Italiar literaturako izenik garrantzitsuenen artean dago Elsa Morante idazlearena. Euskaraz, baina, ez zen haren lanik irakurgai. Orain arte. Koldo Biguri itzultzaileak haren nobela ezagunenetako bat ekarri du euskarara: Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak. Eta Literatura Unibertsala bilduman plazaratu dute Igela eta Erein argitaletxeek.
Morante Erroman jaio zen, 1912. urtean, eta leku berean hil, 1985ean. Inazio Mujika Iraola editorearen hitzetan, Natalia Ginzburgekin batera, XX. mendeko idazle italiar nabarmenetako bat izan zen; Ginzburgen hainbat liburu euskaratu dituzte urteotan, baina lehen aldia da Morante euskaraz irakur daitekeena. La storia (1974) eleberriarekin batera, Arturoren uhartea izan zuen lanik ezagunena —1962an, Damiano Damianik zinemarako egokitu zuen lan hori, eta, hari esker, Urrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian—. Mujika: «Italiar literaturako funtsezko liburuetako bat da. Edertasun lirikoa eta sakontasun psikologikoa uztartzen ditu, eta maitasuna, desioa, bakardadea, identitatea... gai unibertsal horiek denak ukitzen».
Arturo izeneko nerabe bat du protagonista. Napolitik gertu bizi da, Procida uhartean, «bakardadez eta fantasiaz inguratuta, amaren absentziak markatua eta aita urrun duela, nahiz eta sartu-irtenak egiten dituen etxean». Aitarekin duen harreman «berezia» da nobelako gaietako bat, editorearen hitzetan. Hura emakume gazte batekin ezkontzean, «amaorde bat» agertuko zaio etxean gazteari, eta harekin ere «konplexutasun handiko» harreman bat izango du. «Helduarorako trantsizioa eta emozioen esnatzea kontatzen zaizkigu liburuan, eta kontraesanez betetako begirada konplexu bat dago horien gainean», Mujikaren arabera. Istorioaren girotzea «aparta» dela gaineratu du, uhartea bera beste pertsonaia bat izateraino.
Koldo Bigurik gogora ekarri du Morante bere garaiko Italiako literatur giroaren «erdi-erdian» bizi izan zela. «Haren literatura oso pertsonala da: haren gaiak beti dira giza harremanak, eta gehienbat familiaren barrukoak». 1957an eman zuen orain euskaratutako nobela, «eta urte haietan Italian askori ez zitzaien iruditzen oso literatura engaiatua zenik», itzultzailearen hitzetan. «Kontuan izan behar da garaiko izen handiak neorrealismotik hurbil zebiltzala, eta gerra garaiko partisano istorioak oraindik ere pil-pilean zeudela. Eta hara non datorren emakume bat, Nobel saridun baten emaztea gainera [Alberto Moraviarekin ezkonduta egon zen], literatura egiteko infulak dituena... uste dut hori ere sufritu zuela Morantek». Edonola ere, haren lanek «arrakasta handia» izan zuten beti.
Familia baten barruko istorioa da Arturoren uhartea-k kontatzen duena ere, «baita haurtzaroari buruzko gogoeta bat ere», zehaztu du Bigurik. Heldua dela mintzo baita protagonista nobelan, oroitzapenetatik abiatuz. «Haurtzaro zoriontsu baten kontaketa egiten du. Paradisu batean bizi da. Uhartea, azken batean, haren haurtzaroaren irudi metaforiko bat da». Gerora, ordea, jabetzen da heldu bizitza mingotsa ere izan daitekeela, eta hainbat amets erortzen zaizkio. «Hori ere kontatzen da: gure ametsen galera, haurtzaroaren paradisu horren galera».
Oso bizirik dagoen liburua
Bigurik hamaika literatur lan itzuli ditu euskarara urteotan, eta italieratik ekarritakoengatik nabarmendu da batez ere —besteak beste, Alessandro Baricco, Paolo Giordano, Alberto Moravia, Cesare Pavese eta Leonardo Sciasciaren liburuak itzuli ditu—. Moranteren nobela itzultzeak, baina, ilusio berezia piztu diola aitortu du, Procida uhartearekin «lotura pertsonal berezia» baitu berak ere. Hamar bat aldiz izan da han, eta «denboraldi luze samarrak» egin ditu, han zegoen itzultzaileentzako etxe batean lanean. «Han oso presente zeuden Elsa Moranteren irudia eta obra. Liburu hau oso bizirik dago Italian».
«Haurtzaro zoriontsu baten kontaketa egiten du protagonistak. Uhartea haren haurtzaroaren metafora bat da»KOLDO BIGURIItzultzailea
Azaldu du uhartea ezagutzea neurri batean lagungarri izan zitzaiola liburua itzultzeko, baina halere, ez zela langintza erraza izan. «Italiako garai hartako literaturan oso hizkera kultua erabiltzen zen; oso testu landuak dira, gramatikalki konplexuak, eta lexikoaren aldetik oso aberatsak». Edonola ere, irakurtzeko liburu «goxoa» dela iritzi dio, istorioarekin eta deskribapenekin gozatzekoa. «Barne gogoeta asko ditu, eta geure bizitzaz zer pentsatua ematen digu. Azken batean, literatura onak horretarako ere balio digu, eta liburu honek geuri buruz ere hitz egiten digu».
Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE elkarteak sustatzen dute Literatura Unibertsala egitasmoa, eta bilduma 190. zenbakira heldu da jada. EIZIEko lehendakari Fernando Reyk adierazi du proiektu garrantzitsua dela elkartearentzat, itzulpenen bidez euskararen normalizazioa sustatu nahi dutelako, eta itzultzaileentzat «eskola» ere bihurtu delako urteotan. «Uste dugu kalitate handiko itzulpenak argitaratzen direla proiektu honi esker».