Emakumeen pairamena gogora

Kresala konpainiak 'Hitaz orhoit' dantza ikuskizuna taularatuko du gaur, Donostiako Viktoria Eugenian. Basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktimei gorazarre egin nahi diete, ahanzturatik ateratzeko. Etxepareren 'Amorosen partizia'-tik hartu dute izena

Hitaz orhoit dantza ikuskizuna. KRESALA KONPAINIA.
garbine ubeda goikoetxea
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Kresala konpainiak Hitaz orhoit dantza ikuskizuna dakar Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara. Lehendik Hernanin (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa) eta Sopelan (Bizkaia) erakutsia duten arren, gaurkoa dute estreinaldi ofiziala.

Obraren bidez, basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinei gorazarre egiten zaie, bereziki emakumeei, mendeetako ahanzturatik ateratzeko ahaleginean. Hamabi pieza edo eszena ditu obrak, tartean Agotak, Khantoria, Argia, Errautsak eta Keinuka.

Linguae Vasconum Primitiae lehen euskal liburuaren egile Bernart Etxepare (Sarasketa, Nafarroa Beherea, 1480 1545) izan du konpainiak inspirazio iturri. Haren Amorosen partizia olerkitik hartua dute, hain zuzen, obraren izena. Claudia Erentxun dantzariak dioenez, «maitasunaz eta maitasunik ezaz sortzen diren harremanez naturaltasun osoz, platonismo irrealaren arrastorik gabe» idatzi zuelako eta kide gehienei «iradokitzailea» egin zitzaielako hautatu zuen konpainiaren zuzendari Faustino Aranzabalek.

Joan den mendeko lehen hamarkadetan gertatutako triskantzak hartu dituzte oinarri, nagusiki gerrako biktima ahantziak eta emakumeak, baina gaia ez da berria konpainiarentzat. Duela hamar urte Haatik obra taularatu zutenean ere, emakumeek gerran pairatutakoaz jardun zuten. Hari horri tiraka hasi, eta «gaiari bere osoan» heltzea erabaki zutela azaldu du Erentxunek: «Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite abiapuntu hartu, eta zuzendariak garai hartako guda kantuak landu zituen, pixkanaka, obran gorpuztuko dena osatu arte».

Sorkuntza prozesuak molde propioa izan du. Lehen urrats gisa, zuzendaria bakarka aritu da, «musika, olerkiak eta dantzen nondik norakoak lantzen, gutxienez urtebetez», Erentxunen hitzetan. Ondoren, dantzari gutxi batzuekin aritu zen estudioan, «piezen tonua eta dantzarien keinuak» biribildu arte. Hori guztia talde osoari pasatu ostean, «trantsizioen lanketa eta materialaren garbiketa» heldu dira.

Erentxunen arabera, «norberaren inplikazioa ezinbestekoa izaten da horrelako lanetan», zuzendariak «barrura» begiratzen duelako beti, eta «hori duelako sortzeko modurik zintzo eta ohikoena». Hortaz, bizipen pertsonalek ematen diete abiapuntua dantzariei; esate baterako, galerak, absentziak eta heriotzaren aurrean senti litekeen enpatiak.

Obra sendagarria

Hitaz orhoit obra «eraldatzailea, baltsamikoa eta sendagarria» dela diote, «hasteko, bizipen mingarriak eta gogorrak keinuen bidez eta normaltasunez» hartzen dutelako forma. Munduan egun diren gatazkei begira, gizakiaren historia behin eta berriz errepikatzen dela irudi du, baina «etorkizuna baikorki» planteatzen da obran.

Zuzendariak berak aukeratu ditu musikariak, lehendik grabatuta zegoen materiala «sakonki aztertu eta gero». Olerkiei begira ere «paleta kromatiko osoa» hartu nahi izan dela dio Erentxunek. Besteak beste, Beñat Axiari, Joseba Tapia, Arkaitz Miner, Juan Arriola, Enrike Solinis, Miren Zeberio, Sabin Bikandi eta Ander Berrojalbizen doinuak emango dituzte dantzarekin batera. Bestalde, Maika Etxekopar, Amaia Zubiria, Leire Berasaluze eta Mertxe Olidenen ahotsak entzungo dira kantuan. Hitzen eta poemen artean, berriz, Joannes Leizarraga, Gaspar Gomez, Joan Perez Lazarraga, Antoni O'Breskey, Jose Angel Irigarai eta Joxe Zapirainenak hautatu diuzte. Olerkiak sartzeak «osotasuna» ematen dio obrari, Erentxunen ustez.

Dantza, poesia eta musika lotuz, «niaren eta guaren arteko bizi sentimendu partekatu bat» azaleratu nahi du Kresala konpainiak, eta, bidenabar, Erentxunen hitzetan betiere, «dramatika tradizional garaikide bat» aurkitzeko modua landu, «denboraz eta tokiaz aske».

Kresala dantza konpainiak 55 urte bete ditu aurten, eta Faustino Aranzabalek, berriz, 30 urte zuzendari artistiko gisa. Ospakizun handietatik ihesi, urteurrenari heltzeko «modurik ederrena eguneroko lanean jardutea» dela iritzi dio Erentxunek. «Iraupen luzeko lasterketan murgilduta» daudela azaldu du, eta gerora etorriko diren belaunaldi berriei «ondare duina eta zintzoa» uztea dutela helburu. «Dantza lantzen duenaren esku dago hura kultur tresna gisa erabiltzeko orduan ondo asmatzea edo kale egitea», gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.