Esperimentatzeko laborategia eratzea. Kozinatzeko labea sortzea. Helburu horrekin abiatu zuten LAB-a proiektua Azala sormen guneak eta Vital fundazioak, Arabako kultura eta gizarte eragileen sormen ideiak eta horien kudeaketa modu berriak bultzatzeko, alegia. Eragile horiei laguntzea eta egitura hobeak eskaintzea du xede. «Ekintzailetzarako, autoikaskuntzarako, elkarri laguntzeko eta batera sortzeko espazio bat izango da», ziurtatu du Idoia Zabaleta Azalako zuzendariak. Dagoeneko sei mintegi egin dituzte joan den urte hasieratik gaurdaino, eta aurten ere hainbat bilkura egingo dituzte. Zabaletak iragarri duenez, irailerako antolatu dute hurrengoa.
Guztira, zortzi erakundek hartzen dute parte proiektuan: Gaztefilmfestek, Inspirate elkarte soziokulturalak, Lazarraga kultura elkarteak, Pez Limbok, Thusia Kooperatiba Elkarte Txikiak, Baratza aretoak, Garaionek eta Bitartean Jolasean elkarteak. Zabaletak nabarmendu duenez, «ekosistema beraren parte dira guztiak», eta azken bi urteotan batera aritu dira beren proiektuak elkarrekin partekatzen. «Batak bestearen proiektua babesten du, elkarri lagunduz. Proiektuaren egilearentzat askotan zaila izan daitekeen analisi kritikoa egiten laguntzen dio besteak. Elkarri laguntzea dugu xede. Argi daukagu nire adiskidearen proiektuaren arrakasta nire arrakasta ere badela».
Proiektu berritzaile gisa definitu du Azalako zuzendariakLAB-a; izan ere, oraindik erregistratu gabeko «metodologia berri bat» jarri dute praktikan; laster erregistratuko dutela iragarri du. «Guztion artean aliantzak sortzeko eta kulturaren esparruan hausnarketa prozesuak irekitzeko aukera ematen digu».
Hain zuzen, horregatik erabaki zuen Vital fundazioak proiektua babestea, Arantxa Ibañez de Opakua fundazioko zuzendariak azaldu duenez. Sortzeko moduak berritu behar zirela konturatu ziren sortzaileak. «Berritzeko behar bat antzeman genuen», azaldu du zuzendariak. Era berean, babesten jarraituko duten proiektu bat dela ziurtatu du, «oraindik ez baita amaitu».
Adituak gonbidatu
2021ean egindako sei mintegien ondoren, beste lau topaketa antolatuko dituzte aurten, eta mintegien helburuak zeintzuk izango diren azaldu dute sustatzaileek: «Proiektu bakoitza finkatzea, kristalezko sabaiak identifikatzea eta kultura hedatzeko modu berriak planteatzea da gure asmoa».
Horregatik, helburu horiek lortzeko, hainbat alorretan aditu diren pertsonak gonbidatuko dituzte mintegietara: Jordi Claramonte filosofiako doktorea, Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendari ohia eta Idoia Zabaleta koreografoa, besteak beste.
Elkarrekin sortzeko gunea
Azalak eta Vital fundazioak LAB-a aurkeztu dute, kultur sortzaileak elkarrekin aritzeko proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu