Espazio publikoa, hezkuntza, familia harremanak, zaintza ardurak, aitortza publikoa, harreman erotikoak, gorputz adierazpena eta bizitzaren gainontzeko esparru guztiak ordenatzen dituzten arau baztertzaile berberek alderik alde zeharkatzen dute artearen historia ere, orokorrean, eta arte abstraktuaren historia, zehazki. Batere abstraktuak ez diren motibo horiengatik guztiengatik geratu dira andrazko artista abstraktuak maiz gerizpean. Ezeztatze horren lekukotza emateko ez ezik, emakumezkoek abangoardien eta abstrakzioaren sorburuan eta bilakaeran izandako parte hartzea eta garrantzia aldarrikatzeko sortu dute Emakumeak abstrakziogile erakusketa, Parisko Pompidou Zentroak eta Bilboko Guggenheim museoak elkarlanean. Europako, Ipar Amerikako, Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako 110 emakumezko artistaren 400 lan abstraktu baino gehiago bildu dituzte, guztira. 1860ko hamarkadatik hasi, eta 1980ko hamarkadara arte. Bilboko museoko bigarren solairu osoa hartzen dute lanek, eta, horregatik, konstatazio baten, zuzenketa proposamen baten, erreskate baten eta oin ohar erraldoi baten itxura du bildumak. 2022ko otsailaren 27ra arte egongo da zabalik.
«Arteak ez du sexurik, baina artistek bai, eta ikusezintasunak baditu arrazoi soziologikoak». Christine Macel Pompidou zentroko arte-arduraduna izan da erakusketako komisario nagusia, eta, dioenez, arte abstraktuari buruzko kontakizuna «aberastea» izan du helburu. Horretarako, bere buruari abstrakzioa zer ote den galdetzea izan da bere lehen egitekoetako bat, ordea, eta ez du pentsatzen zuen bezain erraza eduki. «Erantzuna hasieran uste nuen baino konplexuagoa da, ez baitago definizio itxi bat, eta garaiz garai aldatuz doa, baita, are, artistaz artista ere. Horregatik ikusi nuen oso garrantzitsua zela historiaren beste esparru hau ere aztertzea».
XIX. mendeko esoterismoa
Kronologikoki antolatu dute ibilbidea, eta, beraz, Georgiana Houghtonek 1860ko hamarkadan sortutako margolan esoterikoak topatuko ditu bisitariak lehen aretoan. Erakusketako azalpenetan irakur daitekeenez, 1850eko hamarkadan espiritismoa boladan zegoen, eta abstrakziora heltzeko bide bat zabaldu zien horrek hainbat emakumezkori. Houghtoni, besteak beste. Lerro kurbo eta koloretsuz osatutako margolan sorta abstraktu bat ikus daiteke hormetako batean, esaterako, eta espiritualtasunari buruzko erreferentzia zuzenak dakartzate tituluek. Jainkoaren indarra. Jainkoaren noranahikotasuna. Bakearen espiritua. Artistak berak onartzen zuenez, aingeruek eta hildako zenbait artistek eskatuta sortzen zituen lan horietako asko, eta, Antonio Allegri Correggio pintoreak eskatuta sortu zuen, esaterako, Bilbon ikusgai den Jainkoaren begia lana.
Komisarioak aitzindaritzat aurkeztu ditu Houghton eta lehen aretoetako lehen sortzaile horiek, baina, zehaztu duenez, haiek ez zuten beren burua abstrakziogiletzat.
Euskal artistak
Anni Albers, Louise Bourgeois, Judy Chicago, Lygia Clark, Alexandra Exter, Lee Krasner, Gret Palucca, Olga Rozanova, Sophie Taeuber-Arp, Atsuko Tanaka, Liubov Popova, Sonia Delaunay-Terk... Nahi beste luza daiteke erakusketan ikus daitezkeen artista esanguratsuen zerrenda, eta, tartean, badira bi euskal artistaren izenak ere. Esther Ferrer donostiarrarena da haietako bat, eta Elena Asins madrildarrarena da bestea. Elenak Azpirotzen (Nafarroa) eman zuen bere bizialdiko azken parte luzeena.
Areto txiki bana eskaini diete zenbait artistari. Hori da Sophie Taeuber-Arpen kasua, esaterako, eta baita Bilbon eta Donostian artelanak erakusten eta jantziak saltzen izan zen Sonia Delaunay-Terkena ere. Haren kolore eta forma hautaketa bereizgarria erakusten duten hainbat lan bildu ditu museoak, eta 1913an margotutako lan bertikal altu bat eta 1914an pintatutako neurri handiko pintura bat nabarmentzen dira haien artean. Komisarioak gogorarazi du jantziak diseinatzen ere aritu zela, eta, hain zuzen, jantzi horiek ziren Bilbon zabaldutako dendan saltzen zituztenak.
Dantzak eta ehungintza
Irekia da erakusketa, komisarioek azaldu dutenez. Margolanak eta eskulturak dira nagusi aretorik gehienetan, baina dantzak, performanceak, jantziak eta zinemarako atrezzoak ere ikus daitezke bilduman. Esate baterako, Loïe Fuller-en Suge dantza izenekoa erreproduzitzen duen bideoa topatuko du bisitariak aurrez aurre geletako batean, eta Giannina Censi artista italiarraren aero-dantza-ren argazki batzuk ere bai leku berean.
Testuinguruak arte sorkuntzan duen garrantzia ere agertzen du erakusketak. Komisarioaren hitzetan, ez baita kasualitatea errusiar abangoardietan emakumezko artistek garrantzi berezia lortu izana. Gizonek egiten zituzten arte ikasketa berak egiteko aukera eskaintzen zien lehen herrialdeetako bat Sobietar Batasuna izan zen, Macelek gogorarazi duenez. Olga Rozanovaren, Alexandra Exterren eta Liubov Popovaren koadroak, filmak eta jantzi diseinuak ikus daitezke haiei eskainitako aretoan. «Margolanak eguneroko bizitzaren parte bilakatzea zen haien lana, egindako ikerketak gero baliatzen zituztelako, adibidez, jantziak egiteko. Oso ohikoa izan zen hori sasoi hartako abangoardietan».
Leku berezia du ehungintzak ere. Alfonbrak, jantziak, zapiak eta ehunekin sortutako bestelako hainbat artelan bildu dituzte. Gela bat eskaini diote, adibidez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako sorkuntzari, Suitzan sasoi hartan egin zen biurteko bat oinarri hartuta. «Nazioarteko hainbat artista bildu ziren orduan», azaldu dute komisarioek, «eta ehungintza etxeko esparrutik atera eta eskulturarantz eramateari buruz egin ahal izan zuten gogoeta». Eta, hain zuzen ere, eskultura buruaskiak balira bezala landutako hainbat ehunezko eskultura ere ikusi ahalko ditu bisitariak aurrerago, beste gelaxka batean.
«Mendebaldeko ikuspegia gainditzea»
Europakoak eta Ipar Amerikakoak dira erakusketan ikus daitezkeen artista gehien-gehienak, baina ikuspegia zabaltzeko saiakera bat ere egin duela onartu du Macelek. «Mendebaldeko ikuspegia gainditzea» izan du erronka, dioenez. Atsuko Tanaka artista japoniarraren fluoreszente koloretsuz sortutako soineko bat ekarri dute, horregatik, Bilbora. Wook kyung Choi artista seuldarraren lan bat ere badago ikusgai. Eta bi artista libanoarren lanek betetzen dute Richard Serraren eskulturetara ematen duen balkoi alboko kapera moduko gela. Huguette Caland eta Saloua Raouda Choucair dira bi artista horiek.
Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren hitzetan, «exhaustiboa» da bilduma; «tesi erakusketa deitzen diren horietako bat». Bilboko museoak bere 24 urteko historian egin duen erakusketa handienetariko bat ere badela esan du Bidartek. «Erakusketa konplexua da». Lanak biltzeko eta Euskal Herrira ekartzeko egindako lana ere txalotu du horregatik. BBVA fundazioak jarritako diruari esker antolatu ahal izan dute Bilboko erakusketa.
Autokritika
Erakusketarekin batera, 350 orrialdeko katalogo bat ere kaleratu dute Pompidouk eta Guggenheim museoek. Euskaraz ere eman dute liburua, eta emakumezko artisten lanak ikusezin bilakatu dituzten motiboei buruzko hainbat ikerketa ere badakartza tartean, artistetako bakoitzari eskainitako azalpen historiko eta biografikoez gainera. Griselda Pollock ikertzaileak, esaterako, museoak ispiluaren aurrean jartzen ditu. «Ikusgaitasuna berreskuratzeak artearen historia eta museoak zeharka salatzea dakar, ez direla gai izan errekonozitzeko arte modernoa sortu duten artisten askotarikotasuna, eta, zehatzago, ezta abstrakzioaren hamaika moduak ere. Emakume hauen guztiek ezabaketak pobretu egiten gaitu, arte modernoari buruzko jakintza osatugabea suposatzen duelako».
Onartu dute ardura hori Bilboko Guggenheim museoko ordezkariek. Era abstraktuan, baina onartu dute. Aitortu dutenez, museoek eta kritikariek ere, adibidez, rol aktiboa izan dute emakumezko artistak ikusezin bilakatzeko. Ziabogan irudikatu dute beren burua, ordea. Zor historiko hori konpontzeko esfortzua egiten ari direla esan du Bidartek, esaterako. «Erakusketa hau sintoma bat da, eta balioko du prozesu horretan aurrera jarraitzeko». Gogorarazi duenez, gainera, udazken honetako behin-behineko erakusketa guztiak izango dira emakumezkoek sortutakoak. Abstrakziogileenaz gainera, bisitariak Alice Neel-i eskainitako beste bat ere topatuko baitu, eta emakumezkoa izango baita Film & Video aretoak hartuko duen hurrengo artista ere.