Donostiako 70. Zinemaldia

Emad Aleebrahim Dehkordi eta Luis de Filippis batu dira Zuzendari Berriak sailera

'Chevalier noir' eta 'Something You Said Last Night' filmak erakutsiko dituzte. Carla Simonek lehiaz kanpo parte hartuko du Zabaltegi-Tabakaleran.

'Chevalier noir' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 29a
15:04
Entzun

Aurtengo beste hiru film iragarri ditu Donostiako Zinemaldiak. Zuzendari Berriak sailekoak dira horietako bi: Emad Aleebrahim Dehkordiren Chevalier noir eta Luis de Filippisen Something You Said Last Night. Dehkordiren lehen film luzea da Chevalier noir. Shemroomen bizi dira Iman eta haren anaia Payar, aitarekin. Ama hil zenetik, familiaren bizimodu latzetik ihes egiteko modu baten bila dabil Iman. Hiriko goi klaseko gazte batzuekin dituen kontaktuei esker, dirua bizkor irabazteko negozio bati ekingo dio Imanek. Irtenbide ona dirudi, baina, azkenean, familia osoari eragingo dio.

De Filippisen Something You Said Last Night lanak, bestalde, Torontoko jaialdiko Discovery sailean izango du erabateko estreinaldia. Lanetik kaleratu dute Ren, idazle izan nahi duen emakume bat. Oporretara joango da bere familia italiar-kanadarrarekin. Millennial zurruna eta emakume transa da, eta borroka egin beharko du aske izatearen eta zaindua izatearen erosotasunaren artean.

Carla Simon film labur batekin itzuliko da aurten zinemaldira, Carta a mi madre para mi hijo izenekoarekin. Carla haurdun eta biluzik dago, argazki batean amak bera sabelean zuenean bezala. Eguzki izpiak leihoetatik sartzen dira, eta Super-8 kamera bateko boladak ikusten dira: irudietan aitona-amonak, osaba-izebak, gurasoak eta birraitona eta birramona ikusten dira; pozik daude, irribarretsu, josten eta poesia irakurtzen. Orduan, emakume gazte bat ikusten da hazten, 1960ko hamarkadatik gaur egun arte. Zinemagileak bere familiari egindako omenaldia da lana.

Nosferatu zikloa, bueltan

Donostiako Zinemaldiaren 70. urteurrenari eskaini diote aurten Nosferatu zikloa. Urtarrilean eman zioten hasiera Tabakaleran, eta urriaren 5ean hasiko da zikloaren hirugarren hiruhilekoa, Joris Ivens dokumentalgile nederlandarraren azken filmarekin: Une histoire de vent (1988).

Urrian erakutsiko dituzte, halaber, American Dream (Barbara Kopple, 1990), Rebels Of The Neon God (Tsai Ming-Liang, 1992) eta Beautiful Girls (Ted Demme, 1996) filmak, hilaren 12an, 19an eta 26an, hurrenez hurren.

Azaroan, berriz, Pusher (Nicolas Winding Refn, 1996), En construcción (Jose Luis Guerin, 2001), Brick Lane (Sarah Gavron, 2007), Passion (Ryusuke Hamaguchi, 2008) eta Asbe du-pa / Two Legged Horse (Samira Makhmalbaf, 2008) ikusteko aukera izango da. Eta, azkenik, abenduan, Genpin (Naomi Kawase, 2010) eta Post mortem (Pablo Larrain, 2010) filmak pantailaratuko dituzte.

Zikloa Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatu dute, Tabakaleraren, Valentziako Kultura Institutuaren eta Valentziako Generalitatearen Filmotekaren lankidetzarekin, eta zinemaren azken 70 urteetan ezinbesteko izan diren filmak eta zinemagileak izango ditu ardatz. Erakutsiko dituzten pelikula denak 1988 eta 2010 bitartean Donostiako Zinemaldian izandakoak dira.

Sarrerak Tabakaleraren webgunean jarriko dituzte salgai, irailaren 15etik aurrera. Zikloaren xehetasunak azaltzearekin batera, bi liburu argitaratuko dituztela ere iragarri dute: Quim Casasek koordinatutako Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia, eta Katixa Agirreren beste bat, azaroan argitaratuko dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.