Elkarri lotutako errealitateak

Edurne Azkarate eta Itziar Ituño sorkuntzaz eta feminismoaz aritu dira hizketan Bira kulturgunean, 'Urdin elektrikoa' solasaldian. June Fernandez izan da saioaren gidaria.

Edurne Azkarate eta Itziar Ituño, astearte iluntzean, Bilboko Bira kulturgunean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Bilboko Bira kulturguneko bozgorailuetan Irati filmeko soinu banda entzuten dela igo dira oholtza gainera Itziar Ituño eta Edurne Azkarate. Bi aktoreek Paul Urkijoren pelikula horretan ezagutu zuten elkar, eta, orduko eztanda pixka bat baretu dela aprobetxatuz, berriro ere elkartu dira astearte iluntzean, Urdin elektrikoa solasaldian. June Fernandez kazetaria aritu da gidari lanetan, eta publikoa gustura,bien arteko bizipenak entzuten. Pikara Magazine-k eta Birak elkarlanean antolatzen dute proiektua, eta feminismoa da saio guztien ardatza.

Bien arteko elkarrizketari hasiera emateko, bi aktoreak aurkeztu ditu Fernandezek. Ituño izan da lehenengoa. Aktorea Goenkale eta La casa de papel telesailetan aritu da, besteak beste, eta horietako bakoitzean interpretatu izan dituen rol feministen inguruan galdetu dio kazetariak.«Emakume naizen heinean, eta feminista naizen heinean, halako gaiak nigana datozenean ez dut zalantzarik izaten», erantzun du Ituñok, eta gaineratu: «Niretzat interesgarriak diren istorioak kontatzea da nire helburua, eta horretan nabil. Telesail txiki batek asko esan dezake. Garrantzitsua da non inplikatu».

Azkarate betidanik ibili izan da antzerkigintzan, eta Irati izan da egin duen lehen filma: «Zinemari dagokionez, behatz potoloarekin ukitu izanaren sentsazioa daukat. Asko ikasi dut, baina oso mundu hauskorra da, eta ez dakit hemendik aurrera zer gertatuko den. Simulakro bat bezalakoa izan da, eta oraindik ez dut ikusi nola tratatuko nauen». Ituñok ere sentsazio bera izan zuen Loreak filma amaitutakoan: «Filmak sekulako boom-a izan zuen, baina, eztanda amaitu, eta langabezian igaro nuen hurrengo urtea. Norberak berrasmatu behar izaten du. Ni ipuin kontalari aritu nintzen eskolaz eskola».

Ikusgaitasuna ere izan dute hizpide bi aktoreek. «Nik orain irudipena dut leku guztietan nagoela, baina gero Itziar ikusten dut, eta lasaitu egiten naiz», Azkaratek. Barre egin du publikoak, baina serio jarraitu du gero: «Indartsu egon behar duzu hemen egoteko».

Emakumeen artean borrokatu baino gehiago autoritatea partekatu behar dela esan zuen saioetako batean Ines Osinagak, eta, hain zuzen, horri heldu diote hurrengo galderan: batak bestearen aurkezpena egin behar izan du. Ituño hasi da: «Edurne ahots fina duen neska bat da, baina oso indartsua». Irati-ren filmaketan egun gutxitan aritu ziren elkarrekin, baina denbora laburrean lortu zuten konexioa nabarmendu du aktoreak. Mariren pertsonaia interpretatu zuen Ituñok, eta Irati izan zen Azkarate. «Performancea egingo dugu», esan du Azkaratek. Eserlekutik altxa, eta Ituñoren oinetan eseri da, Ituñok ilea orrazten dion bitartean. Azkarateren txanda izan da gero: «Borroka txikien eta kolektibo zaurgarrien defendatzailea eta maitalea da Itziar. Maitasunetik, sentimendutik eta egiatik lan egiten du».

Filmeko pertsonaia bakoitzaren lanketa ere aztertu nahi izan dute. «Nik, lehenengo eta behin, crossfit-ean eman nuen izena», esan du Azkaratek. Barrez lehertu da publikoa, eta segidan eman du azalpena: «Beharra nuen gorputzera eta psikologiara ekartzeko filmaketa prozesuak ekarriko zuena». Gerora, pertsonaia lurrera ekartzea izan da haren helburu nagusia: «Pentsatzen nuen pertsonaiari gehiegi ematen banion suntsitu egin nezakeela». Ituñoren hitzetan, «opari bat» izan zen Mariren pertsonaia interpretatzea, baina nondik hasi?: «Pila bat landu nuen testua, baina ez dakizu ondo nola interpretatu. Ez daukazu jantzirik, eta halako gauzek laguntzen dute pertsonaia osatzen. Pertsonaian sartu nintzela konturatu nintzen gorputz osoa hennaz tatuatu zidatenean: jainkosa bat nintzen!». «Itziar Mari da. Ez da pertsonaiatik irten», gaineratu du, barrez, Azkaratek. Filma ikuspegi feminista batetik landu izana ere gaineratu du aktoreak: «Alde horretatik, kontuz ibiltzen ginen; harreman horizontal bat eraiki nahi izan genuen: elkar lagunduz, baina pasatu gabe. Paulek une oro onartzen zituen gure berrikusketak».

Halaber, filmean erabilitako euskarak ere eman zuen zeresana. Horren harira, gainera, polemika piztu zen Azkaraterekin duela hilabete batzuk. «Benetan elkarrizketa hori aipatuko duzu?», esan du aktoreak. Hala Bedi irratian egindako elkarrizketaz ari da. Jendea «bigarren mailako euskaldun» izateaz «nazkatu» egiten dela esan zuen bertan, eta adierazpen horrek hautsak harrotu zituen Twitterren. Ituñok ere bizi izan zuen polemikaren erdian egote hori. Euskal presoen eskubideak bermatzearen alde agertu zen bideo batean, eta La casa de papel telesaila boikotatzeko deia egin zuten: «Ateak itxi egiten zaizkizu; proiektu asko geratzen dira bertan behera bat-batean; baina, trukean, maitasun pila bat jaso nuen Euskal Herritik. Halako boikot potente baten ostean, ukituta geratzen zara, baina, haiek nahi dutena egiten baduzu, ez zoaz aurrera».

Antzerkian ere bai

Solasaldiaren amaieran, antzerkigintza arnasgune bat ote den galdetu die Fernandezek bi aktoreei. Ituñok nabarmendu du «sekulako lana» dela: «Ezberdina da: zuzenekoa da, behin gertatzen da, eta magia hori dauka, baina, era berean, era prekarioan bizitzera kondenatzen zaitu». Azkaraterentzat, «leku aske bat» da antzerkia: «Zinema munduan edo ikus-entzunezkoetan ez dudan ahalmena ematen dit antzerkiak: neure buruaren zuzendari izateko aukera. Antzerkia leku aske bat da niretzat. Prekarioa izango da, eta lan gehiago eskatuko dit, baina funtsezkoa da niretzat leku hori mantentzea».

Saioa borobiltzeko, Ituñok Joseba Sarrionandiaren Kiromantzidxa olerkia irakurri du ahots gora. Txalo eta txistu artean, pozik irten da publikoa Biratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.