Kulturgile eta ostalarien artean hautsak harrotu zituen Jolas Jardueren Legea garatzeko Eusko Jaurlaritzak joan den hilean onartu zuen dekretuak. Izan ere, hartarako lizentziarik ez duten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aretoetako ikuskizunen kopurua mugatzen zuen testuak. Zehazki, hilean gehienez bi eta urtean gehienez hamabi antola zitzaketen areto horiek, dekretuaren arabera. Neurriari aurre egiteko, Arteak Ireki plataforma sortu zuten artistek eta ostalariek. Orain, ordea, dekretua aldatzea erabaki du Jaurlaritzak: ikuskizun kopuruaren muga kenduko du. Albistea pozik hartu dutela nabarmendu du Iñaki Landa plataformako kideak, baina, tentuz, oraindik ez dakitelako nola eragingo duen.
Eusko Jaurlaritzak otsailaren 5ean onartu zuen ikuskizun publikoak eta aisialdi jarduerak arautzen dituen dekretua. Berez, onartu eta bi hilabetera sartuko da indarrean, apirilaren 21ean. Hala ere, Segurtasun Sailak jakinarazi du dekretua aldatzeko tramitea abiarazi dutela. Emankizunen gehieneko kopuruaren muga kenduko du tramite horrek, eta eraldatutako dekretuan aretoek ez dute inongo mugarik izango, ez hilabetean, ez urtean. Urgentziaz tramitatuko dute, baina ez dago garbi apirilaren 21erako aldaketa eginda egongo den edo ez.
Neurriaren aurkakoak
Dekretuaren berri izan eta gutxira batu ziren Arteak Ireki plataforman artistak eta ostalariak. Izatez, hainbat puntu arautzen ditu testuak, besteak beste, segurtasunari eta salneurriei buruzkoak. Oro har, dekretuarekin bat egiten du plataformak, baina emanaldiak mugatzearen aurka azaldu zen hasieratik. «Mugak ikuskizunei eta aisialdi ekintzei eragiten die, gehiago zehaztu gabe», azaldu zuen Miren Narbaiza plataformako bozeramaileak. «Eragin diezaieke antzezlanei, bertsolariei, DJ saioei eta erakusketei».
Ez dira izan aurka azaldu diren bakarrak, ordea. Joan den astean, dekretuaren inguruko legez besteko proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren aldeko botoekin. Besteak beste, muga kentzeko eskatu zioten Jaurlaritzari. Segurtasun Sailak helarazi duen oharraren arabera, legez besteko proposamen hori da tramitea hasteko arrazoia.
Iñaki Landa Arteak Ireki plataformako kideak nabarmendu du pozik hartu dutela albistea: «Oso pozik gaude berriarekin. Hala ere, jakin nahi dugu noiztik aurrera balio izango duen. Zalantzak ditugu». Albistearen berri prentsaren bidez izan dutela adierazi du, eta inor ez dela eurekin harremanetan jarri. Neurriaren aurka egiteko, Arteak Ireki eguna deitu zuten gaurko —kulturgileak herrietan ekitaldiak antolatzera deitu zituzten—, eta, Jaurlaritzak atzera egin arren, eutsi egingo diote. «Guk dakigula, 34 herritan prestatu dituzte protesta ekintzak. Ikusgarria da», esan du Landak. Ezerezetik hasita, ostalari eta artista andana batzea lortu dutela txalotu du plataformako kideak.
Ikuskizun kopuruaren mugaren aurka egiteko sortu zen Arteak Ireki, baina muga bera kenduta ere, kulturaren alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute: «Aurrera begira, garaipen bat da muga kentzea. Baina lortu behar dugu Kataluniako eta Bartzelonako eredua martxan jartzea Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian». Apirilean onartuko duen erregelamenduan, Bartzelonako Udalak aretoei eskatuko die kultura sustatzeko diru laguntzak jaso ahal izateko urtean gutxienez 40 ikuskizun programatzeko. «Kulturaren aldeko politikak egiteko garaia da», adierazi du Landak.
Emanaldi kopuruari muga kentzeko tramitea hasi du Eusko Jaurlaritzak
Pozik baina tentuz hartu du berria Arteak Ireki plataformak, ez dakitelako noiz aldatuko den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu