Mende laurden bat beteko du Bilboko Zinemakumeak Gara zinema erakustaldiak, eta, Ana Gutierrez zuzendariak dioenez (Ortuella, Bizkaia, 1956), hobe aurtengo jaialdia azkena balitz. Simone De Beauvoir talde feministak jarri zuen martxan proiektua, 1996an, eta emakumeek zuzendutako lanak bistaratzea izan du hasieratik helburu, eta asmo berari eusten diote oraindik ere. «Genero arrakalak iraun artean, ezinbestekoak gara». Proiekzio, tailer eta hitzaldi sorta batek osatzen dute aurtengo erakustaldia, astelehenetik urriaren 14ra bitarte. Bilbo izango du erdigune nagusia, baina emanaldiak izango ditu Zallan, Basaurin eta Portugaleten ere (Bizkaia).
Hasierako talde hartatik jarraitzen duen bakarra zara. Nolakoa izan da egungo jaialdi ereduraino iristeko bidea?
Hasi ginenerako baziren hainbat zinema jaialdi feminista martxan: Madrilen, Bartzelonan, Iruñean... Eta Bilbon ere halako zerbait egitea bururatu zitzaigun, garrantzitsua iruditzen zitzaigulako emakumeen lanak ere ikusgai jartzea, eta bagenekielako zinema tresna ona dela eztabaida sortzeko; baina momentu latzak ere pasatu ditugu, eta desagertzeko zorian egon ginen 2012an, krisi ekonomikoaren eraginez. Urte pare batez lubakian eutsi genion, buelta bat eman genion proiektuari, hoberantz egin zuen egoerak, eta, proiekzioekin batera, hitzaldi eta tailer gehiago ere antolatzen hasi ginen.
Nola deskribatuko zenuke egiten duzuen zinema eskaintza?
Estreinaldiak bilatzen ditugu, beti. Aretoetara iristen ez den eta kalitatezkoa den zinema erakusten dugu.
Emakumeek zinemagintzan duten lekuaren aldarrikapen bat ere bada programazioa.
Zinemagintzaren historiaren hasieratik daude emakumezko zinemagileak, baina oso ikusgarritasun txikia izan dute. Orain ari gara historia hori ere pixkanaka ezagutzen. Gutxiengoa izan dira, ordea, eta gizonak izan dira nagusi arte diziplina honen alor guztietan: edukien hautaketan, ekoizpenean, denean. Orain askoz ere emakumezko gehiagok egiten dute zinema, eta ikusgarritasun handiagoa dute, baina aretoetako programazioan, oraindik ere, hogei film iritsiko dira gizonek zuzendutakoak, eta bi emakumezkoek zuzenduak. Noski, aretoetara iristen direnak baino askoz ere emakumezko gehiago ari dira zinema sortzen.
2018an, Cannesen, zinemako 80 emakume inguru batu ziren bizi zuten genero arrakala salatzeko. MeToo mugimenduak ere oihartzun handia lortu du. Eta aurreko astean, Donostiako Zinemaldian, antzerki eta zinema munduko 40 emakume inguru batu zituen (H)emen elkartearen deialdiak. Igarri duzue bultzada hori zuek ere?
Bai. Ezberdinkeriaren kontzientzia gero eta handiagoa du gizarteak. Gremioaren barruan borrokak jarraitzen du, baina garrantzitsua da herritarrak ere horretan kontziente izatea, eta, esango nuke, horregatik dutela halako jaialdi eta erakustaldiek ere gero eta arrakasta handiagoa, nahiz eta oraindik ere jasan behar izaten ditugun mespretxuak, zenbaitentzat guk egiten duguna nesken kontu bat delako. Bada, ez. Zinemaren historia da hau. Emakumezkoak ere zineman daude, eta hori ere historiaren parte da. Horregatik nabarmendu behar da guk ere zinema unibertsala egiten dugula, jende guztiarentzako zinema da. Aldarrikatu egin behar da hori.
Pandemiak zaildu egingo zizuen urteurrena.
Kulturak bizi duen egoera bereziki larria da. Logistikoki ikaragarri zaildu zaigu antolaketa, eta lan handia egin behar izan dugu, pandemiaren eraginez data aldatu behar izan duten beste ekitaldi guztiekin batera, elkar ez zapaltzeko. Baina aretoak lortu dituguazkenean, eta uste dut aurtengo egitaraua bereziki ona dela. Ana Carrasco filosofoak, Edurne Portela idazleak eta Laura Casielles poetak solasaldia eskainiko dute, adibidez, eta hiru zuzendari berriren estreinaldiak ere proiektatuko ditugu. Zinemaldian egon berri dira hirurak orain, baina maiatzetik genituen fitxatuta guk, eta oraindik ez dira aretoetara heldu. Jaione Cambordaren Arima, Paula Consen La isla de las mentiras eta Nuria Gimenezen My Mexican Bretzel harribitxia dira hiru lan horiek, eta zuzendariak ere bertan egongo dira.
AEBetako zinema independentea ere omenduko duzue.
Bai, sekulako filmak dira! Barbara Lodenen Wanda emango dugu; erreferentziazko film bat. Kelly Reichardten Rivers of Grass ere proiektatuko dugu, eta Julie Dash zuzendariaren Daughters of the Dust ere bai, gero. 1960ko hamarkadatik hasi eta 1990eko hamarkadara arteko lanak dira, eta nolabaiteko katebegi lana egiten dute egungo zinemagileen lanetara iristeko.
Jaialdiaren historiari buruzko dokumental bat ere egin duzue.
25 urteko ibilbideari buruzko atzera begirako bat egitea da film horren asmoa. Askoz ere gauza gehiago genituen buruan, baina bertan behera gelditu dira, pandemiagatik.
Desagertzea izan ohi da halako egitasmoen bokazioa. Beharrezko zarete oraindik ere?
Ezinbestekoak gara, bai. Genero arrakalak irauten duen artean, jarraitzeko motiboak izango ditugu. Zinema aretoetara joan eta gizonezkoek zuzendutako zazpi filmez gain emakumezkoek zuzendutako beste zazpi topatzen ditudanean, orduan ikusiko dugu.
Ez dirudi 2021ean izango denik.
Espero dut beste 25 urte itxaron behar ez izatea.
Ana Gutierrez. Zinemakumeak Gara erakustaldiko zuzendaria
«Emakumeok ere zinema unibertsala egiten dugu»
Mende laurden bat bete du Bilboko Zinemakumeak Gara jardunaldiak, eta andrazkoek sortutako zinema ikusaraztea du helburu. Astelehenetik urriaren 14ra egingo dute aurtengo jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu