Zinema

Emakume zinemagileen filmak izango dira nagusi Tabakalerako aretoan

Zentroak hartzen duen eskolan nahiz antolatzen dituzten programetan sortutako lanei jarriko diete arreta datorren urtean. Sarrerak eta abonuak salgai daude dagoeneko.

Josemi Beltran, Joxean Fernandez, Maialen Beloki eta Edurne Ormazabal, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Josemi Beltran, Joxean Fernandez, Maialen Beloki eta Edurne Ormazabal, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko abenduaren 21a
04:30
Entzun

Alice Guy, Patricia Mazuy, Lois Weber, Agnes Varda, Frances Marion, Lina Wertmüller, Dorothy Arzner, Naomi Kawase, Jaione Camborda, Ana Mariscal, Aitziber Olaskoaga, Ida Lupino, Mati Diop, Elena Lopez Riera, Chantal Akerman, Jessica Sarah Rinland, Larisa Shepitko, Jane Campion. Zuzendari horien eta beste batzuen lanak areto bakarrean bilduko ditu Donostiako Tabakalera zentroak datorren urtean. Bost erakundek elkarlanean antolatu dute 2025erako zinema eskaintza, eta emakume zinemagileen filmei eman diete protagonismoa. Zentroak egiten dituen egonaldi programen uzta ere errepasatuko dute, eta ziklo gehiago ere izango dira. Sarrerak eta abonuak salgai daude dagoeneko.

Urtero elkarrekin antolatzen dute zinema eskaintza Tabakalerak eta zentroan egoitza duten zinema eragileek: Donostia Kulturak, Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta EQZE Elias Kerejeta Zine Eskolak. «Publiko askotarikoak aretora erakartzeko nahiz zinemagileen emaitzak eta lan prozesuak ikusleei gerturatzeko helburuz» garatu dute egitaraua aurten ere, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak azaldu duenez. Hamar urte beteko ditu zentroak 2025ean, eta zuzendariak nabarmendu du programazioan arrastoa izango duela horrek, eta «inoiz baino gehiago, sormenerako eta talentua garatzeko zentroaren izaera» islatuko duela.

Tabakalera Belaunaldia jaialdia izango da horren adibideetako bat. Ekainaren 13tik 15era egingo dute, eta, EQZEko ikasleen proiektuak ez ezik, mentoretza programetakoak ere erakutsiko dituzte. Horri beste hainbat ziklo batuko zaizkio: Ikusmira Berriak programari lotutakoa —urtarriletik abendura—, zinema eta literatura uztartzen dituena —Chantal Akerman izango du ardatz, eta Itxaro Borda, Karmele Jaio eta Danele Sarriugarte idazleek parte hartuko dute—, eta egungo zinemagileei eskainitako atzera begirakoak —Patricia Mazuy eta Roberto Minervini izango dituzte protagonista—. Halaber, jarraipena izango dute Kontatutako Zinemako saioek eta zuzeneko musika duten emanaldiek, besteak beste. 

Hamar urteko uzta

Tabakalerak eta Zinemaldiak elkarrekin antolatzen duten Ikusmira Berriak programak ere hamar urte beteko ditu 2025ean, eta gaur arteko bidea baloratzeko eta erakusteko baliatuko dute urteurrena, Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordeak iragarri duenez. «Atzera begiratzean, etengabe garatzen eta aldatzen aritu den egonaldi programa bat ikusten dugu, eta uste dugu nazioarteko zirkuituan garrantzitsuenetako bat bilakatu dela».

Ikusmira Berriak-en «arrakasta» zenbakitan neur litekeela esan du Belokik: hamar urtean 50 egitasmo bultzatu ditu, eta horietatik 23 burutu dituzte egileek, baita jaialdi ugaritan aurkeztu ere —saritu ere egin dituzte zenbait, hala nola Jaione Cambordaren O corno, Urrezko Maskorra eman baitzioten—. Baina, datuak alde batera utzita, parte hartu duten sortzaileek eta haien filmek ere eman lezakete programaren neurria, Belokiren hitzetan: «Askotariko filmak dira, askotan lengoaia zinematografikoan arriskuak hartu dituztenak, eta gainera belaunaldi berritze bat ekarri dutenak, bereziki emakumeena. Haiei guztiei beren proiektuak garatzeko tokia, denbora, testuingurua eta baliabideak eskaini dizkie egonaldiak; nazioartera zabaltzeko leiho bat ireki die; baita label bat eman ere, sektoreko jende askok begiratzen duena». 21 filmen emanaldiak antolatu dituzte denera, ibilbide horren lekuko.

Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema arloko arduradunak, berriz, heldu den urteko Nosferatu zikloaren berri eman du. Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak izango du izenburu, eta emakume zinemagileen lanei jarriko die arreta, zinema mututik hasi eta garaikideraino. Aitzindari izandako sortzaileekin abiatuko dute, klasikoen artean bildutako beste izen batzuekin segituko, eta udazkenean helduko dira beren lengoaiagatik bitxitzat jotako beste hainbaten lanak. 50 film baino gehiago proiektatuko dituzte urte osoan, asteazkenero.

Euskadiko Filmategiaren programazioa ohiko ardatzetan mugituko dela iragarri du Joxean Fernandez zuzendariak. DIPC Donostia International Physics Centerrekin eta Zinemaldiarekin batera antolatzen duten Zinema eta Zientzia zikloarekin ekingo diote urteari, urtarrilaren 10ean: The Theory of Everything (James Marsh, 2014) izango da hamabi filmetatik lehena. «Programa hau zinema lengoaiaren unibertsaltasunaz baliatzen da pentsamendu zientifikoaren sakontasuna erakusteko, eta haren xedea zinemaren eta zientziaren kultura transmititzea da», zehaztu du Fernandezek.

Udazkenean beharrean, apirila eta ekaina bitartean egingo dute euskal emakume zinemagileen bosgarren eta azken aldia, eta, oraingoan, 1980ko eta 90eko urteetan jaiotako emakume zinemagileen film luzeak emango dituzte. Uztailean Jazzinema helduko da. Eta irailetik abendura bitarte, bost euskal hiriburutan Klasikoakzikloa proiektatuko dute.

Zinema maite dugu izenburupean egin dute aurkezpena, Tabakalerako zinema aretoan, eta horri erreferentzia eginez amaitu du Fernandezek: «Areto iluna, pantaila handia, jatorrizko bertsioak, urrutiko aginte gailurik gabe, sakelakorik gabe, eta gurekin batera hainbat sentsazio bizi izango dituzten ezezagunez inguratuta. Zinema maitatzeko modu zoragarri bat da hori, eta areto honetan urte osoan gertatzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.