Emakumeak bonben ondorenean

'Lurra astintzen' obra antzeztuko du Durangoko Karrika taldeak, etzi, Donostiako Antzoki Zaharrean

Nazaret Froufe, Joana Ocaña, Julene Bernaola eta Eneko Sagardoi Karrikakoak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Italiako armada faxistak Durango bonbardatu zuen 1937 martxoaren 31n, eta den-dena suntsitu. Handik bi urtera amaitu zen Espainiako gerra, eta frontera joandako senarra desagertuta, hilda edo ihesean zebilen jakin gabe, Silberi herrira bueltatu zen, bi alabekin. Eta drama egoera haren erdian aurrera egin ahal izan zuen emakumeen artean sortutako konplizitate eta elkartasunari esker. Istorio hori Lurra astinduz antzezlana bilakatu du Durangoko Karrika antzerki talde amateurrak, eta etzi eta larunbatean Donostiako Antzoki Zaharrean taularatuko du (20:00).

Bonbardaketaren biharamuna erakusten du obrak, Eneko Sagardoi Karrika konpainiako antzezleak dioenez. Nazaret Froufe haren kidearentzat, Durangoko historiaren zati bat kontatzen du Joxe Martin Urrutia Txotxe-k idatzitako lanak —bizkaieraz egindakoa—, baina iruditzen zaio Euskal Herrian orduan gertatu zena azaltzen duela finean. Emakumeen ahotsa baliatu dute horretarako. «Besteak beste, orduan isilik egotera kondenatuta zeudelako», argitu du Sagardoik. Gainera, antzerki konpainian emakumeak dira gehienak. Hartara, Lurra astinduz-en parte hartzen duten hemezortzi aktoreetatik hamabi dira emakumezkoak.

Haien irudia indartu nahi izan dute. Izan ere, Silberik egoera latz bati aurre egin behar izan zion gerraren ondorenean. Amari etxean lekua egiteko eskatu zion, baina bakoitza fronte batekoa izaki... «Kasu askotan gertatu zen hori», azaldu du Joana Ocaña aktoreak. Fabrikara jo zuen lan bila, eta gerra aurretik lagun izan zituen emakumeekin harremantzen hasi zen, atzera. «Haien guneak topatu zituzten emakumeek, eta haien arteko elkartasuna areagotu zen», Sagardoiren irudiko. Dramatikoa zen egoera, baina antzezlanean gordintasuna leuntzen, istorioa humanizatzen, saiatu dira, emozioen bidez. Hori lortzeko ahaleginean, umoreari ere heldu diote. Frouferen iritziz, amodiozko kontakizun bat da, finean.

Aspaldiko obrak gogoan

Hori gauzatzeko, alderdi plastikoari eman diote garrantzia, eta musika eta irudiak izan dituzte helduleku, besteak beste. Gainera, erronka bat dela pentsatzen du Sagardoik: «Hainbeste pertsona oholtzara igotzen garenez, aspaldi egiten ziren antzerki obren irudia dakar burura».

Karrika taldearen Martxoak 31 antzezlanaren segida da Donostian aurkeztuko dutena. Hark gizarte zibilak pairatutako ekintza bortitz bat islatzen zuen, Ocañaren esanetan. «Baina hura bukatu ostean ar bat hazi zen geure barrenean, eta erabaki genuen gerra ostekoa kontatzea».

Lurra astinduz 2011ko urrian estreinatu zuten kalean, Durangoko Santana elizaren parean, eta geroztik herriko San Agustin Kulturunean, Ibarrurin (Bizkaia), Arrasaten eta Elgoibarren (Gipuzkoa) eman dute, besteak beste. Froufek onartu du oso garrantzitsua dela Donostian estreinatzea, haien helburua egiten dutena erakustea baita. Konpainiak hamabost urte baino gehiago daramatza lanean, eta urtero estreinatzen du gizarte gaiez hausnartzen duen obraren bat. Haien kabuz egindakoak edo enkarguzkoak izaten dira, eta gehienak Urrutiak idazten ditu. Etzi eta larunbatean Antzoki Zaharreko oholtzara igoko dira antzezleak, joan den abenduan Hau ez da Kalkuta obrarekin egin bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.