Modernoa, abangoardista, aurrerakoia, jantzia, jakin-min handikoa, autodidakta, berezia, geruzaz betea. Halaxe deskribatu dute Mari Paz Jimenez artista plastiko oparoa (Valladolid, Espainia, 1909 – Donostia, 1975) Misterioa argitzea erakusketaren arduradunek. Haren ibilbide osoa erretratatzeko helburuz, 133 artelan batu dituzte Donostiako Kubo aretoan. Baina bazituen askoz gehiago ere. Ikusgai dauden artelan gehientsuenak San Telmo museoak utzitakoak dira, artistaren ondarearen erakunde gordailuzaina izanki. Gainontzekoak Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Arte Ederren Museoak, Artiumek eta Kutxa fundazioak egindako ekarpena izan dira, besteak beste. Haizea Barcenilla eta Ane Lekuona Artearen Historiako doktoreak aritu dira erakusketaren komisario.
Bere bizitza gehiena diktadurapean eman zuen arren, Jimenezek ez zuen 36ko gerra aurreko begirada modernoa inoiz galdu margotzerakoan. Aitzindari izan zen abstrakzioan, eta sona handia lortu zuen margolari informalista gisa aitortu zutenean. Alta, ukatu egin zaio euskal artearen iruditeria partekatuan mereziko lukeen tokia. 1975ean zendu izana izan liteke lehen arrazoia. Euskal artearen historia, azken finean, handik aurrera hasi baitzen egituratzen; Barcenillaren ustez, «lehenago hil izanak ez zion aukerarik eman bere burua defendatzeko».
«Harrigarriki ezezaguna»
Haren unibertso femeninoa ere izan liteke bazter utzia izateko aitzakia, funtsean gizonezkoz osatutako mundu hertsi batera zetorrelako. Barcenilla: «Jimenez Gaur taldetik kanpo gelditu zen, eta ez dakigu ongi zergatik, harreman estua baitzuten». Izan liteke, gainera, margolari informalistatzat zeukatelako, eta korronte horrek Euskal Herrian segida handirik izan ez zuelako. Nolanahi dela ere, Jimenezi zor zaion lekua aldarrikatu nahi dute Misterioa argitzea erakusketaren bidez.
«Pribilegiotzat» jotzeaz batera, erakusketa ontzeak eskatu duen ikerketa azpimarratu du Barcenillak: «Ezinbestekoa da Mari Paz Jimenezen ekarpena berreskuratzea. Harrituta gaude aski ezezaguna delako, baita historialarion artean ere. Azkar ulertu genuen nolako garrantzia duen lan honek». Barcenillak eta Lekuonak urtebete eman dute buru-belarri erakusketa ontzen. Misterioa argitzea maiatzera bitartean izango da ikusgai.
«Ezinbestekoa da Mari Paz Jimenezen ekarpena berreskuratzea. Harrituta gaude aski ezezaguna delako, baita historialarion artean ere. Azkar ulertu genuen nolako garrantzia duen lan honek»
HAIZEA BARCENILLAKomisarioa
Jimenezen izaerak ertz asko ditu, eta ezagun du bere artelanetan. Atzera begirakoa izanik, kronologikoki eta garaian garaiko estiloaren arabera dago antolatuta erakusketa. Lehen atalak margotzeari ekin eta profesionalizatzen hasi zen urteetako artelan sorta txiki bat darakutsa. Ikasketa fasean egindako lanak alde batera utzita —horiek ere ikusgai daude—, natura hilak dira gehienak, surrealismoaren fokutik eginak: mundu materialetik at, espazio anbiguo eta zehaztugabeetan dauden figura etereoak dira horietarik asko, nagusiki femeninoak.
Erbestean ekin zion margotzeari Jimenezek. 36ko gerra pizturik, Frantziara jo zuen lehenik, eta Argentinara ondoren, Alfredo Bizkarrondo senarrarekin eta Carlos semearekin batera. Hantxe egin zuen bere bakarkako lehen erakusketa, Buenos Airesko Arte Ederren Udal Aretoan, 1943an.
Surrealismotik figuraziora
1945ean Donostiara itzulita, fantasia surrealistak bazter utzi, eta arte figuratibora jo zuen Jimenezek. Irudi koloretsuagoak eta alaiagoak dira garai hartakoak, naif kutsukoak; ez, ordea, inozenteak. Barcenilla: «Artelan horiek frankismo betean eginak dira, eta begirada sakonagoa eskatzen dute; Buenos Aires hiri kosmopolita zen, eta bera, berriz, emakume modernoa; ez dira inondik inora infantilak». Itxialdia edota ihes egiteko saioa ere uler litezkeela uste du Barcenillak. Haren iritziz, «diktadurapean emakume moderno, ijito eta margolaria izateaz» mintzo dira.
«Artelan horiek frankismo betean eginak dira, eta begirada sakonagoa eskatzen dute; Buenos Aires hiri kosmopolita zen, eta bera, berriz, emakume modernoa; ez dira inondik inora infantilak»
HAIZEA BARCENILLAKomisarioa
Picasso osteko estiloa ere landu zuen garai hartan. Komisarioaren arabera, Espainiako Estatuan aski estimatua zen molde hura, eta horri heltzeak galerien munduan murgiltzeko eta hainbat sari irabazteko bidea zabaldu zion Jimenezi.
Figurazioa eta espresionismoa aski ez, eta abstrakzioari ere ekin zion aldi berean. Hain zuzen, abstrakzioaren aurrekaria izan zen Jimenez, bere lehen lan abstraktuak jada 1949rako erakutsi baitzituen. Barcenillak zehaztu egin nahi izan du: «Aitzindaria izan zen ez soilik Euskal Herrian, baita Espainiako Estatuan ere, eta orokorrean ari naiz, ez emakumeez soilik».
1945etik 1949ra landu zituen hiru joera estilistikoak batera bilduta daude erakusketan.
Informalismo materikoa
Hurrengo etapak aitortza berri bat ekarri zion artistari: margolari informalistarena. «Abstrakzioaren barruko joera horrek garrantzi handia hartu zuen urte haietan, eta hartara egokitu zen Jimenez, bere bide propioa bilatzeko», azaldu du Lekuonak.
Artista gisa lortutako osperik handiena garai eta estilo horretakoa du Jimenezek, eta sona horren erakusle da atal honetako artelanen jatorria, museo eta instituzio askotatik ekarri baitituzte erakusketara. Onarpen handia lortu zuela dio Lekuonak: «Arrakasta handia izan zuen. 1960an, arte kritikari garrantzitsu batek, Jose Maria Galvanek, Espainiako arte garaikidearen katalogoan sartu zuen Jimenez, informalismoaren ordezkari gisa».
«Arrakasta handia izan zuen. 1960an, arte kritikari garrantzitsu batek, Jose Maria Galvanek, Espainiako arte garaikidearen katalogoan sartu zuen Jimenez, informalismoaren ordezkari gisa»
ANE LEKUONAKomisarioa
Orduan zuen famaren aldean, gaur egun ez da batere ezaguna, Lekuonak nabarmendu duenez.
Misterioa argitzeaz
50eko hamarraldiaren erditik 60ko hamarraldiaren erdialdera bitartean izandako krisi artistikoaren ostean, beste bide batetik jarraitu zuen Jimenezek. Inoiz baino gehiago, erakusketari izena eman dion kontzeptuari heldu zion. «Sentitzen eta ikusten zuen misterio bat argitu nahi zuela esaten zuen elkarrizketetan», azaldu du Lekuonak. Komisarioaren arabera, kezka existentzialistari lotuta ageri den misterioaz ari da Jimenez, «betiere pentsamendu poetikoago batetik». Bestalde, «arrazionalismoak misterioa argitzeko balio ez zion neurrian», bere lehen etapako surrealismoari ere lotu zitzaion, komisarioaren hitzetan.
Artelanez harago, bada bestelako elementurik ere erakusketan. Besteak beste, bere jakin-minari lotutako testuak, Rosa Escudero ahizpa flamenko dantzariari jositako jantziak eta arte galerietako arduradunekin izandako gutun trukeak.
Kutxa fundazioak Donostiako Kubo aretoaren 25. urteurrena ospatze aldera egingo dituen hiru erakusketen artetik lehena da Mari Paz Jimenezen atzera begirakoa. Maria Cueto artista espainiarrari eta Maider Lopez donostiarrari eskainitakoak helduko dira ondotik.