Harkaitz Zubiri. EHUko ikertzailea

«Emakumeen artikulazioak asko baldintzatuko du bertsolaritza»

'Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa'-ren arabera, bigarren boom bat bizi du bertsolaritzak. Aurrekoaren aldean ezberdina: saio gehiago eta jende gutxiagokoak. Zubirik uste du horrek aukera eman dezakeela gero eta gustu mota gehiago garatzeko.

Miren Garate.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gogoan izango dute bertsozaleek Bertsolari Txapelketa Nagusian nola ibili ziren boluntario batzuk inkestak egiten. Haietan bildutako informazioarekin, saio arruntetan egindako galdetegiekin eta elkarrizketa sakonekin, Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa osatu du Bertsozale Elkarteak, Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez. Gisa horretako hirugarren azterketa da, eta Harkaitz Zubiri (Donostia, 1977), Xabier Aierdi eta Alfredo Retortillo EHUko ikertzaileek egin dute. Zubirik aletu ditu ondorio nagusiak.

Azterketan ageri diren datuen arabera, bertsolari kopurua hirukoiztu egin da 1990eko hamarkadatik, bertso saioena laukoiztu, eta zaleak ere inoiz baino gehiago dira. Zerk eraman du bertsolaritza kopuru horietara?

Kopuru oso arraroak dira. Munduko halako kultur adierazpideei begiratuta, oso arraroa da hainbeste jarraitzaile dituen zerbait aurkitzea. Gainera, kontuan hartu behar da 70eko hamarkadan gain behera zetorrela nabarmen, eta, ezer berezirik gertatu ez balitz, bertsolaritza existitu existituko zen akaso, baina nahiko bazterrekoa izango zen. Antolatu egin zirelako, proiektu bat sortu zutelako, eta hori martxan jartzeko jende piloa mobilizatu zutelako lortu ditu bertsolaritzak orain dituen emaitza horiek.

Azterketan nabarmentzen diren ideietako bat da bertsolaritzak gizarte mugimendu baten forma hartu duela. Zergatik da garrantzitsua hori?

Beren kezkei lotutako mundu ikuskera bat sortu zuten. Konturatu ziren garai historiko oso berezian zeudela, eta garai historiko horrek behar batzuk zituela bertsolaritzari lotuta, eta ikusi zuten ondo zetorrela maila kolektiboan antolatzea behar horiei erantzuteko. Mundu ikuskera horren bitartez, saiatu ziren jendea mobilizatzen, gauzak antolatzen eta zeuzkaten aukera leihoak aprobetxatzen. Hori da gizarte mugimendua izatea. Eta bertsolaritzan agerikoa da jende batek antolatu zuela bere burua, eta maila kolektiboan antolatzeari esker lortu dutela beren egoera hobetzea.

Gizarte mugimendu horrek proiektu soziokultural bat dauka, azterketak dioenez. Zein ezaugarri ditu proiektu horrek?

Hasteko, nabarmenduko nuke proiektu soziokultural bat edukitzea gauza originala dela Euskal Herriko kultur testuinguruan. Guk ez dugu jokatzen Euskal Herriko kulturaren joko eremuan: kultura globalaren joko eremuan jokatzen dugu, eta izaera hegemonikoa duten kultur adierazpideek erraza daukate zabaltzeko. Adibide bat: zenbat jendek entzun du Despacito kantua, bila ibili gabe? Hori da kultur hegemoniak daukan abantaila: bazter guztietara iristen zarela. Txikia bazara eta ez bazara handitzen, salduta zaude kultur hegemoniaren eremu horretan. Zure espazioak behar dituzu.

Bertsolaritzak asmatu du espazio horiek sortzen, ezta?

Garai batean eta gizarte konkretu batean, jendea sagardotegietan zaletzen zen, tabernetan... Eremu horiek gain behera zetozen; gizarte hori aldatu eta desagertu egin zen, eta, hori desagertuz gero eta gunerik gabe geratuz gero, normalena da bertsozaletasuna ere murriztea ikaragarri. Baina ez da hori gertatu, proiektu soziokultural bat dagoelako, eta proiektu soziokultural horren helburu nagusia zaletzeko espazioak sortzea delako: bertso saioak, txapelketak, bertso eskolak eta abar.

Zer behar da espazio horiek eraginkorrak izateko?

Maiz hitz egiten dugu kultur kontsumoari buruz, batez ere kontsumitzaile gutxi daudela kexatzeko, eta, kexa horretatik abiatuta, pentsatzen hasten gara nola egin dezakegun produktu gehiago kontsumitzaile gehiagorengana iritsarazteko. Kultura kontsumogai soil gisa ulertzen badugu, ziur asko ez diogu mesede handirik egiten geure buruari. Batetik, kultura kontsumogai bat baino askoz gehiago da. Bestetik, ikuspegi horrek ez digu uzten gure ekimenen eraginkortasuna handitzen. Kontsumogaien hedapena baino gehiago kultura ardatz duten espazioak sortzeko helburua bagenu, ziur asko gure ekimenak eraginkorragoak lirateke. Kultura ardatz duten sozializaziorako espazioak dira horiek. Biografiak gurutzatzen diren lekuak. Ahal bezain inklusiboak izan behar dute. Norberak bere baitan dakarrenak espazioa aberasten duela ondo ulertzen badugu eta ideia horrek ondorio praktikoak badauzka, kultura ardatz duten espazio horien potentziala sekulakoa da. Bertsolaritzaren kultur proiektuak ez du bertsolaritza kontsumogai soil gisa ulertzen.

Bestelako esparru batzuekin elkarlanean aritzeko ahalmena ere izan du bertsolaritzak.

Artikulazioa deitu diogu ikerketan. Beste eremu batzuetan erabiltzen den kontzeptu bat da: elkar ukitzen ez duten bi mundu elkartzea. Jada gauza arrunta iruditzen zaigu, baina bertsolariak eta bertsozaleak, hau da, sortzaileak eta zaleak, elkarte batean elkartzea oso berezia da. Horren ondoren, bertsolaritza neoklasikoaren eta rockaren belaunaldiaren artekoa izan zen nabarmentzeko moduko beste artikulazio bat.

Zer ekarri zuen artikulazio horrek?

Orduan sortu zen bertsolari gazteak kontzeptua, ordura arte bertsolariak ziren denak. Gauza exotiko bat ziren hasieran, eta bertsolari horiek joaten zirenean bertsolaritza neoklasikoaren parametroetan egindako saio batera, deseroso sentitzen ziren, bertsotan egiteko haien moduak ez zuelako oso ondo bat egiten. Hori asko aldatu da. Garai batean, gazte horiek bertsolaritzaren erdigunea okupatzen hasi ziren, eta batzuek zalantzan jarri zuten: «Osagarri moduan ondo daude hauek, baina jende hau gai izango da bertsolaritzari eusteko guk eusten genion bezala?». Eta ikusi dugu lortu dutela bertsolaritza aurretik eraman gabeko lekuetara eramatea ere. Bertsolaritza neoklasikoak eta rockaren belaunaldiak elkarrengandik ikasi zuten, bertsolaritza aberastu zuten eta publiko berria ekarri zuten.

Zer artikulazio posible ikusten dituzue gaur egun?

Emakumeena da gertatzen ari den artikulazio bat: emakumearen posizioa bertsolaritzan, feminismoaren ideiak bertsolaritzan... Ikusi beharko da gauza horiekin zer gertatuko den. Gainera, pentsatu behar da rockaren belaunaldiaren eta bertsolaritza neoklasikoaren arteko artikulazioa garrantzitsua izan zela, baina rockzaleen kopurua baino askoz handiagoa dela emakumeen kopurua. Orduan, ari gara hitz egiten kopuruz askoz handiagoa den artikulazio potentzial bati buruz, eta kualitatiboki ere seguru asko askoz potenteagoa den zerbaiti buruz. Artikulazio horrek asko baldintzatuko du bertsolaritza: horren arabera izango da bertsolaritza bidezkoagoa, baina baita bideragarriagoa ere: bidezkoagoa, biztanleriaren erdia izanik, ez baitago arrazoirik bertsolarien erdiak ez izateko; eta bideragarriagoa, bertsolaritza ez bada gai aldaketa hauetara egokitzeko, ezingo duelako elikatu hain aberatsa den fenomeno bat.

Azterketan aipatzen denez, emakumeen presentzia eta partaidetza asko handitu da, baina azken urteotan, itxuraz, geratuta dago joera hori.

Publikoan aldaketa handiak gertatu dira jada; adibidez, azkeneko txapelketa nagusiko inkestetan,erdiak baino pixka bat gehiago ziren emakumeak, eta horrek asko baldintzatzen du bertsogintza, zeren bertsolariak publikoari kantatzen dio. Publikoan emakume kopurua handitzearekin batera, ikusten da publikoan dagoen emakumeen gustua ere aldatzen ari dela. Bertsolarien artean ere badago aldaketa bat: 80ko hamarkada bukaeran, ia zero ziren, eta pixkanaka handituz joan da kopurua. Bertsolaritzan badago eztabaida bat diskriminazio positiboari buruz, eta datuek erakusten dute diskriminazio positiborik ez dagoela, emakume bertsolarien kopurua handitu ahala handitzen dela emakume bertsolarien partaidetza bertso saioetan. Azkenaldi honetan ematen du egonkortuta dagoela bai bertsolari kopurua eta bai partaidetza.

Bertsolaritzak bigarren boom bat duela diozue. Zer ezaugarri ditu?

Ez du ematen lehenaren berdina denik. Lehenean, 90eko hamarkadaren hasieran, bertso saioek entzule kopuru handia biltzen zuten; orain, bertso saio askoz gehiago daude, baina jende gutxiagokoak; hala ere, orotara publiko gehiago biltzen dute. Horrek esan nahi du, segur aski —hipotesi bat da—, bertsolaritzan gero eta gustu mota gehiago garatzeko aukerak ari direla sortzen, eta, etorkizunari begira, horrek ahalbidetu dezake bertsozaletasuna mantentzea eta indartzea; hau da, ez egotea kanon bakarra.

Bertsolaritzan zer estimatzen du batez ere publikoak?

Bertsozaleen lehentasunak hauek dira: umorea, irudimena eta hunkiarazteko gaitasuna. Emakumeen artean umorearekiko lehentasuna txikiagoa da, eta pentsatzen dut ez dela umorea ez zaielako gustatzen, baizik eta bertsolaritzan gertatzen den umore mota batekin ez dutelako bat egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.