Ibilbide luzea du Gebarak ipuin kontalari moduan, eta eragina nabaria da proiektu berri honetan. Lau ate irudikatu ditu, lau emakume desberdinen istorioetan murgiltzeko aukera emango dutenak. Gebarak dio ipuin bat kontatzean istorioan eta testuinguruan erabat sartu beharra dagoela, eta hori irudikatu nahi izan du. Ikusi, ukitu, entzun eta sentitzeko istorioak kontatu nahi ditu, eta lau ateak material eta forma desberdinekin egin ditu horregatik, entzungailuak eta begiak estaltzeko mozorroa jantzita atearen gainean etzan, eta sentsazioei bide emateko.
Belarra eta baserria; burdina eta trenbidea; belusa eta ohea; pintura eta itsasoa. Elementu horiek guztiak uztartuz, emakumeen bizitzako detaile txikienetatik sortutako kontakizunak eraman ditu sorgunera, hiru eta bost minutuko audioez lagunduta. Uste du inguruko ereduetan, film eta telesailetan, «oso erraza» dela gizonen bizitzetan sartzea, eta andreen kezkak eta sentsazioak, aldiz, baztertu egiten direla. Hala, ahotsa eta irudia jarri dizkie kezka horiei. Istorioak ez daude emakume jakinetan oinarrituta; bere inguruko andreek bizitako edo haiei entzundako esperientziak bildu ditu, eta horren ideia orokor bat da erakusketakoa. «Erakusketa ez dago emakume jakin batengan oinarritua; denak izan gintezke emakume hori». Gehitu du istorioak ez direla errealak, baina egiazkoak izan zitezkeela laurak.
Elkarren artean oso ezberdinak dira lau emakumeak eta ipuinak, baina bada aldi berean lotzen dituen zerbait: inflexio puntu bat.Erabaki bat hartu edo iritziz aldatu izanarekin harro, beste etapa bat abiatuko dute laurek, kutsu baikorra duten ipuinekin, «une horretan aurrera egiteari ekingo baliote bezala». Beste ate bat ere jarri du erakusketan, bosgarrena. Zuria, «naturala; norberarena», bakoitzak bere istorioa idatz dezan.
Ipuin saio berezi bat egingo du urriaren 12an; ipuinak xehe aztertuko ditu bertaratzen direnekin, eta beste kontakizun batzuk entzuteko aukera ere izango da. Halaber, urriaren 20an, amaiera festa egingo dute. Ondoren, erakusketa beste toki batzuetara eramatea espero du.