KRITIKA. Haur eta gazte literatura

Elkartasuna helburu

egun euritsu eta loretsu batean
Liburuaren azala
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

'EGUN EURITSU ETA LORETSU BAT'

Idazlea: Carme Sole Vendrell. Ilustratzailea: Carme Sole Vendrell. Itzultzailea: Xabier Olaso. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

Antza denez Solé Vendrell-ek bakarka sinatu zuen lehen liburua da, 1984. urtean El nen del paraigua izenarekin argitaratua. Mugarri bat, beraz, hain estimatua eta goraipatua den sortzaile honen obran.

Albuma irudi bidezko narrazio poetikoa da. Zehazki, letraz idatzitako testu bakarrak ipuinen sarrerako eta amaierako formulak dira, tartean dagoen kontakizuna oso-osorik irudi bidez kontatzen baitzaigu: «Behin batez, egun euritsu eta loretsu batean, bazen euritako handia zuen haur txiki bat», esaerarekin hasten da ipuina, eta «hala bazan edo ez bazan...», formularekin amaitzen.

Liburua esku artean duen edonork daki hau, baina askori ahaztu egiten zaie album ilustratuetan irudiak «irakurri» egin behar direla, eta komeni da azpimarratzea: Irudi bidezko narrazioetan irakurketa grafikoa egin behar da kontakizunaz jabetzeko. Irudiak ez dira apaingarri hutsa, baizik eta interpretatu beharreko elementuak, eta inor ez da jaio gaitasun horrekin, irudiak interpretatzen ikasi egiten da.

Zorionez album hau bezalakoak ditugu, lehen urratsak modu eraginkor eta atseginean egiteko. Ikus dezagun:

Bat. Irudien irakurketan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzearren, ez dago irudirik narrazioan parte hartzen ez duenik. Apaingarririk ez, beraz.

Bi. Ilustrazio guztiak orri-bikoetan antolatuta daude, eta badute ezaugarri bat komikietatik hartua dirudiena: sekuentziazio bat dago ezkerretik eskuinera doana, irudia bi pausotako irakur-eremu bihurtzen duena, «orain-gero» moduko zerbait. Ezkerrekoan, «orain» gertatzen ari dena erakusten zaigu, eta eskuinekoan, berehalakoan gertatuko dena, «gero» hurbila. Azpimarratu behar da ezkerreko eta eskuineko bi orrialdeen artean ilustrazio bakarra osatzen dutela, eta ez dagoela goragoko irakurketa maila eskatuko lukeen kontraesan bisualik, aktoreak eta ekintzak ez direlako errepikatzen. Zakilixuten zintak irakurrita zertaz ari naizen argiago ulertuko duzuela iruditzen zait.

Hiru. Pertsonaia nagusiak bere burua aterki baten azpian ezkutatzen du, eta testuak «haur txiki bat» dela argitzen digu. Aurpegi ezak sortutako adierazpen hutsunea konpentsatzeko, bere inguruan txori txiki bat eta untxi bat dabiltza, herabetasuna, arintasuna eta abegikortasuna bezalako ezaugarriak eransten. Beste elementu garrantzitsua loreak dira. Loreak bakearen eta senidetasunaren printzipioei lotzen zaizkie, batik bat oparitzeko erabiltzen direnean, protagonistak egiten duen legez. Gainera, ulertu behar da euriak eta zeru goibelak tristura sinbolizatzen duten bezala, loreak antidotoa direla, eta euren eraginez jendetasuna pizten dela. Eginbehar garrantzitsu hauek edukita loreak liburu honen esentzia biltzen duela pentsatzea ez zait gehiegikeria iruditzen.

Gehiegikeria ez dirudien bezala klase-aldarrikapen oinarrizkoena den elkartasun soziala bikainki defendatzen duen albuma dela esateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.