Oholtzara begiratu, eta horra lau emakume, elkarren alboan eserita. Lau dantzari, belaunaldi oso baten ordezkariak lauak. Bozgorailuetatik musika alaia, eta haren sintonian erdi dantzan zeuden aulkian, urduritasuna agertzen zuten keinuekin. Laura Etxebarria, Ana Rosa Tercero, Alicia Gomez eta Ana Remiro: horiek omendu nahi izan zituen atzo ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen elkarteak, Dantzaren Nazioarteko Egunean. 1980ko hamarkadan abiatu zuten euren ibilbide profesionala, eta oraindik ere dantzaren munduan jarduten dute. «Lau emakume hauek belaunaldi oso bateko emakumeen izenean datoz», abiapuntua antolatzaileek. Argi utzi nahi izan zutenez, «emakume asko» izan dira egungo eta etorkizuneko dantzari profesionalei ateak zabaldu dizkietenak, eta horietako lau aitortzeko eguna izan zen atzokoa.
Laura Etxebarriaren ibilbide profesionala aitortuz hasi zuten ekitaldia. Arteen eta artisten bilgune bihurtu zen Fundicion aretoa sortu zuen Etxebarriak 1986an, beste kide batzuekin batera. Egun, sorkuntza garaikidearen zirkuitu eszenikoetan erreferentzia puntu bat da gune hori, eta Dantzaldia eta Lekuz Lekujaialdiak antolatzen dituzte, besteak beste. Gune horren zuzendaria da Etxebarria, eta, hain zuzen, bertako kideekin partekatu nahi izan zuen saria: «Aitortza hau kolektiboa da». Ibilbidearen errepasoa egiteaz gainera, Dantzertiko hirugarren mailako ikasleek inprobisazio bat eskaini zioten, berak egindako lana goraipatuz.
Izan ere, haiek izan ziren, Dantzertiko ikasleak, ekitaldia bertatik bertara ikusi ahal izan zuten bakarrak.
Etxebarriaren ondoren, Ana Rosa Terceroren txanda izan zen. Tercero 1974an hasi zen balleta ikasten, eta ordutik hainbat arlotan lan egiteko aukera izan du, betiere dantzaren munduari lotuta. Dantzari gisa ibilbide laburra izan zuen, moto istripu baten ondorioz, baina horrek irakaskuntzan eta ikerketan sakontzera eraman zuen. Omenaldi gisa, Dantzertiko laugarren mailako ikasleek koreografia bat eskaini zioten. Piano doinuek aretoko isiltasuna apurtu zuten, eta doinu sarkorrak eta dantzariek sentimendu osoz dantzatutako piezak «erabat» hunkitu zuten Tercero.
Alicia Gomez irakaslea eta ikertzailea omendu zuten ondotik. 11 urterekin hasi zen dantzan, eta 17 urterekin Londresera joan zen. Europan barrena ibili ondoren, ordea, Euskal Herrira itzultzea erabakizuen. «Maitasunak ekarri ninduen bueltan Euskal Herrira», esan zuen. Baina ez zen itzulera erraza izan: «Euskal Herrian dantzari ez zitzaion aitortzarik egiten». 2016tik Dantzertiko irakaslea da, eta «oso hunkituta» jaso zuen aitortza hark ere: «Sari hau familiarena da, lagunena, kideena, ikasleena... Ez da indibidualki lortu dudan zerbait». Txalo zaparrada, eta bigarren mailako dantzako ikasleek eskaini zioten dantza, esker oneko hitzekin. «Eskerrik asko, Alizia, zure benetako bidean gurekin gurutzatzeagatik».
Eta, azkenik, Ana Remirori aitortza, Donostiako Udal Dantza Eskolako irakasleari. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez jaso zuen beka bati esker joan zen Remiro Parisera, dantza garaikidea ikastera. Familiako senideei, eta, batez ere, gurasoei eskaini zien saria hark: «16 urterekin dantza egin nahi nuela esan nuenean, gurasoek begiak itxita babestu ninduten». Esker onak adierazi ondoren, biolin doinuek jantzi zuten aretoa, eta lehenengo mailako ikasleek Remirok berak sortutako koreografia bat dantzatu zuten. Eta mezu bat Remirok: «Terapia zoragarria da dantza».
Euren ibilbide profesionaleko argazkiak eta bideo proiekzioak ikusi ondoren, opari bat jaso zuen omenduetako bakoitzak: Ainhoa Pardellas artistak eskuz egindako erretratuak oparitu zizkion dantzari bakoitzari. «Zuek zabaldu diguzue bidea belaunaldi berrioi, eta aitortza honek egindako lan guztia baloratzeko balio izatea espero dut», adierazi zuen Pardellasek.
Emakumeak izan dira protagonista Dantzaren Nazioarteko Egunean
1980ko hamarkadatik dantzaren munduan jarduten duten emakumeak omendu ditu ADDEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu