XIX. mende erdialdetik XX. mende erdialdera emakumeei egokitu zitzaizkien rolak gizonek nola irudikatu zituzten bistaratzeko erakusketa zabaldu du Arabako Arte Ederren Museoak. Emakumeak. Familia eta lana du izenburu, eta Euskal Herriko —bereziki Arabako— eta Espainiako 23 artistaren 35 margolan bildu ditu. Besteak beste, Ignacio Diaz Olano, Fernando Amarika, Pablo Uranga, Aurelio Arteta eta Alberto Arrueren lanak dira. «Artelanek beren egileen bidez hitz egiten digute, eta, hain justu ere, egile guztiak gizonak dira, emakumeek oso nekeza zutelako hezkuntzan edo artean sartzea», azaldu du Ana del Val Kultura diputatuak.
Museoaren bildumarekin osatu dute erakusketa, eta hiru ataletan banatu: Emakumea landa eremuan, Emakumea eta itsasoa eta Amatasunetik haratago. Emakumearen egunerokoa kostunbrismoan, errealismoan, inpresionismoan eta postinpresionismoan oinarrituta islatu zuten artisten lanak bildu dituzte. Urriaren 19ra arte izango da zabalik.
Landa eremua
Antonio Maria Lekuona izan zen Bizkaiko landa eremuko ohiturak mihisean irudikatu zituzten aurreneko euskal artistetako bat. Bere eszena kostunbristetan ongi islatu zuen garai hartako Espainiako pintoreek hain berezkoa zuten generoa. Janarien bedeinkapena Bizkaiko baserri batean lanean, adibidez, eszena kostunbrista bat islatu zuen: familia bat mahaiaren bueltan ageri da, ama erdian delarik seme-alabak zaintzen, jatekoa bedeinkatzeko lanean.
Arabako zenbait artistak ere margotu zuten emakumeek landa eremuan zuten presentzia. Batez ere emakume gazte eta helduen eguneroko jardueren xehetasunak pintatu zituzten, izan soroetan lanean, izan ospakizunetan dantzan. Horietako bat izan zen Fernando Amarika. Uzta Araban (Tresponde) lanean, esaterako, Arabako herri horretan girotutako gari bilketa erakutsi zuen.

Arabako pintoreen artean, Ignacio Diaz Olanok ipini zituen emakumeak obraren erdigunean. Landa eremuan, barrualdean eta kostaldean ez ezik, hirigunean ere kokatu zituen andrazkoak. Eta, hala, langile klaseko emakumeak margotu zituen, baina baita burgesak ere, antzokian edo jatetxeetan. 1917. urtekoa da Diaz Olanoren Gorulariak eta ehuleak margolana: nekazaritza eta baserri giroan, lihoaren laborantzan eta zapiak nahiz arropak egiten margotu zituen emakumeak.
1920an, Leandro Anda industrialariak tamaina handiko margolan hura erosi, eta Buenos Airesera eraman zuen, eta handik urte askotara, 1990ean, Europan agertu zen berriro, baina horizontalki bitan zatituta. Gaur egun, bi zatiak ikus daitezke erakusketan, bereizita. Haien ezkerraldean eta eskuinaldean ageri dira Lihoa kardatzen eta Ibaian lihoa garbitzen lanak, Andak margolariari enkargatutako beste bi margolan handi.
Itsasoa eta amatasuna
Kostaldeko emakumeen eginkizuna ere islatu zuten garai hartako artistek. Batez ere arrantzaleen emazteen eta alaben egunerokoa pintatu zuten; besteak beste, sareak konpontzen eta arraina biltzen edo saltzen. Giro hura islatu zuen Angel Cabanas Oteizak Arrantzaleak obran: txapela eta kaikua jantzita dauzkan gizon zahar bat eta buruaren gainean ohiko saskia daraman emakume gazteago bat ageri dira lanean.
«Artelanek beren egileen bidez hitz egiten digute, eta, hain justu ere, egile guztiak gizonak dira, emakumeek oso nekeza zutelako hezkuntzan edo artean sartzea»
ANA DEL VALArabako Kultura diputatua
Etxetik kanpo luzaroan egoten zirela-eta arrantzaleek familiaren bizimodua nola baldintzatzen zuten ere erakusten du bildumak. Valentin Zubiaurreren Txalupen irteera margolanean, adibidez, itsasoratzen ari diren itsasontziak ageri dira, eta lehen planoan, lehorretik agur esaten dieten agureak, emakumeak eta umeak daude. Eta arrantza jardueran izaten ziren naufragioen ondorioz alargun eta umezurtz geratzen zirenak ikusten dira Aurelio Artetaren lanetan; Alarguna eta Arrain-saltzailea portuan obrak dira horren lekuko.
Bestetik, amatasuna familia egituraren ikur gisa agertzen zen garai hartako artelanetan, eta, askotan, gizarte tradizionalaren eredu gisa. Besteak beste, Julian Tellaetxek emakumeak ama rolean pintatu zituen Amatasuna lanean, seme-alabei bularra emateko unea irudikatuta, eta Juan Aranoak haur txiki baten irudia egin zuen Haurra margolanean. Biak ikus daitezke erakusketan.