beobideren laguntza izan dugu. Duela urtebete hasi zen saioak egiten, eta pixkanaka lotsa galtzeak eman die gaitasuna gauzak tristura batez esateko, poztasun batez, haserre batez... Uste dut testuak laguntzen duela ikuslea kokatzen. Koplak dira, ez da ezer oso zehatz esaten, baina, esaterako, etxea entzuten duzunean, badakizu zertaz ari garen.
Nola sortu dituzue koreografiak? Non jarri duzue arreta?
Koldok ematen zizkigun ideiak egituratzen hasi ginen. Lehenengo, aurkezpen edo kokapen bat egin genuen lekuan: erreka ibai bihurtzen den toki hori, naturgiro hori. Uraren influentzia handia zela ikusi genuen, eta bilaketan hasi ginen, uraren mugimendua gorputzera eramaten. Hori Koldoren ekarpen izugarria izan zen; uraren emari etengabea, non lasaia denean mantsoa den, baina borbor datorrenean nola bat-batean azkartzen den, bat-bateko norabide aldaketak dituen, indarra. Hortik abiatu genuen zati handi bat. Basoak eta zuhaitzen mugimendua ere badaude. Eta beste pasarteetan makinak daude, automatismoa. Hor ere lan polita egin dugu: nola bilatu lurra zulatzen duen makina baten sentsazioa.
Musikak ere presentzia handia du, ezta?
Bai. Pascal Gaignerekin berriro kontatzea halako opari bat izan da. Joan-etorri asko egin ditugu sortzaile bakoitzarekin: pasarte guztiak definitzen, elementuak, nahi genuen testurak bilatzen... Batzuetan, kostatu egin zaigu guk sentitzen genuenak eta hark irudikatzen zuenak topo egitea. Egin eta berregin aritu gara, eta, egia esan, uste dut kostatu zitzaigula gelditu eta musika horien maila entzutea. Goitik behera sortu du guztia. Gainera, hiru musikarik zuzenean joko dute. Bere konfiantzazko musikariak dira, eta exijentea da bere lanarekin. Emozioa du musikak, kolorea.
Uste duzu dantzaren eta musikaren arteko konexio hori lortu duzuela?
Kostatu zaigu, baina bai. Halako lan batean, horrelako bidaia bat daukazunean, saiatzen zara egoera, atmosfera ezberdinak sortzen momentu bakoitzean: gogorragoak, atseginagoak, zalantza edo beldur handiagoa dutenak... eta oso garrantzitsua da denak bateratsu joatea eraikitze horretan.
Musika zuzenean izango da. Hasieratik argi izan zenuten?
Hori izan zen erronka, nire asmoa. Dantzaria izan naiz urte askoan, eta lan egina naiz bai zuzeneko musikarekin eta bai grabatutako disko edo aparatu batetik erreproduzitutako musikarekin. Ez dauka zerikusirik.
Bost dantzari izango dira oholtza gainean: Amaiur Luluaga, Jon Arsuaga, Irati sorondo, Iñigo Etxeberria eta Libe Sukia. Horietako batzuek hainbat urte daramatzate konpainian, ezta?
Gure filosofia izan da dantzari finkoak izatea. Konpainian sartzen dena, ez beti, baina hemen gelditzera dator, trebatzera, eta apurka denon artean ikastera. Horrek ere ematen digu nolabaiteko esperientzia eta jakintza. Ekoizpen bakoitza amildegi bat da, eta hori gainditzea errefortzua da dantzari bakoitzarentzat; asko ikasten da artistikoki eta pertsonalki. Aipatu nahiko nuke, era berean, Iurre Aranbururen lana: komunikazio eta produkzio guztia egin du.
Gogotsu zaudete estreinaldirako?
Bai. Konpainiarentzat, bigarren etxea bezala da Tolosa; dantzari gehienak Tolosaldekoak dira. Badakite bertan egongo direla haien ikusle gehienak, baina beti izan dugu erantzun oso ona Tolosan. Leidor leku atsegina da.
Aiert Beobide. Zuzendari artistikoa
«Emanaldia dantza ikuskizun bat baino gehiago izango da»
Haatik dantza konpainiak 'Ur bizitan' ikuskizuna estreinatuko du ostiralean, Tolosan. Dantza garaikidea, zuzeneko musika eta hitza uztartzen dituen emanaldi bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu