Musika

Elkarrekin kantatzearen plazera

Hirugarrenez, euskarazko kantagintzari buruzko Kanterri ikastaroa egingo dute bihar, Oiartzunen. Mari Luz Estebanek, Josu Aurrekoetxeak eta Unai Elorriagak, eta Ahots Hutsez nahiz JunTaJo taldeek osatu dute aurtengo egitaraua.

Maite Larburuk saio praktikoa eman zuen iaz, Kanterrin.  JON URBE / FOKU
Maite Larburuk saio praktikoa eman zuen iaz, Kanterrin. JON URBE / FOKU
Garazi Karrera
2024ko uztailaren 9a
05:05
Entzun

Euskaldunen historian ahots hutsez eta taldean kantatzeko izan den ohitura aztertuko dute aurtengo Kanterri jardunaldian. Mari Luz Estebanek, Josu Aurrekoetxeak, Unai Elorriagak eta Ahots Hutsez zein JunTaJo taldeko kideek hartuko dute parte Oiartzungo (Gipuzkoa) ikastaroan, bihar. Ahotseneak, Bizardia kultur elkarteak, Soinueneak eta Oiartzungo Udalak antolatu dute egitasmoa, hirugarrenez.

Lan ildo nagusiak euskarazko musikaren eta literaturaren arteko harremana aztertzea, kantagintzaren ekarpen historikoaz gogoeta egitea, hitzak sortzen trebatzea eta transmisiorako baliabideak zein grina zabaltzea dira. Horiek horrela, 09:30ean hasita, kantugintzaren alderdi antropologikoa aztertuko du Mari Luz Estebanek, Donostiako Kantu Jira. Plazera, identitatea eta erresistentzia izenburupean. Josu Aurrekoetxeak eta Unai Elorriagak kantagintzaren ahoz ahoko transmisioari erreparatuko diote Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia ikuskizunean, 12:00etan. Arratsaldean kantatzeko ordua izango da: 16:00etan Ahots Hutsez taldeak hartuko du plaza, eta 19:00etan JunTaJo taldeak.

Gotzon Barandiaran komunikazio arduradunak adierazi duenez, aurten egun bakarreko jardunaldia antolatu dute, ikastaroa «trinkotu» nahi izan dutelako. «Euskal kantagintzari buruz hausnartzeko eta proposamenak biltzeko elkargunea da Kanterri, eta, oraingoz ikastaroa egiten dugun arren, etorkizunean ez dugu baztertzen bestelako formatuetan aritzea». Jardunaldia teorikoa nahiz praktikoa izango da, «inoiz baino gehiago» abestuko dutela azaldu baitu komunikazio arduradunak.

Aurreko bi aldiak

Euskarazko kantagintza «ertz guztietatik» ikertu nahi dutela adierazi du Barandiaranek, eta azken bi urteetan egindakoak gogorarazi ditu. «Azken bi urteetan kantagintzaren historiari eta orainari eman diogu garrantzia; XXI. mendea izan genuen mintzagai, eta hori aletzen saiatu ginen». Horrez gain, kanten sortze-prozesua ere aztertu zuten, musikariak gonbidatuz. Alderdi linguistikoari ere erreparatu zioten, baita hezkuntzan izan dezakeen garrantziari eta potentzialitateari ere.

Hirugarren aldi honetan, euskaldunek elkarrekin kantatzeko duten ohitura aztertu nahi dute, eta euskaldun komunitatean kantugintzak duen eragina behatu. Horregatik, «kantuzalea» den orori egin die gonbita komunikazio arduradunak: «Ez da musikari edo kantugile profesionala izan behar, horiek ere gonbidatuta daude, noski, baina euskaraz kantatzea gustuko duen horientzat pentsatutako ikastaroa da».

Kanterri hirugarren aldia
Kanterri jardunaldiaren hirugarren aldiaren egitaraua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.