Emakumezko filosofoen ekarria izan dute aztergai 'Jakin' berrian

'Filosofiatik ezabatutako emakumeak' ikastarotik eratorritako 11 testu bildu ditu 'Jakin'-ek 248-249. zenbakian. Beauvoirri eta Arendti buruzko material didaktikoarekin osatu dute

Agora filosofia elkarteak eta EHUko Filosofia eta Antropologia Fakultateak antolaturiko Filosofiatik ezabatutako emakumeak ikastaroa, iazko uztailean. G.R. / FOKU.
itziar ugarte irizar
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Sokrates, Platon, Epikteto, Tomas Akinokoa, Antselmo Canterburykoa, Thomas Hobbes, Immanuel Kant, Karl Marx, Ludwig Wittgenstein, Jean-Paul Sartre, Michel Foucault... Bakoitza bere garaiko seme, bere garaiko galderen ehule. Ehunka orrik jaso eta aitortu dute genealogia hori; ez, ordea, sasoi beretan haien inguruan pentsamendua eraikitzen aritu ziren beste hainbat autorerena, emakumezkoena. Gauza jakina jadanik. Hor eragin guran, baina, Agora filosofia elkarteak eta EHUko Filosofia eta Antropologia Fakultateak Filosofiatik ezabatutako emakumeak ikastaroa antolatu zuen uztailean, Eibarren (Gipuzkoa), eta orduko hitzaldietan bildutako materialarekin osatu du Jakin aldizkariak zenbaki bikoitz berria (248-249). Denera, 11 artikulu jaso dituzte, eta elementu berri batekin osatu: Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt ikasgeletan lantzeko materialarekin. Izan ere, aurten, aurrenekoz, bi filosofo horiek txertatu dituzte unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketarako gaitegian.

Itsaslore Iarzak idatzi du hitzaurrea, eta Idurre Eskisabelen artikulua dator haren ondotik lehenengo, euskal pentsamenduaren eta feminismoaren «ezinbesteko elkarguneak» aletuz. Gorputzetik pentsatzea izan bada emakume filosofoen ekarpenetako bat, hari heldu dio Arantza Etxeberriak (Hilekoa eta subjektu filosofiko gorpuztua), eta pentsamendu feministarako sarrera bat taxutu du Agustin Arrietak.

Zenbait kontzeptu birpentsatzeko asmoz, zaintza izan dute ardatz Lore Lujanbiok eta Maite Arraizak, eta «injustizia epistemikoei» tiraka ondu du bere pieza Irati Zubiak.

Filosofiaren historiako mugarri berri bat. Tractatus kritiko-feminista-k itxi du artikulu bilduma, Naiara Gago eta Maitane Nerekanen eskutik. Aurretik, ordea, hiru autore esanguratsuri artikulu bana eskaini diote: Beauvoirri, Arendti eta Virginia Woolfi, hurrenez hurren, Alaitz Aizpuruaren, Yolanda Barriosen eta Iratxe Retolazaren sinadurapean.

Egunen gurpilean atalean, berriz, Maialen Akizuk eta Iñigo Peñak idatzi berri bana ere argitaratu dute. Dom Campistronena da, ostera, kontrazaleko lana.

Aurkezpena gaur, Baionan

Artikuluen ondotik, ikasgeletarako materiala argitaratzea ekinbide berri bat izan da Jakinentzat, eta aurkezpen saio batzuk ere antolatu dituzte egindako lana aurkezteko. Horien artean, gaur, Baionako Kalostrapen izango dira,18:00etan. Martxoaren 10ean, berriz, Donostiako Kaxildara helduko dira; eta hilaren 16an, Gasteizko Hala Bedi irratira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.