Paisaia elurtu bat, gizon bat maleta batekin, behi bat, hitzik ez. Nola dantzatu hori? «Hori zen galdera premiazkoa», dio Mizel Theret koreografo eta dantzariak. «Nola pasatu film bateko irudiak dantzako jestuetara? Nola lautada zabaletatik antzoki bateko espazio itxira? Nola irudietako gorputz batetik eszena gaineko gorputz batera?». Bi diziplinen arteko elkarrizketan sartu, eta poetikotasunean, sentiberatasunean, aurkitu uste du bidea. Abiaduratik, mugimendu handietatik, askotariko distrakzioetatik urrun. Horri segika idatzi du Hotza, Oskar Alegriaren izen bereko film laburra ardatz duen pieza, eta gaur estreinatuko du, Bilboko Fundicion aretoan, Bertha Bermudezekin batera. «Filma oinarria da», argitu du, ordea. Ez baitute izan helburu hura dantzara itzultze hutsa, ezpada haren mundu iradokitzailea hartu eta hor sakontzeko bideak ugaritzea.
Hamabi minutu irauten du Alegriaren zuri-beltzeko filmak, eta, ezer baino lehen, hura proiektatuko dute Hotza dantza emanaldian ere. Etenik gabe helduko dira gero Theretek idatzitako bi soloak; Bermudezedek dantzatuko du lehena, eta Theretek bigarrena. Alegriaren lanetik gertuago ariko da Bermudez —«filmeko keinuak eta erreferentziak ikusiko dira»—, eta hura urrutiratzen saiatuko da gero Theret: «Filmean bada pertsonaia bat makila batekin, eta nik garatzen dut soloa makila horrekin, baina beste bide batera joz: ez naiz bakarrik oinez ibiltzen, hura bezala; lerroak eta elementu abstraktu gehiago izango dira». Idazkera gisa, abstrakzioa zentrala duela azpimarratu du, hain justu. «Inportantea da, filmaren atmosfera hor egon arren, oihartzuna urrunago eramatea, bideak irekitzea».
COVID-19a heldu aurretik ikusi zuen Alegriaren filma Theretek, baina gogora heldu zitzaion gero itxialdi sasoian. Momentuaren iluna ahaztu gabe, alde «biziki onuragarriak» sumatu zituen; isiltasuna, batik bat. «Ez zen nehor karriketan eta isiltasunak bazuen bere pisua. Nahi nuen zerbait egin isiltasun haren kalitatea eta soiltasuna aurkitzeko». Alegriaren Hotza-k horretarako ate bat irekitzen ziolakoan hasi zen harekin lanean, ohartuta bi diziplinen artean bazela hurbiltasun bat. «Dantzan soiltasuna bilatzen dut, ahal bezainbat mundu poetikoa garatzea, eta hori dena atzematen nuen filmean».
Agertoki zuria ahal bezain hutsik egongo da, hala. Bere printzipioetako bat dela dio Theretek: «Ahal bezainbat espazio huts, garrantzi guztia emateko gorputzari eta keinuari; dantzari, bere biluzian». Beste printzipio bat ere aipatu du: «Behin sartzen garelarik eszenatokian, ez gara ateratzen». Eta beste bat ere bai: «Idazkerak beti behar du oso minimalista, keinu gutxikoa».
Publikoa hiru aldetan eserita egongo da, hurbil, U bat osatuz, eta haien artean jarrita egongo dira bi dantzariak filma ikusi artean. Bermudez altxatzen denean, isiltasunean egingo du bere soloa, eta garrantzia eman dio koreografoak: «Isiltasunean dantzak badu beste pisu bat, eta musikaren parte bat da enetako; ez da haustura bat, haren parte bat da». Raul Garciak landu du emanaldiaren soinu paisaia; filmean oinarrituta hau ere, baina bere konposizioak eginez, naturako soinuak baliatuta. Thereten soloaren aurretik, Bermudezek eta biek «unisono labur bat» egingo dute elkarrekin, hori ere isiltasunean. «Ene soloa hasten delarik, berriz sartuko da musika».
«Oroimenarekin naiz»
2011n sortu zuten Traversee konpainia Theretek eta Johanna Etxeberrik, eta haien lanaren erdigunean kokatu izan dute oroimenaren gaia, kolektiboa zein indibiduala. Pieza berrian ere, hala ikusten du koreografoak: «Zuri-beltzeko film bat izateak ere bagaramatza horra. Baina gehiago da ni dantzari gisa, taularen gainera igotzen naizelarik, ene oroimenarekin dantzatzen dudala. Ene gorputzean aztarna asko baditut dantzatu ditudan pieza guztietakoak, eta oroimen horrekin guztiarekin naiz. Ez naiz inoiz gorputz berri bat».
Konpainia ezaugarritzen du, halaber, estilo minimalistaren aldeko apustuak. «Lekua ematen diogu kontenplazioari, eta hori ez da batere komertziala. Gure Euskal Herri honetan, horrelako piezendako lekurik baden, hori da ene galdera». Gaurko estreinaldiaren ondotik, badute asmoa pieza beste leku batzuetan ere aurkezteko, baina lotzeko dituzte data zehatzak; tartean, Miarritzeko (Lapurdi) Le Temps d'Aimer jaialdian izango dira, irailean.«Ikuslearen irudimena deitua da, eta ez da pasioa igo ahal. Uste dut ikusleak ere onartu behar dituela kontenplaziorako esperientziak, eta guk ere onartu beharko dugula publikoa ez dela beti arreta berarekin egongo. Ez haiek ez guk, nehork ez du gakorik; partekatze bat da».
Elurraren poetika dantzatzea
Oskar Alegriaren izen bereko film laburrean oinarrituta, 'Hotza' dantza pieza estreinatuko dute Mizel Theretek eta Bertha Bermudezek, gaur, Bilbon. «Kontenplaziorako denbora» partekatu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu