Elkartasunaren kimua

Bilaka kolektiboak, Martin Harriaga koreografoak eta Stephane Garin musikariak 'Gernika' dantza ikusgarria estreinatuko dute etzi b Bonbardaketa bera, gudarostea eta orainaldia ditu mintzagai

Bilaka kolektiboko dantzariak, Gernika piezan. Bonbardaketaz gain, 1945eko gudarostea eta oraingo eguna ere islatu nahi izan dituzte. SCENE NATIONALE.
Ainize Madariaga
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bilaka dantza kolektiboak Gernika ikusgarria estreinatuko du heldu den asteburuan. Euskal musika eta dantza herrikoiak gaurkoan aktibatu nahian sortu zen kolektiboa, eta, aldi honetan, esperimentu berri bati ekin dio: Martin Harriaga koreografoarekin batera, bortz astez, iturri tradizionalari ur garaikidea nahasi baitiote konpainiako bortz dantzarik: Arthur Baratek, Zibel Ameztoik, Ioritz Galarragak, Oihan Indartek eta Aimar Odriozolak. Zuzeneko musika lagun dutela: Patxi Amulet eta Xabi Etxeberri (Bilaka) eta Stephane Gari (Ensemble 0). Etzi izango da estreinaldia, Baionako antzokian, 20:00etan; eta larunbatean (16:00etan eta 20:00etan) eta igandean ere (17:00etan) izango dira emanaldiak. Iruñeko Gaiarre antzokira, berriz, hilaren 30ean helduko dira, eta Barakaldora (Bizkaia), otsailaren 12an.

Ez dute edozein gai hautatu obra berrirako: Euskal Herriko historia sakon zauritu duen Gernikako (Bizkaia) bonbardaketari eman baitizkiote dantza urratsak eta musika. 1937ko apirilaren 26ko zeru metalikoak gutienik 2.000 hildako eragin zituen, Rugen operazio nazi eta faxista hartan. Haatik, obra ez da bakarrik egun hartan itzulikatzen, Gernika batailoiaren gudarostea ere hizpide baitu, zeina Punta de Gravan (Okzitania) alemaniar tropa nazien kontra borrokatu baitzen, apirilean ere bai, baina 1945. urtekoan, 14tik 20ra.

Baionan sortu Harriagak urte batzuk daramatza Euskal Herritik kanpo: Herbehereetan eta Israelen. Alta, Malandain Ballet Biarritz konpainiako kide denez geroztik, herrirat itzuli da, eta Bilaka konpainiak sorkuntza berrian parte hartzera deitu zuen.

Hark xehatu du zerendako duten gai hori hautatu: «Gernika Euskal Herriari mintzo zaio, baina baita munduari ere, Picassoren obraren bidez, konparazione. Tamalez, oraingo tragediak ere islatzen ditu. Kanpoko publikoari begira ere obratu dugu. Gernika-k deskubriarazten du euskal historia eta identitatea; zerk eraiki duen, ez bakarrik folklore koloretsuaren bidez, baita hau bezalako tragedien bidez ere».

Astra kulturgune autokudeatuak gerlaren albo kalteak erakusten ditu; horrek du Etxeberri musikaria markatu, Oier Plazari esker: «Memoria lanketa bat egin dute, Gernikan agitutakoa ez dadila sekula berriz gerta. Ihesa eta herri baten jakitate guzia ihes doalarik izugarria da. Migrazioak direnean... Asko gustatu zaigu gaurkotzea eta paralelismoak egitea; egun hartan gertatu zenaz bestalde, ikustea zer gertatzen den beste lekuetan ere, egun».

Astra proiektuak hunki du Harriaga ere, hartan ikusten baitio piezaren mezu nagusia: «Artea, musika, dantza, tradizioa, folkloreak mintza zaizkigu gure harremanez; lurrarekikoaz eta gure gorputzarekikoaz. Horrek digu ahalbidetzen bizi eta bizirautea: funtsezkoa da. Astra adibide ederra da: arma ekoizlea izatetik —suntsitze gune bat— kreazio gunea izatera pasatu baita; hori da hiriko irudi ederrenetarikoa, eta transmititu nahi duguna. Belaunaldi berriei itxaropena eman behar zaie sorkuntzaren bidez, berreraikuntza posible dela gogorarazi».

Zibel Ameztoi dantzaria ere norabide berean mintzatu da, historiaren beltza itzalpean kukutu gabe, kolore berria argitara ekarriz: «Zintzotasunean egindako dantza bat transmititu nahi dugu, klixeetatik kanpo. Geure Gernika, geure bizipenetik, euskaldun gisa eta gaur egunetik kontatunahi dugu. Mezua itxaropena da, eta geroa; guk dugulako egiten eta gu baikara. Gaur sekula baino gehiago behar dugu itxaropen hori. Ene ustez, jendeak emozio anitz sentituko du. Beren buruari galderak pausa diezazkiotela».

Etxeberrik ere piezaren emotibotasunaz ohartarazi du, musikak ere koloreztatuko baitu Gernika barreiatuaren grisa: «Gaia tragikoa da, doinuak diren ber. Kontrastea eman nahi genion, alde liluragarria. Gerlak emozio pizle dira. Iragana badoalarik, tanpez datozen emozioak islatu nahi izan ditugu musikarekin».

Historia etxeko begietatik kontatzeaz gain, obra gorpuztu dute kanpoko osagaiek ere. Euskal dantza tradizionalari, bertzeak bertze, Israel eta Herbehereetako manerak trozatu dizkio Harriagak, eta harritu du Bilaka konpainiako dantzarien «egokitzeko aiseriak»: «Idazketa eta lengoaia berrira murgildu dira, arazorik gabe. Oso lurtarrak eta instintiboak dira euskal dantzak; entrexanta eta dantza zaluekin; hala dira israeldarrak eta klasikoa ere. Goi gorputza ez da hainbertze lantzen hemen; Israelen bai. Baina ez da neholako poxelurik izan horretara heltzeko».

Ameztoik preziatu du kulturartekotasun hori: «Harriagaren lanak asko du energiatik. Ororen buru, aski hurbil da euskal dantzatik; organikoa eta formatik kanpo baita. Oinen mugimendu laster eta sekoak landu ditugu, bai gorputzaren gainekoa ere. Oso ezberdina eta interesgarria izan da, beste mundu batekoa».

Musikari, koreografo eta dantzarien arteko elkarlan hori joan-jin frankoren fruitua izan da. «Elkarlan ederraren bidegurutzea». Musikariak, adibidez, Bizkai aldeko albokaren melodietatik partitu dira usu, eta hortik «alde errepikakorra» erantsi diote, Gerin musikariaren lanarekin. Azken horrek «mila soinu» dakartzala azpimarratu du, irriz, Etxeberrik, eta horien bidez irudimena «handitzen» duela. Dantzan bezala, euskal errepertoriotik tiratu dute musikarekin, «herriarekin konexioak egin» eta giro ezberdinak sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.